Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Jean Paul Sartre (1905-1980) Albert Camus (1913-1960)

Jean Pa ul Sartre

 

Bi idazle filosofo : parekotasunak eta aldeak

Jean-Paul Sartre (Paris, 1905-1980) eta Albert Camus-en (Mondovi, Aljeria, 1913 - Villeblin, Yonne, 1960) bizitza, obra eta ideiak paretsuak izan ziren, baina aldi berean desberdinak. Adinez alde handirik ez zutenez gero, gertaera historiko berak bizi izan zituzten, herri berean, Frantzian (kultura berekoak ziren beraz), eta, politikan berriz, ezkerrekoak izan ziren biak.

Antzeko moduan ulertu zituzten bizi izan zituzten gertaera historiko inportanteak : ohartu ziren Espainiako Errepublikaren kontrako altxamenduaren nolakotasun ideologikoaz eta garrantziaz ; Bigarren Mundu Gerran Erresistentzian lan egin zuten, eta bata zein bestea konturatu zen armak isiltzean bukatzen dela gerra, baina ez iraultza, aspalditik datorrena ; hortaz, gizonaren askapen prozesua bultzatu behar zelakoan, ideia horiek zabaltzeko bideak sortu zituzten : Camus-ek, Combataldizkaria (1944) eta Sartre-k, Les TempsModernes ( 1946). Aljeriako Nazio Askapenerako Frontearen alde egin zuten biek Frantziaren kontrako borrokan, eta Stalin-en izua salatu zuten ezkerreko oso jende gutxik halakorik egiten zuenean. Azken finean, bat zetozen Sartre eta Camus intelektualaren konpromisoa ulertzeko moduan, praxia eta teoria bateratu beharrean alegia. Egia da ikusmolde hori belaunaldi oso batena ere bazela, baina egia da halaber belaunaldi haren buruzagi izan zirela Sartre eta Camus.

Sartre-k zioenez, "idazlearen eginbeharra bidegabekeria guztien kontra jokatzeada, edonondik datozela ere" (1947, Questce-que la litterature? [Zer da literatura?]), eta etika estetikaren gainetik jartzen zuen: hau da, literaturaren eginkizun soziala gogorarazten zuen, une hartan ia ahaztua. Izan ere, bai Sartrek bai Camusek beren ideiak adierazteko erabili zuten literatura, eta horrexegatik irakurri (irakurtzen) dituzte, eta eztabaidatu (eztabaidatzen), filosofoek bezala literaturgileek ere. Filosofiak eta literaturak sinbiosi perfektua lortu zuten haien lanetan. Frantses kulturaren une argitsuenetako batean, inguruan zituztelarik Hluard, Gide, Merleau-Ponty, Valery, Mauriac, Malraux, Aragon, Breton, Bataille, Simone de Beauvoir, biak nabarmendu ziren, eta biei eman zieten Nobel saria, Camus-i 1957an, Sartre-ri 1964an (Sartre-k uko egin zion sariari). Alabaina, askatasunaren eta askatasunaren kontrako eraso ororen salaketak deseroso bihurtzen zituen edozein sistematan . Gidaritzat hartu zituzten 60ko hamarraldiko gazte iraultzaileek.

Beren garaiko kulturak existentzialisten artean sailkatu zituen biak. Camus-en protestek ezin izan zuten hura eragotzi. LeMythe de Sisyphe (1942, Sisiforen mitoa), egilearen ustez existentzialismoaren kontrako aldarrikapen zena, pentsamolde harexen agerpentzat hartu zen. Camus-ek arrazoi zuen ordea. Existentzialismoa oso zentzu zabalean hartuta bakarrik esan daiteke Camus higikunde horretan sartzen dela. Azkenik, L Flomme revolte (1951, Gizon matxinatua) lanak eta ondorengo Sartre-rekiko hausturak (1952) argi asko utzi zituzten Camus-en ideiak. Auzi hau ulertzeko ordea, kontuan izan behar da ardatz bera zutela bi idazleen filosofiek : gizabanakoak berak duen oinarrizko balioa, aldi berean balio oinarri-emailea dena, eta existentziaren nagusitasuna.

Askatasunean jarri zuten biek gizakiarenfuntsa, eta askatasun hori errealitatearen errotikako kontingentziatik sortzen da.

Bere lehen eleberrietan -La Nausee (1938, Nazka, Sartre), L Etranger (1941, Arrotza, Camus)- agertzen ziren ideiak, adiskidetasunak eta urteetako lankidetzak, aski dirudite bi idazleak existentzialistatzat hartzeko . Sartre eta Camus-en arteko aldeak ere inportanteak dira ordea. Sartre-k gizakiaz zuen kezkak asmo sistematizatzailea izan zuen beti : lehenbizi, ontologia fenomenologikoa eskainiz L Etre et le Neant (1943, Izatea eta ezereza)-, eta, bigarren, existentzialismotik abiaturik, filosofia marxistaren baitako antropologia bat jaso nahi izan zuelako.

Sartre-ren gizakia gizaki iraultzailea da, historiaren interpretazioarekin konprometitua dagoena. Camus-en ardura, hasteko, gizakiaren askatasuna eragozten duen gauza orotan dago, eta, bestetik, gizaki librea egin nahi du bere konpromisoaren funts bakarra.

Camus-en gizona gizon matxinatua da, bere askatasuna konkistatu ondoren zer egin erabakiko duena. Sartreren testu filosofikoak sistematikoak dira ; testu irekiak dira berriz Camus-enak.

Argitaletxe berean argitaratzen zuten, Gallimard-en -idazle aurrerakoi gehienena zen hartan-, eta Pariseko giro berean mugitzen ziren. Sartre Combat-eko lankide izan zen, eta urteetan izan zen Camus-en zuzendarikide Les Temps Modernes aldizkarian.

1952an lankidetza hori hautsi zen arren, errespetu handia gorde zioten beti elkarri.

Hausturaren zergatiak argigarriak dira bi idazleon arteko aldeak ulertzeko. Gerra bukatu zenean, Sartre-k bere gizarte eta politika konpromisoa sendoagotu nahi izan zuen, eta gehiago hurbildu zitzaion Alderdi Komunistari. "Gerra hotza" iritsi zenean, hautatu beharra zegoela iruditu zitzaion : Sobiet Batasuna ala Estatu Batuak. Bazekien ez zela hautu erraza : "... ez dago Europa sozialista aukeratzerik ; egiteko dago...". Herriak, zapalduek, Alderdi Komunistari jarraitzen ziotenez, berak ere, ahalmen kritikoa eta askatasuna galdu gabe, norabide hura hartu zuen. Azkenean, 1952an, alderdian sartzen da Sartre. Kritikoagoa da orain heren konpromisoa zehazten ez duten intelektualekin . Camus-en urte haietako prozesua alderantzizkoa izan zen. Aljeriako Alderdi Komunistako kide izan zen (1935-1937, egotzi egin zuten), eta Erresistentziaren garaian izan zuen konpromisorik handiena. Combat-eko zuzendaritza uztean (1947), aldendu zen gehiena militantzia klasikotik, eta orduan lotu zitzaion gizon matxinatuaren ikusmoldeari. 1952an, Gizon matxinatuaren kritika gogor bat agertu zen Sartre-ren Les Temps Modernes aldizkarian, eta kritika harexek ekarri zuen banaketa.

 

Literatura lanak

Sartre eta Camus, biak egin ziren famatuak gaztetan argitaratutako eleberriekin (Arrotza, Camus ; Nazka, Sartre) ; eleberriak dira halaber bien azken obra inportanteak, La Chute ( 1956, Erorketa, Camus), Lldiot de la famille (1971, Familiako ergela, Sartre).

Estiloa eta edukiak ordea desberdinak dira. Bestalde, antzerkian ere oso lan inportantea egin zuten biek: Sartre-renak dira, besteak beste, Les Mouches ( 1943, Euliak), Huis-Clos (1945, Atea itxita), Les Mains sales (1948, Esku zikinak); Camus-en antzerki lanetan Le Malentendu ( 1944, Gaizki ulertua), Caligule (1938, Kaligula), L etat de siege (1948, Setioa) eta Lesjustes (1950, Zintzoak) dira seguraski ezagunenak.

 

Sartre

Sartre-ren eleberrietan ez dago irribarre edo gozamenik eragingo duen gertaera edo deskribapenik. Hori dela eta, "literatura ezkorra" dela esan izan da. Baina hori ez da guztiz zuzena : egileak berak eman zuen bere lanaren giltzarria Zer da literatura? lanean. Prosazko idazleak badaki "hitzak pistola kargatuak direla" eta "... prosan, erantsia denean bakarrik [dela] garbia plazer estetikoa". Sartre-ren arabera beraz, edukia nagusitzen zaio formari. Sorkuntza estetiko hutsa poesiaren egitekoa da ; eleberrigilea, nahi ez badu ere, bere garaian bizi da, eta garai hori du inspirazio iturri.

Ikuspuntu horretatik, idazle "engage"aren eredua da Sartre, eta hori guztia kontuan hartuta ulertu behar dira Sartre-ren eleberriak . Filosofia politikoaren eta konpromisoaren gainean daude eraikiak, eta haien arabera osatuak. Sartre-n pertsonaiak izaki arruntak dira, egoera jakinetan gertatzendirenak. Nazka-k fenomenologiak Sarirengan ernatu zituen galderak eta arazoak erakusten ditu ; Askatasunaren bideak, intelektual gazteari sortzen zaizkion zalantzak, bere askatasunaren ikusmoldea eta konpromisoaren beharra ekintzetan gauzatu nahidituenean. Nazka-n, oharkabean ia, edukiaren osagarri izan beharko lukeen guztia (kafetegiak, parkeak, bankuak, liburutegiak, zuhaitzak), piztu egiten da, bizitza hartzen du, eta osagai eraikitzaile bihurtzen da.

Haien existentzia protagonistaren existentzian sartzen da. Salbatzeko ahaleginak egiten ditu, zentzua lortzeko ahaleginak, izakien kontingentziatik kanpora geratzen saiatzen da; baina alferrik da dena, bera ere kontingentea baita, bakarrik dago eta bakardade hori ezin du komunikatu.

Antzerkiari dagokienez, esplizituki definitu zuen Sartre-k berea, "egoerako antzerkia" : "Baldin eta gizakia egoera jakin batean librea bada eta egoera horretantxe eta egoera horrexegatik egiten badu bere hautua, orduan nahitaezko da antzerkian egoera errazak eta gizatiarrak erakustea...".

Antzerki pragmatikoa eta didaktikoa da hau beraz. Denoi dagozkigun alderdiak eta uneak bilatzen ditu, "elkartasunezko egoerak" eragin ditzaten. Mugako egoerak dira, ikusleak teoriak ez bezala hunkituko dituenak . "Etorkizuneko arazoa ez da izango nola izan, nola egin baizik". Hala, antzeztokian gorpuzten dira teoriak : askatasunakonpromisoa Euliak, Esku zikinak-en ;bestea-heriotza, Atea itxita, Morts sans sepulture-n (1946, Hilobirik gabeko hildakoak) . Forma trajikoa aukeratu zuen aurkezpenerako ; bere heroiak heroi borrokalariak dira, faxismoaren kontra, gerra hotzean, kapitalismoaren kontra, hedabideen iruzurraren kontra. Eleberrietan bere ideiak igorri zituen Sartrek, eta antzerkian esplikatu.

 

Camus

Camus-ek antzerkia landu zuen eleberria baino gehiago. Hala ere, eleberri inportanteak idatzi zituen, Arrotza eta La peste (1947, Izurritea) bereziki. Sartre-renak bezala, tesizko nobelak dira hauek ere. Arrotzako protagonistak, Mersaultek, bere azken egunak kontatzen dituenean, bere biografia baino gehiago agertzen du. Deskribapenaren azpitik, gizonak inguratzen duenarekin dituen arazoak kanporatzen dira, eta, hala, gutako edozein izan daitekeela Mersault ohartzen da irakurlea. Arrotza egileak "absurduaren zikloa" deitu zuenekoa da.

Absurdu hori ordea, izan, ez da ezer berez, aitzitik, gizakia-mundua harremanaren ezaugarri nagusia bezala agertzen da. Harreman horren ezaugarria kontigentzia dela erakusten digu pertsonaiak ; bizi ditugun uneen balioa edo esanahia ez datoz kanpotik: une horiexetan dago eta une horiexetan agortzen da. Izurritea ere, Camus-en obra guztiak bezala, mundu itxi bat da.

Pertsonaia nagusiek eredu desberdinak gorpuzten dituzte : Rieux doktorea, Peneloux apaiza eta Tarrou idealista. Egoera gero eta zailagoan jartzen ditu egileak ; izurritea urruti dagoenean erraza da norberaren ideiei lotzea ; baina hurbil dagoenean, hilotzez inguratu gaituenean, geratzen den gauza bakarra denean, ideiak apurtzen hasten dira ; transzendentzia ezabaturik, gizakia baino ez da geratzen. Gizakiaz arduratzea, gizaki hutsa izan nahia, ez besterik, horixe da zailena.

Camus-en antzerkiko pertsonaiek absurdua, beren mugak, onartu egiten dituzte, eta haiexen gainean saiatzen dira mundu hobe bat eraikitzen. Horregatik ez dira ereduzkoak, eta Sartre-renak bezala, egoera jakinetan aurkitzen ditugu. Camusen obretan unibertso itxiak deskribatzen dira ; protagonistek beren mundua nola eraiki duten erakusten digute : ezin dugu haien atzetik joan, baina geure askatasunean pentsarazten digute. Bizitzaren esanahia eta balioa izan ohi dira beti abiapuntuak, baina Camus-ek aldatu egiten du hori : pentsatzen hasi orduko, hautsi egiten da errealitate ordenatua, eta absurdua nagusitzen. Batasun nahiak, absolutuaren irrikak, sorrarazten du absurdua, munduak ihes egiten baitigu.

Gure desirek ez dute mugiarazten, bere horretan jarraitzen du. Zer egin daiteke? Salbazioa gizakiaz kanpo bilatzeak (ideia transzendenteak eta utopiak) edo, existentzialismoak egiten duen bezala (Camusen arabera), ezezkotasunari lotzeak, inora ez daramate. Camus-ek hirugarren bide bat erakusten du bere antzezlanetan : giza bizitzaren osagai gisa absurdua onartu, eta, hortik, zorionaren bila joan : gizataldearen matxinatzea bihurtuko den gizabanakoaren matxinatzea.