Anikulapo-Kuti, Fela
(Jaiotza izena, Fela Ransome-Kuti). Nigeriar abeslaria, saxofoi eta piano jotzailea (Abeokuta, Ogun estatua, 1938 - Ikeja, Lagos, 1997). Erregimen militarren kontra agertu zen. Lagosko Cool Cats taldeko abeslari izan zen oso gaztetan eta ondoren, 1961ean, Londresko Trinity College of Music eskolan zegoela Koola Lobitos taldea sortu zuen. Han jazz musikariak ezagutu zituen, Miles Davis besteak beste. Handik bi urtera Nigeriara itzuli zen. Pentsaurreko batean adierazi zuen musika berri bat asmatu zuela: afrobeat izena eman zion. 1968-1969 urteetan bira bat egin zuen Kalifornian barrena eta Malcolm X-en biografia bat irakurri ondoren politikan sartu zen. 1971n Lagosera itzuli zen eta han bere taldeari izena aldatu zion, eta Africa 70 jarri zion. Bere jabetzako eremuan errepublika bat bihurtu zuen. Jabetza hura auzo herritar batean zegoen eta berehala hasi zen agintarien eta militarren jokabidea salatzen. 1974an gudarostea Anikulaporen errepublikan sartu zen; Anikulaporen ama hil zuten eta Anikulapo bera zauritu egin zuten. 1979an alderdi politiko bat sortu zuen, Herriaren higikundea. Musika taldearekin batera Egipton barrena itzuli bat egin ondoren Egypt 80 izena jarri zioten taldeari. 1984-1986 urteen bitartean espetxean egon zen, eta kaleratu zutenean aginpidearen eta militarren kontra jarraitu zuen lanean.
- anhidrido
- anhidrido
- anhidrita
- Hanibal
- Anie, Pic d’
- Anikulapo-Kuti, Fela
- anil
- anilina
- anima
- animalia
- animatu, anima, animatzen