Departamento de Cultura y Política Lingüística

presokratiko

izond. Fil. Sokratesen aurreko Greziako filosofoez esaten da. v Presokratikoak K.a. VII. mende bukaeratik K.a V. mendea arte bizi izan ziren; lehen filosofoak izan ziren eta Greziako filosofiaren oinarriak jarri zituzten. Hala, mitoak baztertuz, arrazoiaren ikuspuntutik eman nahi izan zuten munduaren eta kosmosaren azalpena. Gauzen arrazoia edo printzipioa bilatzen ahalegindu ziren; horregatik, Aristotelesek fisiko deitu zien lehen filosofo haiei. Munduak printzipio edo jatorri bakarra zuela eta hura higiduraren bidez aniztu zela uste zuten. Hainbat taldetan sailkatu izan dira: lehenengo taldea Joniako edo Miletoko eskolakoa da, Tales Miletokoa, Anaximandro eta Anaximenes biltzen dituena. Bigarren taldea pitagorikoena da, matematikarien taldea. Hirugarrena, Eleako eskolakoa da, Jenofanek, Zenonek, Melisok eta guztien buru zen Parmenidesek osatzen dutena. Laugarren taldea fisiko berriena da, Anaxagoras, Leuzipo, Heraklito, Enpedokles eta Demokrito biltzen dituena. Azkenik, bosgarren taldea sofistena da; haien kritikan oinarri hartuz sortu zuen Sokratesek bere filosofia.