Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Italo Calvino (1923-1985)

Italo Calvino IL Mundu Gerraz geroztik Italiak eman duen idazlerik garrantzitsuenetako bat izan da. Oso kontalari orijinala izan zen, oso bere gisakoa, aldi berean errealista eta irudimen neurrigabekoa. Calvinok lan handia egin zuen Italiako kulturan ere, argitalpenen munduan batik bat.

 

Literaturaz

Italo Calvinoren liburuen egitura oso garbia da, zehatz aztertua eta landua baitzuen XIX. mendeko nobela, eta axaleko guztia kendu ondoren, mamia baizik ez zuen baliatu bere liburuetako narraziogai.

Calvinoren beraren esaldi batek definitzen du literaturaz zuen ikuskera : «Mundua guk uste baino zabalagoa eta konplexuagoa da.

Gizakia eta gauzak abstrakzio bihurtu dira.

Literatura berriak munduaren neurri berrien -edo ez hain berrien- konplexutasun handiaz kontu eman beharra du.» Lezioni americane. Sei proposte per il prossimo millennio (1988, Ameriketako ikasgaiak . Sei ohar gogoan hartzeko datorren milaldian) liburuan literaturak hartu beharreko bideak sei aukeratan laburbildu zituen : arintasuna / astuntasuna, bizkortasuna / moteltasuna, zehaztasuna / zehaztugabetasuna, argitasuna / iluntasuna, aniztasuna / bakartasuna, sendotasuna / sendotasunik eza. Aukera horien artean Calvinok lehenengoa aukeratu zuen beti, harentzat literaturak arina, bizkorra, zehatza, argia, polifonikoa eta sendoa behar baitzuen izan, nahiz, hala eta guztiz ere, kontrako aukera ez zuen baztertzen, maiz berak egindako aukeraren balioa ematen ere baitzion.

Hasiera-hasieratik, eta testu errealistak alde batera utzirik, jabetu zen Calvino literatura errealistak errealitateaz zuen ikuspuntu mugatuaz, errealitate literarioaren konplexutasunaz, eta, hala, nahitaez errealitateari buruz alegoriaz eta metaforaz hiz egin beharraz, zeharka, alegia. Horrekin batera, gero eta kritika zorrotzagoa egin zien egile, testu, pertsonaia eta irakurle kontzeptu klasiko eta azken batean erromantikoei, etaestrukturalismoaren eta semiotikaren ondorengo ikuspegitik heldu zion literaturari, ikuskera zientifikoago bat eman nahian, beti izan baitzuen Calvinok zientziaren eta literaturaren arteko lotura gogoan, ez alferrik gurasoak biologoak baitzituen.

 

Errealismotik fantasiara

Italo Calvino Santiago de las Vegas-en (Kuba) jaio zen, 1923an, eta Erroman hil zen 1985ean. Haurtzaroa eta nerabezaroa Italian igaro zituen, San Remon, giro zientifiko, antifaxista eta laiko batean. Mussoliniren hondamenaz geroztik, unibertsitateko ikasketak utzi zituen, makian sartu zen, eta Garibaldi brigadetako gerrillariekin ari izan zen borrokan. Gerra, indarkeria eta heriotza gertutik ezagutzeak garrantzi handia izan zuen bere bizitzan, eta hala islatu zuen bere lehen liburuan Il Sentiero dei nidi di ragno (1947, Armiarma habien bidezidorra) . Liburu horretan Calvinok Italiako erresistentziaren giroa ekarri zuen gogora, eta geroztik bere obrako elementu bereziak izan ziren ezaugarri orijinal batzuk zituen.

Hamar urteko mutiko harpa jole bati gertatutakoak kontatzen dira liburu horretan, nola ustekabean partisano talde batekin ibiltzea egokitu zitzaion, eta han zer ikusi eta zer egin zuen.

Eleberri pikaresko eta basa horretan samurtasunezko gertaldiak tartekatzen dira, eta etengabea da gizartea aldatzeko itxaropena, nahiz zeharka adierazia dagoen. Calvinok uko egiten zion idealizazioari, halako lotsa eta begiramena zuen bere pentsaera eta bere esperientziak zuzenean adierazteko, eta, hortaz, inpertsonaltasunari eta urruntasunari atxiki zitzaion beti, bere sentiberatasun handia mozorrotzeko edo. Nolanahi ere, modu errealistan kontatutako kontakizun krudel eta odoltsu hori fantasia hutsezko elementuz dago etengabe tartekatua. Irudimenezko alderdia lantzea eta alegiazko kutsua Calvinok bere obra osoan landu zituen baliabideak dira. Nolanahi ere, alde handia zegoen liburu horren eta neoerrealismoaren artean, hura baitzen Italian II.

Mundu Gerra ondoren nagusitu zen joera.

Garai hartan bertan Calvino Einaudi argitaletxean hasi zen lanean, laguntzaile gisa, Turinen, Cesare Pavese eta Elio Vittorini idazleak lankide zituela ; hartara, Calvinok eragin handiko lana egin zuen Italiako argitaralpenen munduan.

Hurrengo liburua 1958an argitaratu zuen, I Racconti (Kontakizunak), gerra aurrean eta gerra ondoan girotutako ipuin bilduma . Bere garaiko gizartea islatu nahi izan zuen, borroka urteetako itxaropenak zapuztu izanak sortzen zion etsipenaz, ironia batzuetan irribarretsuz eta bestetan garratzez.

Garai hartako munduaren arazoak, kezkak, bidegabekeriak eta absurdua dira ipuin horien gertalekua, nahiz barregarriak izanagatik estutasuna darion horietako askori.

Horietako ipuin batzuei -Eraikuntzako espekulazioa eta Smog hodeia- gizarte eta politika sistema jakin baten salaketa nagusitzen zaie itxuraz denbora-pasa hutsezko ziren kontakizunei, baina, itxurak itxura, Calvinoren liburuak ez ziren inoiz denbora-pasa hutsezkoak.

 

Gure arbasoak

I Nostri Antenati (Gure arbasoak) da Calvinoren obran garrantzi handia izan zuen bilduma baten izenburua, hiru kontakizunek osatua : Il Visconte dimezatto (1952, Bizkonde erdibitua), Il Barone rampante (1957, Baroi goititua), eta Il Cavaliere inesistente (1959, Existitzen ez den zalduna).

Hiru ipuin filosofiko dira, lehenengo biak XVIII. mendean girotuak, eta hirugarrena Erdi Aroan. Ezinezko gertaera eta pertsonaia fantasiazkoak abiapuntutzat harturik, umoregile handien zorroztasunaz landu zituen Calvinok kontakizun horiek. Aurrenekoan, kanoi bala batek erdibitutako bizkondea daprotagonista, bere zati bakoitzak, bata ona eta bestea gaiztoa, zeinek bere bizitza independentea dute, aldi berekoa, baina elkarren guztiz kontrakoa. Bigarrenean, familiak zorrotz eta estu hartua daukanez, zuhaitzetara igo eta betiko han bizitzea erabaki duen baroi gazte baten historia kontatzen da.

Hirugarrenean, barnean pertsonarik ez duen armadura huts bat da protagonista.

Fantasiazko mundu batean kokatu zituen beraz Calvinok halako estura eta zirrara kutsu bat darien kontakizun horiek.

Askatasun osoz eta ironia handiz daude kontatuak, eta gizarte eta familia harremanei buruz eta historiari buruz gogoeta egiten dute ; Calvinok moralista zorrotz eta kezkatu baten gisara jokatu zuen, eta ustez errealistagoak eta egunerokotasunari atxikiagoak diren kontakizunetan bezain arretatsu eta arduratsu aipatu zituen giza izateari dagozkion arazoak.

Calvinorengan ironia eta fantasia elkarri loturik daude, eta joera anbiguo horren bidez halako urruntasun bat izan nahi zuen kezkatuta zeukaten gaiak lantzerakoan.

Itxura denez, Calvinok ez baitzuen gustukoa gizarte edo politika arazo bati aurrez aurre ekitea.

 

Politikaren kezkak eta zalantzak

1956an, Calvino, beste hainbat intelektualekin batera, Italiako alderdi komunistatik atera zen sobietarrek Hungariako matxinada zapaldu izanaz protestatzeko, alderdi horretako kide izan baitzen gerraz geroztik. Erabaki horrek krisi handia sortu zuen Calvinogan, erresistentziaren garaiko politika eta gizartea erro-errotik aldatzeko itxaropen handiak gerra ondoren zapuztuta gelditu zirela ikusteak sortua zion etsipena areagotu egin baitzitzaion, eta azkenean gainezka egin.

Zalantzako urteak izan ziren haiek Calvinorentzat, askoz gutxiago idatzi zuen, eta buru-belarri ari izan zen argitaletxeko lanetan . 1956an italiar alegien antologia zabal bat argitaratu zuen ; hain zuzen Calvinor egoki zegokion generoa eta alorra zen hura.

Bestalde, Il Menabo literatura aldizkari ospetsuaren zuzendari izan zen, Elio Vittorinirekin batera ; aldizkari hartan idazle gazte askok bere lehen obrak argitaratu zituzten, eta garai hartako literatura eztabaida nagusiak bideratu zituen. Aldizkari horretan bertan bere poetikarako oso garrantzitsuak gertatu ziren saiakera batzuk argitaratu zituen, non, besteak beste, gaitzesten baitzituen aldi berean errealitate historikotik harro baino harroago bakarturik zegoen abangoardiaren jarrera, eta, bestalde, ustez «objektibotasunari» atxikia zegoen jarrera, errealitate hurbilaren aurrean epai kritikoa eta arrazoibidea alde batera utziak zituelakoan.Garaitsu hartakoa du Calvinok La Giornata d'uno scrutatore (1963, Boto kontalari baten laneguna), hauteskunde bulego batean aholkulari gisa berak erruki etxe batean bizi izan zuen esperientzia kontatzen duena. Italian, gerra ondoren, hain zuzen Demokrazia Kristaua alderdiaren eta Alderdi Komunistaren arteko liskarra gorenean zegoenean, nagusitua zen hauteskunde sistema kritikatzen zuen.

 

Giza komedia fantasiazko mundu batean

1965ean Calvinok ipuin bilduma bat argitaratu zuen (Cosmicomiche), eta 1967an beste bat (Ti con zero), tankera beretsuko ipuinekin. Molde zeharo berri batean zeuden idatziak liburu horiek. Fantasiaz eta irudimenaz baliatzeko joera muturrerago eramanez, mundua oraindik erabat bukatu gabe dagoen gertaleku batean kokatu zituen kontakizun haiek ; zelulak, nebulosak, eta beren bilakaera oraindik bukatu ez duten izakiak dira ipuin horietako protagonistak.

Umorea darie kontakizun horiei, eta ironia handiz deskribatu zituen guretzat ezaguna den denboraz, espazioaz eta izakiz osatutako mundu bat, baina ezin ahoskatuzko izena duten (Qwfwq, Xlthl) eta ez formarik eta ez zeregin edo izate jakinik duten pertsonaien bidez auzitan jarri zuen bere garaiko gizakiaren nartzisismo bere buruaz hanpatua. Ezin definituzko izaki horiek edozein gizakik bezala hitz egiten dute, eta alegoria oso berezi batez egiten du liburu horretan Calvinok bere-berea duen gogoeta giza komediari buruz, giza harremanei buruz, eta haien koherentzia ezari eta logika ezari buruz.

Il Castello dei destini incrociati (1968- 1971, Patu gurutzatuen gaztelua) liburuan tarot jokoak eskaintzen dituen konbinazioez baliatu zen historia batzuk kontatzeko.

Kartak partitzen dituen pertsonaia idazlearen beraren metafora bat da, kartetako irudiak ateratzeaz gainera haiek interpretatzen saiatzen baita. 1972an Calvinok Le Cittd invisibili (Hiri ikusezinak) argitaratu zuen, Marco Poloren eta Koublai Khanen arteko elkarrizketak biltzen dituena. Hiri jakin baten deskribapena egiten da hizketa bakoitzean, baina hiri horiek ez dira existitzen, ezpada hitzen bidez baizik, eta hitz horiek bi pertsonaia horiengan sortzen dituzten irudien bidez. Calvinok berak zuen jokabidearen metafora islatzen da elkarrizketa horietan, literatura sorkuntza ez baitzen, haren ustean, irakurleak parte hartu arte bukatzen, alegia, irakurleak liburua irakurtzen zuen arte.

Gai hori bera landu zuen Calvinok Se una notte d'inverno un viaggiatore (1979, Baldin negu gau batez bidaiari batek) nobelan.