adberbio
iz. Gram. Aditza, izenondoa edo beste adberbio bat mugatzen duen hitza. Adberbio hitzak «aditzaren ondokoa» edo adierazten du; bigarren mailako funtzioa bete ohi du perpausean, nahiz eta batzuetan aditzaren eskemari berez dagokion osagarria dela ematen duen (etxera iritsi). Gramatika zaharrean abiapuntua semantikoa baldin bazen ere, adberbioa sarritan funtzioaren arabera definitu izan da. Euskaraz bi adberbio mota daude; batean elementu trinkoak eta ezin banatuzkoak daude, alegia, berez eta elementu autonomo bezala bete dezakete adberbioaren zeregina, inolako morfemaren laguntzarik gabe (bihar, gaur, ondo). Adizlagun deitzen ditugu hauek. Beste sail batekoak dira aditzondoak, hauek izen sintagma batean oinarritzen baitira kasu marka edo atzizkiren bat hartuz (etxetik, mendira, zurekin, txostenari buruz, argirik gabe). Izen sintagma batzuk, hala ere, kasu markarik gabe ere izan litezke adberbio (bi ordu iraun, lau metro luzatu). Adberbioaren itxura aldagaitza da eta ez du determinatzailerik (*atzo hau) eta ezin du edozein kasu markarik (*gaizkirentzat) onartu. Atzizki indartzaileak (halaxe) eta gradu markak (beranduago) onartzen ditu. Aditzondoetara bakarrik mugaturik, sailkapen formal hau egin daiteke: aditzondo bakunak (beti), eratorriak (ederki, harrika, ederto), eta konposatuak (nolabait, edonola). Sailkapen semantikoa hauxe litzateke (bestelakoak ere proposa daitezke): zirkunstantzia adierazten dutenak (denbora: gaur, eta lekua: hemen), nozio bat adierazten dutenak (modua: honela eta maila aditzondoak: oso) eta jarrera bat adierazten dutenak (iritzia: agian, antza). Badira beste aditzondo gehiago ere: esaera adberbialak (behinik behin), adberbializatu diren hitzak (berriz), adberbializatze bidean daudenak (agerian, oinez), etab. Adizlagunetan daude inesiboa (-n), adlatibo soila (-ra), hurbiltze adlatiboa (-rantz), muga adlatiboa (-raino), ablatiboa (-tik), soziatiboa (-kin), instrumentala (-z), motibatiboa (-gatik), destinatiboa (-rentzat, -ko, -rako) eta posposizio guztiak (gabe, aurre, etab.)