Allouache, Merzak
Aljeriar zinema zuzendaria (Aljer, 1944). Aljerren eta Parisen ikasi zuen, eta denboraldi batean Frantziako ORTF telebista erakundeko hainbat administrazio kargutan lan egin zuen, bere herrialdera itzuli baino lehen. Molde instituzionaleko dokumental batzuk (besteak beste, Al-buhali, 1967; Les plages, 1968; eta Nous et la révolution agraire, 1973, film laburrak) egin ostean, zinema profesionalean hasita, berehala zuzendu zuen bere lehen filma, Omar Gatlato (1976), Aljeriako zinema berriaren eta, oro har, zinema arabiarrean ernatzen ari ziren joera berritzaileen mugarria, umore garratza ezaugarritzat duen filma. Hurrengoak, Mughamarat batal, Godarden eragin nabarmena du. Hurrengo filmean (1929, Rayulun wa nafafiz) liburuzain apal batek jasaten duen erotasunari buruzko deskribapen bikaina egiten du. Magrebeko bikote gazte batek Frantzian dituen errealitate eta itxaropenei buruzko Un amour à Paris filmak hasierako Allouache ironikoa itzultzen digu berriro, baina oso emaitza eskasarekin. Bab El-Oued City eta Kaixo, lehengusu! filmek, aldiz, 1990eko hamarkadako Aljeriari buruzko diptiko bikaina osatzen dute. Fikziozko bere azken film luzea Alger-Beyrouth, pour mémoire izenekoa da, eta bertan nabarmenki aurreikusteko moduan aztertzen du, berriki izandako hainbat eta hainbat iskanbilaren ondoren, gaur egungo mundu arabiarrean dagoen ezinegona.
- Allio, René
- Alliot Marie, Michelle
- Allison, Luther
- Allo
- Allotz
- Allouache, Merzak
- Alloz
- ama
- amabi
- amabisaba
- amabitxi