Alvarado, Pedro de
Espainiar konkistatzailea (Badajoz, 1485 - Guadalajara, Mexiko, 1541). Kubako konkistan esku hartu ondoren, Cortésen laguntzailerik leialenetako bat izan zen Mexikon. Cortés Narváezen aurka borrokatzera atera zenean (1520), Alvarado gelditu zen azteken hiriburuko agintari; matxinada prestatzen ari zelako susmoak hartuta izugarrizko zapalkuntza bideratu zuen. Beronen ondorioz, aztekak altxatu ziren; Cortés itzulirik, bien artean menderatu zituzten indiarrak, baina hiritik aldegitea erabaki zuten Gau Ilun famatuan (1520ko ekainaren 30a). Otumbako guduan eta Tenochtitlaneko setioan (1521) esku hartu zuen. 1523an Erdialdeko Amerikara abiatu zen, kitxe indiarren aurka borrokatuz eta Guatemala eta El Salvadorez jabetuz. 1526an Cortési lagundu zion zenbait gobernari altxatu zirenean. Espainiara itzulirik, Karlos V.ak Guatemalako gobernari izendatu zuen (1527). 1539an Hondurasen lehorreraturik, altxaturiko indiarren aurkako guduan hil zen.