pH
Kim. Ur disoluzio baten azidotasuna, neutrotasuna edo alkalinotasuna adierazteko erabiltzen den eskala. Sorensen daniar biokimikariak proposatu eta garatu zuen eskala hau 1909an. Litro batean dagoen hidrogeno ioi molen kontzentrazioaren logaritmo negatibo gisa definitzen da; hau da: pH= -log[H+]. pH-aren balioa 1etik 14ra doan zenbaki bat da. Ur garbia da balio hauetara iristeko erabiltzen den patroia. Baldintza normaletan ur molekulak H+ eta OH- ioietan banatzen dira, baina laster konbinatzen dira berriro beren artean; horrela, 22 °C-tan dagoen ur garbian H+ eta OH- ioien kontzentrazioa bera da eta bere balioa 10-7 da. Hori urak 7 balioko pH-a duela esanez adierazten da. Ur disoluzio batean H+ eta OH- ioien kontzentrazioa bera denean, pH-a 7 denean alegia, disoluzio hori neutroa dela esaten da. Urari azido bat gehitzen zaionean 1etik 7rako balioa erabiltzen da disoluzioaren azidotasuna adierazteko; zenbat eta azidoagoa izan disoluzioa, pH-ren balioa txikiagoa izango da; horrela azido indartsuek (klorhidrikoa, sulfurikoa, nitrikoa…) 1 eta 3 tarteko pH-a dute, eta azido ahulek, azido azetikoak adibidez, 6-ko pH-a dute. Base indartsuek (sodio hidroxidoa, amoniakoa…) 12 eta 13 tarteko pH-ak ematen dituzte, eta base ahulek 8 ingurukoa. Disoluzio baten pH-a esperimentalki neurtzeko pH-metroak erabiltzen dira. Azido-base balorazio kimikoetan gertatzen diren pH aldaketak fenolftaleina, metilozko laranja, tornasol papera eta horrelako aztergaien bidez jakin daitezke. pH-aren kontrolak garrantzi handia du zenbait industria prozesutan: uraren garbiketan, elikagaien kontserbazioan, galbanoteknia bainuetan eta abar. Gizonaren organismoak beharrezkoa du pH-a aldagabe mantentzea zenbait funtzio era egokian egiteko; gizonaren barne pH-a 7,35 eta 7,45 tartean gorde behar da. Landare mota bakoitza ere pH doi bat duen lurrean bakarrik bizi daiteke.