Ali, Muhammad
(Jaiotza izena, Cassius Marcellus Clay). Estatubatuar boxeolaria (Louisville, Kentucky, 1942). Estatu Batuetako pisu astunen artean handienetakoa. Pertsonaia polemikoa, boxeatzeko trebetasunagatik bezain ezaguna izan zen bere nortasun sutsuagatik. “Ni naiz handiena” zuen ikurra. Bera izan zen pisu astunen titulua hiru aldiz irabazi zuen lehen boxeolaria. Musulman egin zen, eta orduan hartu zuen Muhammad Ali izena. Ameriketako beltzen eredu izan zen, eta desberdintasunaren aurka borrokatu zen. 1960. urtean egin zen profesional Erromako Olinpiar Jokoetan pisu arinen kategorian urrezko domina irabazi ondoren. 1964an, Sonny Liston garaituta, munduko txapeldun titulua eskuratu zuen pisu astunetan. 1967an, Vietnamgo gerraren garaian, uko egin zion soldadutzari kontzientzia eragozpena argudiatuz. Desertore izatea leporatuta, titulua kendu zioten. 1971. urtean Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen epaia, baina urte horretan bertan Joe Frazierren aurka galdu zuen txapeldun titulua; 1974. urtean George Foreman garaitu eta berreskuratu zuen Kinshashan (Zairen). 1978an Leon Spinksen aurka galdu zuen titulua berriro Las Vegasen (Nevadan) eta urte berean berreskuratu zuen, New Orleansen 15 roundeko borrokan, berriro ere Spinksen aurka. 1979an erretiratu zen. Bere teknikaz esan ohi zen tximeleta baten pare hegan egiten zuela, erle baten pare ziztatuz.