Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Afrikar Kongresu Nazionala

Hegoafrikar erakunde politikoa, 1912. urtean sortua, Afrikako beltzen eskubide zibilak eta interesak babestuko zituen erakunde ez biolento gisa. 1940an Xuma izendatu zuten erakundearen buru eta kide gazteak bere ingurura erakartzen hasi zen. Gazte haiek, Mandela, Sisulu eta abarrek, Afrikako Kongresu Nazionalaren Gazteriaren Liga osatu zuten 1944an; haiek izan ziren erakundeko kide eraginkorrenetakoak. 1950eko hamarraldian, zurien gobernuak Apartheid politika ezarri eta berehala, Kongresuko kideak ugaritzen hasi ziren eta harrezkero apartheid politikaren aurkako tresna nagusia izan da sortu zenez geroztik. 1960 inguruan istilu larriak gertatu ziren Panafrikar Kongresuak (PN) deituriko manifestazioen ondoren, eta gobernuak erakunde politikoak debekatu zituen, besteak beste Panafrikar Kongresua eta Afrikako Kongresu Nazionala. 1961ean Afrikako Kongresu Nazionalak talde militar bat sortu zuen, Umkhonto we Sizwe (Nazioaren lantza), gobernuaren kontrako sabotajeak egiteko. 1990. urtea arte egon zen legez kanpo Afrikako Kongresu Nazionala eta bere kideek espetxean edo atzerrian jardun zuten, baina urte hartan De Klerkek onartu egin zituen AKN eta beltzen beste zenbait alderdi. Urte hartan bertan Mandela askatu zuten, 27 urte espetxean eman ondoren. 1993an Afrikako Kongresu Nazionala gobernuaren solaskide nagusia izan zen Hegoafrikar Errepublikara demokrazia alderdianitza ekarri zuten negoziazioetan, eta aginpidera heldu zen 1994ko hauteskundeetan; erakundearen buruzagia, Nelson Mandela, bihurtu zen errepublikako lehendakaria. 1997. urtetik aurrera Thabo Mbeki da erakunde honen lehendakaria. 1999. urteko hauteskundeetan garaile izan zen berriz ere.