Agirre, Juan Bautista
Gipuzkoar idazlea (Asteasu, 1742 - Asteasu, 1823). Apaiz egin ondoren, bere herriko parrokoa izan zen bizitza guztian. Idazle honen berri, gauza gutxi dakigun arren, jakina da garaiko zenbait euskaltzalerekin harremanak izan zituela, hala nola J. A. Mogelekin. Hizkuntzaren maisu, «agian, 1880 urte aurreko gipuzkoar idazle zaharretarik onena» (Villasante). v Idazkiak: Confesioco eta Comunioco Sacramentuen gañean Eracusaldiac, lenvizico Comunioraco prestatu bear diran Aurrentzat, eta bidez Cristau acientzat ere bai, Tolosa, 1803. Kristaubide aski luze hau (400 orri) oso erabilia izan da Gipuzkoan, behin eta berriro argitaratua izan delarik. Agirreren bigarren liburuan haren sermoiak biltzen dira, beraien ondoren latinezko ohar ugari dakarrelarik. Hiru liburukik osatzen dute obra hau: 1) Jesu Cristoc bere Elizari utzi ciozcan zazpi Sacramentuen gañean Eracusaldiac; 2) Jaungoicoaren Legueco Amar Aguinteen gañean Eracusaldiac; c) Jesucristo eta Virgiña chit Santaren Misterioen, eta beste cembait gaucen gañean Eracusaldiac. Obra hau Tolosan argitaratu zen Agirre hil eta hogeita zazpi urtera, 1850ean. Obra biok gipuzkeraz idatziak dira, Goierri eta Beterriko hizkeretatik bietatik duen hizkuntzan.