Amundsen, Roald
Norvegiar esploratzailea (Borge, Østfold, 1872 - Artikoa, 1928). Antartikan, De Gerlacheren biraldian parte hartu ondoan (1897-1898), Gløa 47 tonatako ontzia erosi eta Norvegiatik abiaturik (1903ko ekainaren 17), Groenlandiako kostaldea kurritu, Barrow eta Lancaster itsasarteak zeharkatu eta Gilen Erregearen Lurrera iritsi zen. Bertan eman zituen bi urte. Dease itsasartea igaro ondoan Alaskako itsasertzean egokitu zen eta 1905-1906ko negua bertan eman zuen. 1906. urtean iritsi zen Bering itsasartera. 1911. urtean Antartikarako biraldia antolatu zuen, eta bera izan zen Hegoburura heldu zen lehena, Scott baino hilabete lehenago. Hegazkin istripu batean hil zen, Iparraldeko Lurburu aldean, Nobile italiarrari laguntza ematera abiatu zen batean (1928).