Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

amets

iz. Lotan, irudimenak sortzen duen irudia. || Irud. Itzarrik eratzen den irudipena, desira biziak eragina bereziki. || Amets egin. Zurekin amets egin dut. || Ametsetan. adlag. Amets egiten. || Amets izan. Askatasuna dute amets.  v  Pertsona esna dagoela ere azal daitezke ametsak. Ameskeria izenez da ezaguna fenomeno hori. ik. ameskeria. Antzinatik aztertu izan dira ametsak. Ametsei buruz eman ziren lehen azalpenetan, deabruen edo jainkoen mezulari bezala hartzen ziren, horiek gizonaren ariman sartzen baitira berriren bat edo igarkizunen bat emateko. Aristoteles eta Platon izan ziren, gaur egungo usteekin bat datozen ideia batzuk azaldu zituzten lehenak. Dena dela, Sigmund Freud izan zen ametsak zientziaren ikuspegitik aztertu eta horiei buruzko teoria oso bat eman zuen lehena. Psikologiaren alor garrantzitsu bilakatu da gaur egun ametsen azterketa. Azterketa horretan esperientzia da oinarrizko gaia, eta amesgilearen oroitzapenak noski, ametsak ezin baitira zuzenean ikusi. Aztertu behar den gauzakia ondo ezagutu behar da. Ametsek ez dute errealitatearekin harreman zuzenik, beraz, sinbolismo orokorra baino ez dagoenez, ameslariarengan hartu behar da oinarria, oso desberdinak izaten baitira bakoitzaren bizipenak eta haiek ametsetan duten isla. Gauza askok eragin ditzakete ametsak, egunean zeharreko gertakizunek, sentsazioek… Psikoanalistek ematen duten definizioaren arabera, subjektua atsedenean dagoela gertatzen diren fenomeno psikologikoak dira ametsak. Fenomeno horien bidez, bere moralak uzten ez diolako beste era batera askatu ezin dituen emozioak askatzen ditu subjektuak, bai emozio horiek agerian azalduz bai sinbolismoen bidez mozorrotu eta estalita. Horrela denean, psikologiaren ikuspegitik aztertu behar dira sinboloak, eta era horretara ezagutu ahal izango dira subjektuak ezkutuan dauzkan nahiak, gaitzak… Psikoanalisten ustez, modu honetan, ametsen gaiak ondo aztertuz eta subjektuari azalduz, konpon daitezke haren arazoak. Gaur egungo psikoanalista asko Freuden teorian oinarritzen dira, oro har, baina nahiko baztertuta geratu dira Freudek finkatu zituen sinbolismoak eta haren ustez sinboloek zituzten esanahi zurrun moldaezinak.