Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

aditz

iz. Gram. Perpaus batean egintza, egoera, gertaera bat adierazten duen hitza. Perpauseko osagarri garrantzitsuena.  v  Greziarrentzat onoma eta rema ziren berbaldiaren atal bereziak. Rema hori perpausaren ardaztzat hartu zen eta latinoek verbum izena eman zioten. Dena den, badirudi aditza definitzeko bere paradigman hartu behar dela oinarri. Aditz batzuk bakunak eta berezkoak dira (joan, josi, ikusi) eta beste batzuk bakunak eta eratorriak (gizondu, usteldu, berandutu, etxeratu). Beste aditz batzuk, ostera, elkartuak dira, hauen artean ere berezkoak (eraberritu) eta berezkoak ez direnak bereizten direlarik (alde egin, eztul egin, egarri izan). Beste aditz sailkapen batzuk ere egin daitezke. Horrela, gramatiketan iragankorrak eta iragangaitzak bereizten dira. Iragankorrek bi argumentu behar dituzte (ikusi: norbaitek norbait edo zerbait ikusten du) eta iragangaitzek argumentu bat bakarra (joan). Euskaraz, hala ere, ez da horrela egin izan bereizketa, eta esan ohi da aditz iragankorrek NOR-NORK erako laguntzailea hartzen dutela eta iragangaitzek, aldiz, NOR erakoa. Hori dela eta, deitu aditza edo hitz egin aditza iragangaiztzat hartzen dira beste hizkuntzetan (argumentu bakarrekoak direlako) baina iragankortzat (NOR-NORK erako laguntzailea dutenez), ordea, euskaraz. Sintagmen araberako sailkapena ere egin daiteke: aditz batzuk NOR (NORI) sistemakoak dira (joan); beste batzuk NOR-(NORI) NORK-ekoak (eman); batzuek ez dute benetako NOR sintagmarik onartzen (ikasi); beste batzuek NORI daramate laguntzailean baina ez dute halako sintagmarik onartzen (begiratu); badira NORK sintagmarik behar ez dutenak (euria egin), etab. Adizkiak izan daitezke trinkoak (dator) eta perifrastikoak (etorri da). Adizki trinkoetan batera doaz aditzaren erroa (-tor-), eta pertsona (n-), tempus (-a-) eta moduaren (-ke) markak: natorke. Adizki perifrastikoetan bi zati bereizten dira: aditz nagusia (ekarri) eta laguntzailea (dut): ekarri dut. Aditz nagusiak esanahia biltzen du eta hiru forma har ditzake: aditz oina (etor), partizipioa (etorri) eta aditz izena (etortze). Aditz nagusiak hartzen ditu, hortaz, aspektuari dagozkion markak: burutua (-tu), ez-burutua (-tzen) eta geroa (-tuko). Laguntzaileak biltzen ditu pertsona, tempus eta modu markak. Laguntzaileak, euskara batuan, lau dira: izan (baina hau nagusia ere izan daiteke), *edun, *ezan eta *edin: etorri naiz, ekarri dut, ekar dezadan eta etor nadin. Hala ere, euskalkietan bestelako laguntzaileak ere erabiltzen dira: ikus dagigun (egin), ikus diro (*iron), esan eutson (eutsi). Jakina denez, pertsonari dagokionez, euskal aditzak komunztadura egiten du perpausean ageri diren absolutu, ergatibo eta datibo sintagmekin.