Departamento de Cultura y Política Lingüística

Mañaria

Bizkaiko erdi-hego-ekialdeko udalerria (Durangaldea). Mugak: iparraldean Durango eta Izurtza, ekialdean Abadiño, mendebalean Dima, eta hegoaldean Abadiño. Garaiera, 180 m. 17,63 km2. 1997ko datuen arabera, 471 biztanle, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (mañariarrak). Mañaria errekak hego-mendebal ipar-ekialde igarotzen du udalerria. Hizkuntza banaketa 1996an: 417 euskaldun, 24 ia euskaldun eta 23 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusia nekazaritza (barazkiak, bazkarako landareak, behi eta ardi azienda; langileen % 18) da; hala ere langile askok Durango inguruko industrietan egiten du lan (% 59) eta bigarren lanbidetzat ditu baserriko lanak. Aipagarri dira XVI. mendean eraberritu zen Andre Maria eliza, Iñinbarrutiko Aita Kurutzeko ermita, Garaitorreko San Joan ermita, Untzillako San Martin ermita, Aldebarrenako Santos Antonios ermita, Urkuletako San Lorentzo ermita eta Arrazola, Arana eta Iturriagatarren oinetxeak.