Ande Mendiak
Hego Ameriketako mendebaldea iparretik hegoaldera zeharkatzen duen mendilerro multzo bolkaniko handia. Munduko mendilerrorik luzeena da; kontinentearen herena hartzen du, estatu hauek hartuz: Kolonbia, Ekuador, Peru, Bolivia, Argentina eta Txile. 8.000 km luze. Bolivian hartzen dute Andeek zabalera handiena (400-500 km). Hiru mendilerro nagusitan banatzen da multzo osoa: Iparraldeko Andeak, Erdialdekoak, eta Hegoaldekoak. Iparraldekoetan Chimborazo (6.267m) eta Cotopaxi (5.897m) sumendiak nabarmentzen dira. Erdialdeko Andeetan goi ordokiak ageri dira (altiplanos), 4.000 m-tako garaiera dutenak, batez beste. Altiplano nagusia Boliviakoa da; bertan daude Titikaka eta Poopó aintzirak. Hegoaldeko Andeetan dago Ameriketako gailur garaiena (Aconcagua, 6.959 m), Santiago de Txileren iparraldean.
v Klima. Latitude, garaiera eta malden orientabidearen arabera betiere, klima ekuatorialetik epelerako aukera guztiak ageri dira Ande mendietan. Euriak urri dira Ozeano Barearen aldeetan eta Ande handien lurraldetan (Ande idorrak) eta ugariak ekialdean, Atlantikoaren haizeen eraginez (Ande hezeak). Ande mendiondoak idorrak dira. Ur laster ugari eta uholdetsuak Ozeano Barera jaisten dira mendebaldean, eta Marañon nahiz Apurimac bezalako ibai handiek hornitzen dute ekialdea.
v Biztanleria eta ekonomia. Demografiaren aldetik, Ande tropikalak dira Hego Ameriketako biztanle gune zaharrena eta inken inperioaren hedagunea (XIII. m.). Egun, nekazari jendeak hirietara jotzen badu ere, jendeztatze dentsitatea garai samarra da nekazaritzako lurralde emankorretan (erdialdeko Andeetan nagusiki). Lur lantzeak lurralde tropikal eta epelei dagozkienak dira: azukre kanabera mendi ondoetan, kafea (Kolonbia), fruituak eta mahastiak eguteretan (Mendoza, Argentina), laboreak eta patata goi-lurraldeetan. Abeltzaintza (ardi eta behi azienda) Punako goi ordokietan eta goi arroetan. Mazeletan ageri diren basoek quebracho, hevea eta balsa direlakoak ematen dituzte. Altiplano delakoan mea aberastasun handiak daude (eztainua, kobrea, beruna eta zinka) eta iparrean zein hegoaldean petrolio hobi ugari aurki daitezke, Argentinan bereziki. Aberastasun hauek ez dira, alabaina, ia ustiatu, eta orobat gertatzen da ur baliabideekin. Nekazaritza teknikak zaharrak dira oso, komunikabideak gutxi eta kaxkarrak. Txiletik abiatuta Andeak igaroz Argentina eta Perura heltzen diren lau bideak izan ezik, ekialderako igarobidea 3.000 m garai diren ataketan barrena igarotzen da. Hegoaldean ez da igarotzeko moduko mendilepo bakar bat ere. Ande estatuetako hainbat hiriburu 2.500 m-tik gora dago (Bogotá, Quito, La Paz).