adenobirus
iz. Biol. Kate bikoitzeko azido desoxirribonukleikoa (DNA) duten eta animalien zeluletan bizkarroi bizi diren birus txikien multzo bati ematen zaion izen orokorra. ■ Gizakiengan hotzeri arrunta eta arnasbideen beste infekzio batzuk eragiten ditu, eta animaliengan hainbat gaitz; gainera, zelula normalak tumore ere bihurtzen ditu. Adenobirusaren partikula ikosaedroa da, hau da, 20 aurpegiko poliedroa. Ez du kanpoko bildukirik, baina kapsomero izeneko proteina unitateez osaturiko geruza bat du inguruan. 35.000 base dituen kate bikoitzeko DNA nukleoa du, eta bere molekula pisua 20 milioikoa da. Adenobirusak kutsatuta dagoen zelularen nukleoaren barruan garatzen dira; bertan, erreplikatu eta antolamendu ‘kristalinoa’ hartzen dute. Hartu duen zelularen nukleoan bere DNAren nukleoa eta proteina birikoak askatzen ditu, eta bertan, entzimek RNA mezulari birikoa sintetizatzen laguntzen dute, nahiz eta DNA birikoa kopiatzen duena birusak kodifikatutako DNA polimerasa bat izan. Horren ondorioz, birusaren osagai guztiak sintetizatu egiten dira, eta, muntatu ondoren, zelula horretatik beste bat kutsatzera abiatzen dira. Horrela sintetizatutako proteina biriko batek zelularen RNAaren sintesia aldatzen du, eta, ondorioz, zelula hori minbiziduna bihurtzen du, eta tumoreak sortzen ditu. Birusa nukleoaren bildukia haustean askatzen da, eta ondoren zelula osoa barreiatzen da. Medikuntzan egin diren ikerketen bidez, adenobirusek giza zeluletan sartzeko duten ahalmena kontrolatzen saiatu dira: adenobirus ez aktibodun sudurreko aerosolak sortu dira; akats genetikoak konpentsatzeko, giza zeluletara geneak eramateko bektoreak ere asmatu dituzte. Horrela sartu dute CFTR genea, horren gabeziak eragiten baitu fibrosi kistikoa. Gainera, adenobirusak txertoen bektore moduan ere erabiltzen dira. Baina hanturek eta gaixoak sortutako antigorputzek teknologia berri honen eraginkortasuna mugatzen dute, nahiz eta adenobirusarekin batera interferon batzuk hartuta eragozpen hauek arintzea lortzen den.