aduana
iz. Administrazioaren adarra, atzerriko salgaiei ezartzen zaien zergaz arduratzen dena. || Aduana bulegoak dauden lekua edo etxea. v Adm. Inportatzen edo esportatzen diren salgaiei dagokien zerga kobratzeko kargua duen administrazioa. v Historia. Foruen garaian, bi aduana zeuden Euskal Herrian: aduana nagusiak eta aduana txikiak. Aduana nagusiak hauek ziren: Salvatierra de Ezka, Zangoza, Tutera eta Biana, Nafarroan; Gasteiz, Araban eta Urduña eta Balmaseda, Bizkaian. Aduana txikiak, Nafarroa eta Gipuzkoa nahiz Araba arteko merkataritzaren gaineko zergak kobratzen zituztenak ziren: Tolosa, Ordizia, Ataun eta Segura, Gipuzkoan; Etxarri-Aranatz, Lekunberri, Amaiur eta Lizarra, Nafarroan eta Agurain, Bernedo eta Kanpezu, Araban. Ipar Euskal Herri barneko merkataritza mugimenduak, bestalde, ez zuen aduana berezirik gainditu behar. Hego Euskal Herriko herrialdeek, Gipuzkoak eta Bizkaiak nagusiki, aldi historikoak gorabehera, merkataritza harreman zuzenak izan zituzten Ipar Euskal Herriko, Frantziako eta Europako beste herri batzuekin, Estatuko gainerako herrietako merkatariek ordaindu beharreko zerga asko pagatu behar ez zutelarik. Madrilgo gobernuak aduanak itsas portu eta Frantziako muga herrietara eraman nahi zituztela, alde batetik, eta Bilboko nahiz Donostiako merkatari burgesiak horren alde bultzatu zuen estrategia zela bestetik, foru eskubideak kolokan ezarri ziren, eta 1820an erdietsi zen Ebro aldeko aduanak itsas portuetara eta Ipar Euskal Herriko mugaraino eramatea. 1823an aduanak lehengora itzultzea lortu bazen ere, Foruen suntsipenerako giroa piztu zen; hiriburuetako merkatari burgesiaren eta foruen aldekoen interesak erabat kontra jarri ziren, eta Lehen Karlistada ondoko 1841eko urriaren 20ko Dekretuaren bidez, Udalak, Diputazioak eta lege araudi osoa Estatu osoko araudi bakarraren pean geratu ziren; legedi hori bete behar izan zen handik aurrera euskal lurraldeetan, eta aduanak muga herrietan eta itsas portuetan ezarri zituzten.