Powell, Bud
(Jaiotza izenaz Earl Powell). Estatu Batuetako jazz pianista (New York, 1924 - New York, 1966). 1940 inguruan Harlemgo Minton’s kabaretean egiten ziren jam sessionetan ezagutarazi zuen bere burua. 1949tik 1951ra bere hirukotearekin jo zuen. 1959an Parisen hartu zuen bizilekua, baina handik gutxira Estatu Batuetara itzuli zen tuberkulosiak jota. Art Tatumen, Earl Hinesen eta Nat King Coleren eragina izan zuen. Irudimen handiko musikagilea zen, lastertasun handiz eta erritmo biziz jotzen eta harmonia ezohikoak erabiltzen zituena. Be-bop estiloko pianista bikainenetako bat izan zen Thelonius Monkekin batera. Gorabehera askoko bizimodua izan zuen: alkoholikoa, toxikomanoa eta psikotikoa zen. Musika lanak ere idatzi zituen: Parisian Thoroughfare, Un poco loco, eta abar.