Aliev, Heydar
edo Geidar. Azerbaijandar politikaria (Nakhitxevan, 1923 - 2003). 1945ean sartu zen Alderdi Komunistan. KGBren Akademian eta Azerbaijango Unibertsitatean ikasi zuen. Bizkor egin zuen gora, bai KGBn, bai Azerbaijango Alderdi Komunistan, bai Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistan (SBAK). Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistako buru izan zen luzaz, eta SBAKen batzorde zentraleko kide bihurtu zen 1971n. 1982an, SBAKen politburoko kide aukeratu zuten. Mikhail Gorbatxoven garaian, Alievek gogor egin zien haren erreformei, eta kendu egin zuten politburotik. Ilunbean jausi zen, baina 1990ean ekin zion politikari berriro, azerbaijandar abertzale gisa. Alderdi Komunista utzi, eta Nakhitxevan eskualdeko politikan murgildu zen. 1990eko ekainean, Elxibei Azerbaijango lehendakariak, matxinada bat ezin menderaturik, Alievi eskatu zion laguntza. Handik laster, ihesi joan zen Elxibei, eta Bakuko legebiltzarrak Aliev aukeratu zuen agintari goren. Urriko hauteskundeetan, Azerbaijango lehendakari postua eskuratu zuen Alievek. Errusiaren aliatu jarririk hasieratik, irailean elkartu zen Boris Jeltsinekin. Handik laster, Estatu Burujabeen Elkartean sartzea erabaki zuen Azerbaijanek.