Alkain, Javier
Gipuzkoar margolaria (Donostia, 1960). Abstrakzioa lantzen du, eta gehienbat itsasoaren inguruan jarduten du bere artelanetan. Naturarekin eta munduarekin gizakiok dugun harremana eta sortzen zaizkigun galderei erantzuten saiatzen da bere lanetan. Lehenengo bakarkako erakusketa 1994an egin zuen, Madrilgo Cruce erakustokian. 1996an eta 1999an Donostiako DV Galerian ere erakutsi zituen bere lanak. Talde erakusketei dagokienez, berriz, 1998an Gure Artea erakusketan eta Arco arte azokan erakutsi zuen bere lana eta, 1999an, Berlingo Art Forumen egon zen. 2000. urteko Gure Artea erakusketarako ere aukeratu zuten bere lana. Hainbat beka eta sari irabazi ditu: Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea eta Madrilgo Arte Ederren Zirkuluaren Propuesta 95 sariak 1995ean; Hondarribiko udalaren beka eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena 1997an; Gure Artea 1998an; Endesa Beka 1999an. 2000. urtean Eusko Jaurlaritzak banatzen duen Gure Artea deialdiko hiru sari nagusietako bat irabazi zuen, Memoria Lunar lanarekin, eta urte berean Valentzian ematen den Bancaja Pintura saria lortu zuen Escrito sobre el paisaje obrarekin.