dolar
iz. Ameriketako Estatu Batuetako eta beste zenbait herritako dirua.
■ Dolar hitzaren jatorria alemaniarra omen da, thaler hitzetik eratorritakoa baita: Bohemiako Joachimsthal meatze herrian zilarrezko txanponek hartzen zuten Joachimst(h)aler izenaren laburduratik, hain zuzen (1519. urtean hasi ziren erabiltzen txanpon horiek). Gisa berean, dolar esaten zitzaion, halaber, Europako hainbat herrialdetan erabiltzen zen zilarrezko zenbait txanponari. Ameriketako espainiar eta ingeles kolonietan ere, bertan erabiltzen zen Espainiako peso txanponari dolar esaten zioten ingelesez mintzatzen zirenek. Txanponen izena errotua zegoenez, Estatu Batuek 1792. urtean izendatu zuten dolarra diru banako ofizial. Kanadak, berriz, 1858. urtean ezarri zituen dolarra eta diru sistema hamartarra; Australiak 1966an; eta Zeelanda Berriak 1967an. Estatu Batuek 1861. urtean jaulki zituzten lehenengo dolar billeteak. ■ Urteetan zehar izan da Estatu Batuetako dolarra nazioarteko erreferentziazko dirua. Lehenengo Mundu Gerraren ondoren, Erresuma Batuko libraren leku hegemonikoa hartu zuen dolarrak; izan ere, Estatu Batuek lortu zuten merkataritza soberakina zela medio, 1918. urterako munduko urre erreserben erdiak metatzen zituen, eta hartzekodun netoa bihurtu zen munduko beste herrialdeei buruz. Horren ondorioz, 1919. urtetik aurrera dolarraren eta urrearen arteko bihurgarritasuna ezarri zen (Erresuma Batuak ez zuen onartu 1925 arte). Bi mundu gerren artean dolarraren nagusitasuna areagotu egin zen, Gold Exchange Standard edo urre ereduaren bidez. Bigarren Mundu Gerra mesedegarri suertatu zen Estatu Batuen garapenarentzat. Hala, 1945. urtean Estatu Batuetako ekonomiak nazioartean zuen pisuak, eta 1944. urtean Bretton Woods-en osatu zen nazioarteko diru sistema berriak, dolarraren nagusitasuna ezarri zuten. Sistemak dolarraren eta urrearen arteko trukea jartzen zuen: 35 dolar urre ontza bakoitzeko. Hala, Estatu Batuetako banku zentralak jaulkitzen zituzten dolarrek urre erreserbak zituzten berme gisa (Fort Knox-eko erreserba ospetsuak), eta sistema honen bidez dolarren eta urrearen arteko bihurgarritasuna bermatzen zen. 1947. urtean Europa berreraikitzeko mailegu handiak eman zituzten Estatu Batuek Plan Marshall izenekoaren bidez, eta, horren ondorioz, Europako bankuetara dolar kopuru handia iritsi zen (eurodolar izena hartu zuten). Dolarra, diru egonkorra izanik, nagusitu egin zen nazioarteko trukeetan; izan ere, dibisak dolarrari buruz Bretton Woods-eko sistemaren arabera finkatzen baitziren, eta hala truke finkoko sistema egonkorra sortu zen (the dollar standard izenez ezagutu izan den sistema). 1960. urteaz geroztik, ordea, Estatu Batuetako pagamendu balantzaren defizita izugarri hazi zen, eta defizitari aurre egiteko agintariek dolarrak jaulkitzea erabaki zuten. Horren ondorioz, banku zentralak jaulkita zituen dolar zenbateko osoaren eta estatubatuar urre erreserben arteko aldea handitzen eta handitzen joan zen. Beraz, ez zen betetzen Bretton Woods-en hitzartutakoa, alegia, dolarrak urre erreserba kopuruaren arabera jaulkitzea. Horren ondorioz, eta jaulkitako diruaren bermeaz fidagaitz, dolarren truke urrea jasotzeko eskaria asko areagotu zen nazioartean banku zentralen aldetik (bereziki Europakoen aldetik), eta sistemak porrot egin zuen: 1971. urteko abuztuaren 15ean, Nixon lehendakariak bertan behera utzi zuen dolarraren eta urrearen arteko bihurgarritasuna. Ondoren, truke tasa aldakorrak nagusitu ziren, 1976. urtean Jamaikan hartu ziren akordioen ondorioz bereziki. 1978. urtearen amaiera aldera nazioarteko beste diru handiei buruz oso behera egin zuen dolarraren trukeak. Hurrengo urtean hasi zen dolarraren suspertzea, estatubatuar agintari ekonomikoek interes tasa garaiak ezartzea eta bankuei likidezia mugatzea erabaki zutenean. Ondorengo urteetan dolarrak gorabeherak izan ditu Estatu Batuetako ekonomiaren bilakaerarekin batera (eragin berezia izan dute, besteak beste, pagamendu balantzan izandako defizitek). Egun, mundu mailako diru nagusia da, yen-arekin eta euro-arekin batera. Dolarra diru eredua ez den arren, nola nazioarteko merkataritza eta finantza eragiketetan, hala erreserba diru gisa, nagusi dela esan daiteke.