Adams, John Coolidge
Musikagile eta zuzendari estatubatuarra (Worcester, Massachusetts, 1947). Harvard-eko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1979-1982 bitartean San Franciscoko Musika Kontserbatorioko irakaslea izan zen, 1978-1985 bitartean San Franciscoko Orkestra Sinfonikoaren musika abangoardistari buruzko aholkulari, eta musikagile titular gero. Heziketa klasikoa izan arren, Estatu Batuekin loturiko estiloek eragin handia izan dute Adamsen musikan, hala nola jazz, ragtime, swing eta rock musikak, eta baita higikunde esperimentalek –atonaltasunak eta musika elektronikoak, esate baterako–, eta Steve Reich eta Terry Rileyren erako musikagile minimalisten lanek ere. Adamsen musika lan suhar eta ugariek –pianorako lanak, koru eta orkestrentzako lanak, operak– Estatu Batuetako musikagile onenetakoen artean kokatzen dute. Hala ere, kritikariak ez datoz beti bat bere lanen kalitateari dagokionez, eta entzuleen jarrera ere ez da beti aldekoa izaten. Bere lanik onenen artean Harmonium (1980), Grand Pianola Music (1983), Harmonia lezioak (1985) eta Nixon Txinan opera (1987) aipa daitezke, azkena Peter Sellars zuzendariarekin eta Alice Goodman poetarekin elkarlanean egina. Azken urteotan bere musika gero eta konplexutasun harmoniko handiagoa ari da hartzen; horren adibide da Ganbera Kontzertua (1992), esate baterako.