Kalbino, Joan
(Fr. Jean Cauvin). Erlijio eraberritzaile eta idazle frantsesa (Noyon, 1509 - Geneba, 1564). Elizarekin lotura zuen familia batean jaio zen; haren aita elizbarrutiko apezpikuaren idazkaria zen. Oso hezkuntza gogorra izan zuen, eta izaera goibel uzkurra zuen. Parisko Montaigu ikastetxean egin zituen ikasketak (1524-1527), eta han ezagutu zuen humanismoa; nominalismoa ere aztertu zuen, eta kultura eskolastiko handia beretu zuen. Orleansen egin zuen Zuzenbideko doktoretza, eta Bourges-en teologia ikasi zuen Melchior Wolmar luterotarraren gidaritzapean; hark eman zion Erreformaren berri. Parisa itzuli zen eta Erreformaren inguruko taldeetan mugitzen hasi zen. 1533an, esetsaldien beldurrez, Paris utzi eta Basileara joan zen; han Zwinglioren dotrina ezagutu zuen. Basilean argitaratu zuen 1536ean bere dotrinaren berri ematen duen oinarrizko obra: Institutio religionis christianæ. Italian egonaldi labur bat egin ondoren, Genebako eliza eraberrituaren zuzendari izatera deitu zuten. Hiri horretan azken ondorioetaraino aplikatu zuen Zwinglioren dotrina: antolamendu politikoa eta erlijozkoa bultzatu zuen, eta bizitza publikoak oso-osorik Ebanjelioaren legeen mende egon behar zuen. Hala, epaile publikoek ezarri behar zituzten zigorrak predikariek ezartzen zituzten. Teokrazia horren gogorkeriak burgesiaren matxinada ekarri zuen (1538), eta Kalbino Estrasburgora aldatu zen; han Liejako anabaptista baten alargunarekin (Idelette de Bure) ezkondu zen. 1541ean berriz deitu zioten Genebako batzordetik, eta hil arte tirano baten gisa gobernatu zuen hiria, hilarazi edo erbesteratu egiten baitzuen bere dotrina politikoen edo erlijiozkoen kontra agertzen zena. Beste askoren artean Miguel Servet mediku nafarra hil zuten Kalbinoren aginduz.