Departamento de Cultura y Política Lingüística

Praxiteles

Greziar eskultorea (Atenas, K.a. 390 - Atenas, K.a. 330?). Atikako eskola berriko eskultore nagusia. Haren Hermes Dionisio haurrarekin eskultura baizik ez da gaur egun arte iritsi, baina, Plinio Zaharraren arabera, obra ugari egin zituen, eta erromatarren garaian haren lanen kopia asko egin ziren. Afrodita, maitasunaren eta edertasunaren jainkosaren irudi asko zizelatu zituen (Knidoko Afrodita, besteak beste). Jainko gazteak eta emakume ederrak hartzen zituen gaitzat, bizitzeko pozaren adierazgarri. Marmola landu zuen bereziki, eta horretan maisu handia izan zen. Erromako museoan, Parisko Louvren eta Florentziako Uffizi galerian daude ikusgai Praxitelesen obretatik erromatarren garaian egin ziren kopiak.