Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Areilza, José María de

Espainiako politikaria (Portugalete, 1909). Ingeniari eta legegizona, Mutrikuko kondesarekin ezkondua. Gaztetan, Castiellarekin batean Juventud Monárquica de Vizcaya delakoa sortu zuen eta Errepublikaren aurka jardun. Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista (JONS) delakoaren kidea, jokabide erabakiorra izan zuen bere taldearen eta Falange Española delakoaren elkarketan. 1936ko altxamendu militarraren prestaketan esku hartu zuen, Bilbon Mola jeneralarentzat bitartekotza lanak eginez. Gerraondoko Bilboko lehen alkatea (1937-1938) eta industria zuzendari nagusia (1938-1940). Argentinan enbaxadorea (1947-1951), Espainia eta Estatu Batuen arteko akordioak prestatu zituen. AEBen enbaxadorea (1954-1960) eta ondoren Frantzian (1960-1964). Don Juan, Bartzelonako kondearen aholkularitza pribatuko idazkaria 1969ra bitartean, urte horretan Joan Karlos printzea Francoren ondorengo izendatu baitzuten. Kanpo Arazoetako ministroa Joan Karlos I.aren lehen gobernuan (1975-1976). Bere burua liberaltzat aldarrikatu eta Unión de Centro Democrático (UCD) eta Alianza Popular (AP) artean kokatu zen, Acción Ciudadana Liberal alderdiko lehendakari gisa. Prentsan artikulu ugari idazteaz gain, zenbait libururen egile ere bada, horien artean: Reivindicaciones de España (1941), F. Castiellarekin lankidetzan, Francisco Franco saria bildu zuena; Embajadores sobre España (1947); Diario de un ministro de la monarquía (1977); Cuadernos de la transición (1983). 1981ean Europako Kontseiluko batzorde parlamentarioaren buru izendatu zuten; horixe izan zuen politikagintzari eta diplomaziari emandako bizitzan izan zuen azkeneko kargua.