Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ansorena Miranda, José Luis

Gipuzkoar elizgizon eta musikalaria (Donostia, 1928). 1953an apaiztu zen eta biziro ekin zion abesbatzen inguruko jarduerari, bai abesbatzen zuzendaritzan bai musika korala egiten. Abesbatzak sortu zituen Iruñean, Zaragozan eta Errenterian. Herri horretan Andra Mari Abesbatza sortu zuen 1966an, Haurren Koroa 1968an eta Oiñarri Gazteen Koroa 1976an. Agur omenaldia jaso zuen 1994an, Andra Mari Abesbatzaren zuzendaritza utzi zuenean. Musikaste, Euskal Musikarien Astea, sortu zuen 1973an Errenterian, eta gaur ere haren zuzendari teknikoa izaten jarraitzen du. Errenteriako Fatimako Andre Mariaren parrokiako organo jotzailea da eta lan handia egiten du hizlari eta musikologo gisa. Eusko Ikaskuntzako Musika Saileko lehendakaria izan zen 1978tik 1980ra eta 1987tik 1988ra. Liburu eta artikulu asko idatzi du. Hona hemen nabarmenenak: Musikaste 25 urte (1997) eta Errenteriako Andra Mari Abesbatza (1966-1991) (1991).