Aoiz, Floren
Nafar politikaria (Tafalla, 1967). Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kidea. Jarrai erakundeko kide eta buruzagi izan ondoren, 1992an heldu zen lehenengo aldiz Herri Batasunaren zuzendaritzara, eta taldearen bozeramaile bilakatu zen. Nafarroako Foru Parlamentuko kide ere bazen 1997an, Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide izanik, gainerako mahaikideekin batera kartzelatu zutenean, Espainiako Auzitegi Gorenak urte hartako azaroan emandako epai baten arabera. Herri Batasunak hauteskunde kanpaina batean zegozkion publizatate tarteak ETAri uztea erakunde armatuarekiko lankidetza zela ebatziz, zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten mahaikide bakoitzari. 1999ko uztailean Auzitegi Konstituzionalak ontzat hartu zituen kartzelatuen errekurtsoak eta, Auzitegi Gorenaren sententzia bertan behera gelditu ondoren, aske gelditu ziren Floren Aoiz eta gainerako mahaikideak. 2000. urtean berriz hautatu zuten Herri Batasunako Mahai Nazionaleko izan zedin.