Departamento de Cultura y Política Lingüística

Samivel

(Jaiotza izena, Paul Gayet-Tancrède). Frantses diseinatzailea, margolaria eta idazlea (1907 - 1992). Gaztetan eskiaren eta alpinismoaren inguruko marrazkiak egin zituen. Sail horretatik Delagrave argitaldariak zenbait irudi hartu eta Sous l’œil des choucas (1931, Belatxingen begipean) umorezko bilduma argitaratu zuen. 1935ean Gargantua et Pantagruel argitaratu zuen. Ondoren Samivel bere testuak idaztera ausartu zen, eta hala sortu zuen Erdi Aroko giroko trilogia bat, Goupil (1936, Azeria), Brun l’Ours (1938, Hartz arrea) eta Les Malheurs d’Ysengrin (1939, Ysengrinen zorigaitzak) lanek osatua. Formatu handia hautatu zuen Samivelek lan horietarako eta, horri esker, perspektiba efektuak, paisaia handiak, baso eta zelaiak eta argi-ilunak maisutasun handiz marraztu ahal izan zituen. 1935ean Parade des diplodocus (Diplodocus-en parada) eta Les Blagueurs de Bagdad (Bagdad-eko adarjoleak). Gerra garaian Paristik ihes egin zuen eta bilduma bat egin zuen Lyongo IAC argitaldariarentzat: François de France. Dumollet (1946) umorezko sail erromantikoa trufa eta parodia kutsuaz helduagoentzako egindako lana du, eta haurrentzako estiloa La Fontaine. 20 fables (1944) eta Train de fables (1947, Fabula trena) lanetan landu zuen bereziki. Erdi Aroko gaietan oinarritutako Merlin-Merlot eta Le Joueur de flûte de Hamelin (1942, Hamelin-eko txirula jotzailea) obrak klasiko bihurtu ziren eta behin eta berriro argitaratu dira. Gerraren ondoren, marrazteaz gainera, bere filmak aurkezteko hitzaldiak eta mendiari buruzko lanak egin zituen: Contes à pic (1951, Tontorreko ipuinak), Hommes, cimes et dieux (1984, Gizonak, gailurrak eta jainkoak), Opéra de pics (1986, Tontorren opera). Hala ere, haurrentzako liburuen egile eta marrazkigile gisa izan zuen Samivelek ospea.