Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

alkimia

iz. Isilpeko jakintza, eragiketa kimikoen bidez «filosofi harria» eta lortu nahi zituena. || Antzinako kimika. Alkimiaren hastapenak Egipton agertu ziren eta bertatik Greziara eta ondoren Erromara eta Inperioaren bitartez Europa osora zabaldu ziren. Parisko Liburutegi Nazionalean dauden eskuizkribuen arabera, Zosimo —«Filosofo jainkotiarra» goitizena zuena— izan zen alkimiaz hitz egin zuen lehen idazle grekoa, IV. mendean. Arabiarrek grekoengandik ikasi zuten, eta gaztetasuna mantentzeko edabea asmatzea zen bere xede nagusia. Horretarako era guztietako eragiketa kimikoak egin zituzten eta, edaria ez baina bestelako gaiak aurkitu zituzten, esaterako alkohola. Hanburgoko Brandt alkimistak adibidez, XVII. mendean, fosforoa deskubritu zuen, urrea aurkitzeko esperantzatan gernua destilatzen ari zelarik. Alkimiak garapen handia izan zuen Erdi Aroan, baina desberdintasun nahiko handia zegoen erdi arokoek eta antzinako egiptoarrek eta grekoek erabiltzen zituzten tekniken artean. XIII. mendean lau alkimista handi bizi izan ziren: Alberto Magno alemaniarra; Roger Bacon, ingelesa; Ramón Llull kataluniarra, eta Arnaldo de Vilanova, espainiarra. Alkimiaren unerik garaiena, nolanahi ere XV. mendea izan zen, eta orduko alkimisten artean, besteak beste, hauek aipa daitezke: George Ripley ingelesa, Basilio Valentín alemaniarra, Nicolas Flamel, Parisko Unibertsitatekoa eta Isaac holandarra. Alkimistek ez zuten inoiz filosofi harria aurkitu, ezta gaztetasunaren edabea asmatu ere, baina egin zituzten saioetan hainbat aurkikunde egin zituzten, adibidez: alkali hegazkorra, bismutoa, eterra, azido nitriko, sulfuriko eta fluorhidrikoa, alkoholaren destilazioa, etab.; baina aurkikunde guzti hauek nahiko ustekabean gertatzen ziren, eta pixkanaka alkimiak kimikari utzi zion tokia. Kimika eta alkimiaren arteko bereizketa, hasiera batean, ez zen erabatekoa izan, eta alkimisten hainbat baieztapen berresten zituzten kimikari handiak agertu ziren, esaterako Paracelso. Hala ere, alkimistak ez zuten kimikaren muga praktikoetara makurtu nahi izan eta laborategiak utzirik, espekulazio hermetikoa garatu zuten, hau da, alkimia, astrologia eta magia naturalaren azalpen filosofikoa bilatzeari ekin zioten. Azkenik, bazterturik, jendaurreko ospea galdu eta XIX. mendearen hasierarako guztiz desagertuak ziren.