Departamento de Cultura y Política Lingüística

San Diego

Estatu Batuetako mendebaleko hiria eta portua, Kaliforniako estatuaren hego-mendebalean, izen bereko badiaren ertzean (Ozeano Barea). 1.110.000 biztanle (1.961.800 biztanle ditu hirialdeak). Lau unibertsitate. Apezpikutegi katolikoa. Estatu Batuetako itsas-armadaren base garrantzitsua. Nekazaritza eremu oparo bateko (kotoia, fruitu arbolak, aguakatea) merkataritza, portuaren jarduera (arrantza eta petrolioaren, nekazaritza produktuen, kotoiaren eta arrainen esportazioa), industria (ontziolak, hegazkingintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) eta finantzak dira ekonomia baliabide nagusiak. Garrantzi handia du hiriko ekonomian, halaber, turismoak, neguko turismoak batez ere, klima gozoa izateaz gainera, bertan baitago munduko zoologikorik handienetakoa. Aipagarria da, bestalde, hiriko museo ikusgarria eta Sea World turismo parkea.