alano
iz. Kaspiar Itsasoaren inguruetan finkaturik zegoen herri irandarreko kidea. Partoen eta erromatarren aurka aritu ondoan, hunoen inbasioa pairatu behar izan zuen IV. mendearen bukaeran. Beren lurraldeetatik egotzirik, Galia inbaditu (406) eta batzuk, suebiarrekin eta bandaloekin batera, Iberiar Penintsulako lurretara igaro ziren, Walia errege bisigodoaren armadak suntsitu zituelarik. Bizirik iraun zutenek Afrika iparraldera jo zuten. Galian geratu zirenak, bestalde, herri gisa mende bat gehiago baizik ez zuten iraun.