Arequipa
Peruko hegoaldeko hiria. Hego Andeetako oasis batean kokatua (2.300 m itsasoz gainetik), izen bereko departamenduko hiriburua da eta Peruko hirugarren hiria. 447.431 biztanle (1981). Unibertsitatea. Artzapezpikutegia. Merkataritza gune garrantzitsua. Ehungintza eta janari industria. Departamenduak 63.527 km2 eta 706.580 biztanle ditu.
v Historia. Espainiarrek sortua (Manuel de Carvajal, 1540), Arequipa izugarri hazi zen Potosíko zilar meatzeak aurkitu zirenetik, haien itsasorako bidearen erdian izaki. XIX. mendearen bukaera arte bakartu samar egon delarik, arkitektura kolonialeko eraikuntza asko gorde ditu. Hiru lurrikara handi jasan ditu (1868, 1958 eta 1960).