Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Akitania

(Aquitaine) Frantzia hego-mendebaldeko lurraldea, Dordoina, Gironda, Landes, Lot eta Garona eta Pirinio Atlantikoak departamenduek osatua. 41.407 km2 eta 2.656.544 biztanle. Hiri nagusia, Bordele (650.000 biztanle hirigune osoan). Herrialde da nekazaria, gehienbat, industrialde garrantzitsuenak Bordele, Baiona eta Paue hiriguneetan daude. Frantsesek Akitania izena eransten diete hizkuntza eta kultura molde desberdinetako herriei, ia bereizkuntzarik egin gabe. Honenbestean, ipar euskaldunak eta hizkuntzaz latinoak (okzitaniarrak) diren beste herri batzuk (gaskoiak, biarnesak, girondarrak, etab.) nahasten dira gaur egun batez ere eskualde ekonomikotzat (Akitaniak zenbait administrazio ahalmenez gain, ez du bestelako aginpide politiko nahiz kultural berezirik) hartzen den multzo horretan. Azken honetan (1990), Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako Gobernua elkarrekiko lotura bereziak bultzatu nahian dabiltza Akitaniako Conseil Géneraux direlakoekin Hego Atlantikoko Ardatz Ekonomikoa osatzeko asmoz.