Amsterdam
(«Amstel gaineko dikea») Holandako hiri eta itsas portua, bertako hiriburu politikoa —administrazio hiriburua Haga da—, Ijselmeer, Amstel ibaien eta Ipar Itsasoko kanalaren gainean eraikia. 679.140 biztanle (1986an), 938.920 biztanle, aldiriak barne. Ehun uharte txikiren gainean egituratua, Europako arte eta turismo hiri garrantzitsuenetakoa da Amsterdam («Iparraldeko Venezia»). Monumentu ugari: J. van Campen errege jauregia (XVII. m.), Nieuwe Kerk (XV-XVII. m.), Oudekerk gotikoa eta errenazimentuko, XVI. mendeko udaletxea, sinagoga portugaldarra (1675). Hiri historikoaren hegoaldean garatu dira Amstelveen bezalako (68.909 biztanle) egoitz auzo dotoreak. Unibertsitatea, liburutegi garrantzitsua, argitaletxeak. Museo ugari: Rijskmuseum, Rembrandten etxea, Arte Modernoaren Museoa. Administrazio eta banka gunea. v Portua Holandako bigarrena da, Rotterdamgoaren ondoren. Amsterdam garrantzi handiko industrigunea da: itsasontzigintza, garagardogintza, kimika, mekanika eta elektronika industria, ehungintza; diamante lantzea. Nazioarteko aireportua (Schipol). v Historia. Arrantzale herria XII. mendean, Hansa ligan sartu eta berehala merkataritzagune garrantzitsua bihurtu zen (1369). XVII. mendean, egun guztiz oparoak izan zituen Amsterdamek Ekialdeko Indietako Konpainia (1602) eta Amsterdameko Bankua (1609) sortu ondoan. Indietako Konpainiak bultzatu eta eraiki zuen Nieuw Amsterdam Ipar Ameriketako hiria (1621), gerora New York izango zena hain zuzen. Anberes hiriaren gainbeherak eta Espainiako judu nahiz protestante edota Frantziako hugonoteen etorrerak hiriko oparotasuna areagotu baizik ez zuten egin. Azken Mundu Gerran naziek desagerrarazi zuten bertako kolonia judua. ■ Amsterdamgo Ituna (1997ko urriak 2). Europar Batasuneko gobernuarteko bilkuraren ondoren (1996ko martxoa-1997ko ekaina) izenpetu zen ituna, estatu kideek berretsia izan ondoren 1999ko maiatzaren 1ean indarrean jarri zena. Itun honek Maastrichtekoa zuzentzen eta osatzen du: zenbait zuzenketa tekniko egin dizkio Europar Batasunaren jardunbideari, epailetza eta polizia espazio komun bat abian jarri du, eta atzerri eta segurtasun politika bateratu baten egitasmoa zehaztu.