Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Eugène Ionesco (1912-1994) Émile Cioran (1911-1995) Mircea Eliade (1907-1986)

Eugene Ionesco

 

Errumaniar idazleak atzerrian

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, eta Errumania Sobiet Batasunaren eraginpean geratu zelarik, errealismo sozialistaren arauak errespetatu beharra zabaldu zen errumaniar literaturan. Giro itogarri hartan, intelektual askok alde egin zuen sorterritik, eta, hala, erbestearen zoritxarreko bidetik, bere mugetatik kanpora zabaldu da errumaniar literatura, sarritan alde egin aurretik Errumanian bertan ezagunak ziren idazleei esker. Horixe da, batzuk aipatzearren, Vintila Horia, Emil Cioran, Eugen Ionescu (Eugene Ionesco gero), Virgil Gheorghiu, Mircea Eliaderen kasua. Bizilekua hartu zuten herrietako kide dira denak, eta, beren hizkuntza utzita, bertako hizkuntza erabiltzen dute. Famatuenak ez dira literaturgile hutsak : Emil Cioran frantses/errumaniarra filosofotzat har daiteke, Mircea Eliade, munduko leku askotan bizi izan ondoren azken urteak Estatu Batuetan eman zituena, erlijio jakintzen munduko aditu handienetako bat da, eta Eugene Ionesco, antzerkigile famatuak -frantses/errumaniarra hau ere-, gizaki modernoaren absurduaren kezka plazaratu du bere antzezlanetan.

 

Eugene Ionesco

1950etik aurrera, bizilekua (eta hizkuntza) Frantzian hartua zuten bi atzerritarrek, Eugene Ionesco errumaniarrak eta Samuel Beckett irlandarrak, hankaz gora jarri zuten frantses antzerkigintza. Ideia, mezu eta eztabaiden antzerki "existentzialistaren" ondoren, bizitasun harrigarriaz, Ionesco eta Becketten absurduaren antzerkia etorri zen,geroxeago beste bi atzerritarrek, A. Adamov armeniarrak eta F. Arrabal espainiarrak osatuko zuen bidea urratuz.

Eugene Ionesco Slatinan, Errumanian, jaio zen 1912. urtean, eta Parisen hil zen 1994an. Aita errumaniarra zuen, eta ama frantsesa. 1940 arte Bukaresten bizi izan zen, eta frantsesezko doktoretza egin zuen han.

Parisen egin zuen debuta, La Cantatrice chauve (1950, Abeslari burusoila) antzezlanarekin . Ekitaldi bakarreko komedia da ; egileak berak "antikomedia" gisa definitu zuen, eta surrealismoaren ezaugarriak ditu, hizkerari dagokionez batez ere. Oso obra komikoa da ; komikotasun hori, esanahian baino areago, absurduan oinarritzen da, eta horixe da hain zuzen lonescoren obra osoaren ezaugarrietako bat. Egilearen arabera, Abeslari burusoila antzezlanaren ideia - abeslaririk eta burusoilik gabea, baina suhiltzaile esperogabe bat agertzen dena-, ingelesa ikasteko metodo batetik atera omen zuen (Assimil metodoa, errepikatu beharreko galderak eta erantzunak) : hainbeste esapide usadiozko, klixe eta topiko metatzen dira obran, non guztiz barregarria gertatzen baita, barregarritasun larri batez ordea : hizkuntzaren erabilerak irrigarri utziz, apurtuz, gure erreferentzia sistema ere osorik hausten baita. Eta hala ere, ia berrogei urte egin ditu obra honek Pariseko Huchette antzokian, errekor guztiak gaindituz ; Frantziatik kanpo ere, oso maiz taularatzen den obra da.

Hurrengo antzerki lanetan, nahiz ekitaldi-bakarretan -La Lecon (1951, Ikasgaia), Les Chaises (1952, Aulkiak), Victimes du devoir (1953, Eginbeharraren biktimak)-, nahiz hiru ekitaldiko aurrenekoetan -Amedee ou comrnent sen debarrasser (1954, Amedeo edo nola libratu), Jacques ou la sumision (1955, Jacques edo men egitea), eduki metafisikoa agertzen da aurkezten diren gaietan. Obra hauetan guztietan errealitaterik gabekotzat agertzen du Ionescok gizartea, eta sakoneko hustasun hori ikusarazteko asmo bakarraz, ez bestela, irudikatzen ditu gizartearen ageriko alderdiak. Aulkiak lanean, adibidez, inkomunikazioaren, bakardadearen eta erabateko hutsunearen larritasuna agertzen dira : bikote zahar bat, uharte bakarti bateko itsasargi batean bizi dena, bilera jendetsu bat asmatzen ari da, eta azkenean agertokia -beste inor etorri gabe- aulkiz bete-betea geratzen da.

1957koa da Ticeur sans gages (Hiltzaile soldatagabea), eta ondoren Rhinoceros (1959, Errinozeroak) plazaratu zuen, agian arrakastarik handiena izan duen Ionescoren komedia; antzezlan batean zein bestean, esplizitoa da egilearen mezua. Izan ere, obra horiekin, aurreko bideari utzi eta sinbolismoaren aldera egin zuen lonescoren antzerkiak. Errinozeroa deshumanizazioaren eta taldekeriaren alegoria da ; hiri oso batez jabetzen diren gaitzak dira, eta biztanleak errinozero sentikortasun gabeak bihurrarazten dituzte. Lan honen arrakastak eman zion segurtasunarekin, bere obsesio barnekoenak hasi zen Ionesco taularatzen, heriotzaren ikara batez ere -Le roi se meurt (1962, Erregea hiltzen ari da)-; obra honetan ordea pisu filosofiko gehiegizkoa hartzen du lonescoren antzerkiak, eta hasierako freskotasuna eta erakargarritasuna galtzen ditu.

 

Emile Cioran

1911. Urtean jaio zen Errumanian, eta hantxe argitaratu zituen lehen liburuak, errumanieraz idatziak : Etsipenaren gailurretan (1934) ; Malkoak eta santuak (1937).

1937an, ikasketak osatzeko diru laguntza bat eman ziotelarik, Parisa joan zen, eta betiko geratu zen han. 1947an utzi zuen bere ama hizkuntza, errumaniera, eta hasi zen frantsesez idazten ; Ionescok frantses hizkera aberastu zuen bezala, hausnarketaren eldarnio moduko bat ekarri zion Cioranek frantsesari; Precis de decomposition (1949, Ustelketaren bilduma) da estilo berezi horren lehen adierazpena. Filosofia ikasketak egin zituen unibertsitatean, eta Bergsonen filosofia landu zuen batez ere ; berehala ordea Bergson baztertu eta Nietzscheren alde egin zuen, baina "idolo batzuk suntsitu eta haien ordez beste batzuk ipintzen" zituela egotziko zion Nietzscheri ; nahiago omen zuen Joseph de Maistre -Frantziako Iraultzaren eta Ilustrazioaren etsai nagusietako bat-, eta haren erretratu bikaina egin zuen Essai sur la pensee reactionnaire lanean (1957, Pentsamolde atzerakoiari buruzko saiakera).

1986an argitaratu zuen berriz lan hori Exercices dadmiration liburuan (Mirespenezko ariketak), beste zenbait idazleri eskainitako testuekin batera.

Cioranen lana gaiztoa da, erregarria ; paradoxa, silogismo edota aporiaren irudi logikoak baliatzen ditu absurdua hobeto adierazteko, horretarako oihua, biraoa, arnegua, baita orroaren iturrietatik ere elementuak hartuz ; bere buruaren kontra dago idatzia, gizatasunaren eta munduaren kontra. Munduaren funtsezko gaiztakeria agertzen duten idatzi gnostikoak gogoan hartuz, ezeri ihes egiten utzi nahi ez dion hizketaldi osorik suntsitzaile bat osatuz, kontra-ebanjelio baten modura dago antolatua.

Erlijioa eta jainkotasuna baztertu beharrekoakdira : Le Mauvais Demiurge (1969, Demiurgo gaiztoa) ; historiak, berriz, utopiak sortzen ditu, eta utopiek Gaitza ekarri ohi dute, tiraniaren eta morrontzaren aberraziobihurtzen dena (Histoire et utopie [1960, Historia eta utopia]). Zer egin orduan? Aurrerapenean eta zibilizazioan sinetsi behar al da? Antropofagiaren eta analfabetismoaren kontra borrokatu? Horretarako ere badu erantzunik : horrexetaz dihardute lehen aipaturiko Ustelketaren bilduma eta La Chute dans le temps (1964, Denboran eroria) lanek. Zibilizazioa nahiz aurrerapena, alferrekoak dira biak, ilusioak eta mitologiak ugaritu baino ez baitute egiten : Cioranek vis inertiae-ren alde egiten du, merezi dugun ezereza erreibindikatu behar dugu ahaleginean, eta "existitzeko tentazioari" uko egin.

Aforismoen bidez sarritan, estilo arin batez, etika berezi bat landu du Cioranek, gizon modernoaren eta Mendebaldeko zibilizazioaren balio sistema oro auzitan jartzen duena. Bere obra ere ez du egileak salbatzen : auto-iseka eta auto-ironiarekin jokatzen du etengabe, zeren eta, berak dioenez, "liburu batean dena suntsitu ondoren, liburu hori hera ere suntsizen ez bada, alferrik amorrarazi gaitu".

 

Mircea Eliade

Mircea Eliade Bukaresten jaio zen 1907.. rtean. Poesiazko liburuak eta eleberriak idatzi ditu, errumanieraz eta frantsesez : Maitreyi, 1933 ; La Foret interdite (1955, Baso debekatua), baina erlijioen historia landu du batez ere. Filosofia ikasketak egin ondoren, filosofia eta pentsamolde hinduaren konparazioan espezializatu zen. Lau urte eman zituen horretarako Kalkutan (1928-1931), eta han, sanskritoa ikasteaz gainera, indiar sistema filosofikoak aztertu zituen. Bukarestera itzulirik, mitologia konparatuzko ikerketak egiten hasi zen. Gerra garaian, Errumaniako kultura ordezkaria izan zen Londresko eta Lisboako enbaxadetan. 1945ean Parisa joan zen eta bertako L'Ecole Pratique des Hautes Etudes-eko irakasle jardun zuen, harik eta 1957an Estatu Batuetara joan zen arte. Chicagoko unibertsitateko Divinity School-en irakasle izan zen, eta 1960an History of Religions aldizkari garrantzitsua sortu zuen. Chicagon hil zen 1986. urtean.

Yoga, immortalite et liberte (1936) da Eliaderen metodoaren lehen erakusgarri inportantea . Yoga deskribatu ez ezik, testu brahmanikoen argitan interpretatzen du, eta orobat ikertzen du zernolako sustraiak dituen taoismoan, sufismoan, Sartaldeko alkimian, bai praktikei, bai teoriari dagokionez ; hau da, historia baino areago konparazioa egiten du, erlijiotasunaren azterketa fenomenologikoaren eta tematikoaren bitartez, ageriko ikurretatik abiatuz. Gai honen inguruko liburu eta artikulu asko idatzi zuen, besteak heste, Le Mythe de l'eternel retour (1949, Itzulera etengabearen mitoa), Traite d'histoire des religions (1949, Erlijioaren historiaren azterlana), eta Le Sacre et le Profane (1956, Sakratua eta profanoa).

A History of Religious Ideas (1978-1985, Ideia erlijiosoen historia), hiru liburukiz osatutako lan handia, alor horretan Eliadek bildu zuen jakintzaren bilduma da. Usadiozko historia, aurreko lanetan baztertu zuena, agertzen da hemen : Buddharen bizitza, islamaren zabalkundea, kristau sekten kronologia ... Baina ez da ohiko sintesia, lan honetan logos-aren, kontzientziaren garrantzia azpimarratzen baita, egitura sozialak eta ekonomikoak "idealizatzen" baititu garai jakin bateko teologian. Bibliatik sortutako erlijioek, adibidez, denek dute gizakia ulertzeko modu jakin bat, "kriatura" gisa, eta orobat munduaren bilakaera "jainkozko historia" baten gisa ; ez dira ulertzen beraz Kreazioaren eta Eroraldiaren teologia biblikoaren argitan ez bada. Eliaderen iritziz, ez badira kontuan hartzen erlijio forma baten sorreran nagusi ziren baldintza intelektualak, ezin ulertu dira mitoak eta erritoak, pentsamolde zehatzen arabera finkatuak daudenak ; pentsamolde horiexek argitzea da hain zuzen Eliaderen lanaren xedea.