Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Andre Breton (1896-1966) Louis Aragon (1897-1982)

Andre Breton

Andre Breton eta Louis Aragon frantses idazleak surrealismoaren aitzindari gisa nabarmendu ziren. Dada higikundea Zurichen agertu zen 1916. urtean, baina eragin handia izan zuen eta berehala zabaldu zen, hesteak beste, Frantziara, nahiz eta Suitza ez bezala, I. Mundu Gerran burubelarri sartuta zegoen Frantzia garai hartan. Garaitsu hartan hasi zuen Andre Bretonek (1896- 1966) Tristan Tzara errumaniar dadaistarekin gutun bidezko harremana, eta haren bidez hedatu zen dadaismoa Frantziara.

Bretonek berehala ikusi zuen dadaismoak lotura handia zuela Apollinaireren eraginez adierazpidearen alorrean berak egindako ikerketekin. Bretonen eta haren jarraitzaileen ikerketa horietan nagusietako bat esaldiak taldean osatuz egin zutena da ;norberak hitz bat txertatu behar zuen esaldian, eta hitzak zein kategoria gramatikal izan behar zuen esaten zitzaion soilik. «Cadavre exquis» («hilotz aparta») izena jarri zioten jolas hari, hitz horiekin hasi baitzuten lehenengo esaldia. Dadaismotik abiaturik, beraz, baina higikunde hari bere ekarpenak eginez eta bere ideien arabera sortu zuen surrealismoa, 1924 inguruan argitara emandako manifestuarekin.

Bretonek hasitako bideari jarraitu zioten beste zenbait egileren artean, aipagarria izan zen Aragonek bere karreraren hasieran higikunde haren ideietan oinarri harturik egindako lana, baina geroago ikusiko den bezala, 1930. urtearen inguruan surrealismotik aldenduz joan zen eta errealismo sozialaren bideari heldu zion.

 

Andre Breton

Andre Breton frantses olerkari, saiakeragile, kritiko eta argitaratzailea Tinchebrayn jaio zen, Frantziako Orne departamenduan, 1896an eta Parisen hil zen 1966. urtean.

Breton izan zen surrealismoaren sortzaileetako bat eta higikunde horrek eman zion ospea. Hark jarri zion, hain zuzen ere, surrealismoari izena, Apollinaireren drama baten azpititulu batean oinarriturik.

 

Surrealismoaren aitzindaria

Bretonek medikuntza ikasketak egin zituen eta adimenaren gorabeherekin kezkatu zen batez ere ; I. Mundu Gerraren garaian erietxe psikiatrikoetan jardun zuen lanean.

Freuden lanak ezagutu zituelarik, subkontzientearen kontzeptuak erakarri zuen batez ere. Eta kontzeptu horretan sakondu nahian hasi zen, hain zuzen ere, idazketaren inguruko esperimentuak egiten.

Bretonen literaturan antzematen denez, eragin handia izan zuten harengan psikiatriak eta olerkigintza sinbolistak, Apollinairek batez ere, eta haien eraginez elkartu zen, hasieran, higikunde dadaistaren jarraitzaileekin. Aipagarria da, alde horretatik, Bretonek Tzara dadaistarekin izan zuen gutun bidezko harremana, nahiz eta1934 ingurutik aurrera heren arteko lotura hori eten egin zen.

1919. urtean, Litterature aldizkaria sortu zuen Aragon eta Soupaultekin batera, eta surrealismoaren oinarrietako bat izango zen idazketa automatikoa lantzen hasi ziren bertan . 1922an surrealisten kongresu nazional bat proposatu zuen Bretonek, surrealismoak, higikunde literario soil izateaz haraindi, gizadia erro-errotik aldatzeko helburua duela zioen ideian oinarriturik. Kongresua ez zen aurrera atera ordea, eta orduan hasi ziren sortzen surrealismoaren jarraitzaileen arteko tirabirak eta hausturak, Bretonen eta Tzara eta Aragonen arteko gorabeherak esaterako.

Gorabeherak gorabehera, Breton gelditu zen higikunde surrealistaren buruzagi eta berak argitaratu zuen, 1924an, Surrealismoaren manifestua, higikunde herriaren printzipioak biltzen zituen agiria. Besteak beste, ametsaren eta erralitatearen arteko muga deuseztu nahi zuen surrealismoak, arrazoia eta eromena, objektibotasuna eta subjektibotasuna elkartu nahi zituen eta kontzientziaren mugak zeintzuk ziren ikertu nahi zuen.

Dena dela, benetako haustura 1929an gertatu zen, Bretonek Surrealismoaren bigarren manifestua argitaratu zuenean, nahiz eta oraindik ez zen garbi ikusi arrazoipolitikoak zeudela tarteko. Izan ere, Bretonek, heste surrealista askok bezala, harreman estua izan zuen ezkerreko alderdiekin eta herak ere alderdi komunistarekin bat egin zuen 1930ean, baina gero kaskartuz joan ziren alderdiarekiko harremanak eta 1935ean harreman hura eten egin zuen, nahiz eta marxismoaren ideiekiko hurbiltasuna antzeman zaion handik aurrera ere.

Haustura haren ondoren Aragon, Tzara eta alderdi komunistarekin bat eginik jarraitu zuten beste zenbait kide egotzi egin zituen Bretonek bere taldetik.

Alemaniarrek Frantzia okupatu zutenean, Bretonek Estatu Batuetara ihes egin behar izan zuen. 1940-1946 bitartean Estatu Batuetan bizi izan zen, baina urte hartan Frantziara itzuli zen. Bitarte horretan, 1942.. rtean erakusketa surrealista bat antolatu zuen eta beste manifestu bat argitaratu zuen, besteak beste.

 

Literatura lanak

Bretonen literatura lan nagusietako bat Soupaultekin idazketa automatikoan oinarriturik idatzi zuen Les Champs magnetiques (1920, Eremu magnetikoak) izan zen. Azpimarratzekoa da idazketa automatikoa ez zutela hartzen esperimentu soil gisa, literaturarako baliabide gisa baizik, testu puru eta garbiak sortzeko baliabide gisa, hain zuzen ere.Baina lan horrez gainera aipagarriak ditu Nadja (1928, Nadja) kontakizuna, eguneroko gertaerak ondoez psikologikoekin nahasturik agertzen dituen antinobela gisa har daitekeena ; L Immaculee Conception (1930, Sortzez Garbia), Paul Elouardekin batera idatzia ; ametsaren eta errealitatearen arteko lotura aztergai duten Les Vases Communicants (1932, Hodi komunikatzaileak), eta L Amour fou (1937, Maitasun eroa) etab.

Baina lan horiez gainera, kontuan hartzekoak dira Bretonen lan teorikoak eta kritikoak : Les Pas perdus (1924, Urrats galduak), Le Surrealisme et la peinture (1926, Surrealismoa eta margolaritza), La Cle des champs (1953, Zelaietako giltza), etab.

 

Louis Aragon

Louis Aragon, Louis Andrieux jaiotza izenez, 1897. urtean jaio zen Parisen eta han bertan hil 1982an. Surrealismoaren aitzindaria izan zen Bretonekin batera, eta harekin batera sortu zuen Litterature aldizkaria 1919. urtean.

 

Surrealismoarekiko atxikimendua

Aragon izan zen, esan bezala, surrealismoaren sortzaileetako bat, eta joera hari jarraituz idatzitakoak ditu obra nagusietakoak . Obra ugari utzi zituen arren (hogei bat olerki liburu eta berrogeita hamar bat hitz lauzko), lehenengo urteetako obren arteanazpimarratzekoak dira : Feu de joie (1920, Pozaren sugarra) eta Le mouvement perpetuel (1924, Betiereko mugimendua) olerki liburuak eta Lepaysan de Paris (1 926, Parisko baserritarra) ipuina. Urte haietan idatzi zuen halaber, Traite du style (1928, Estilo tratatua), estetikari buruzko obra.

 

Errealismo sozialaren bidetik

1927. urtean alderdi komunistan sartu zen Aragon, garai hartako beste surrealista asko bezala, harreman estua baitzuen surrealismoak ezkerreko ideiekin. Baina harrezkero surrealismotik aldenduz joan zen eta 1928. urtean Elsa Triolet errusiar idazlea, bere emazte izango zena, ezagutu ondoren eleberri sozialak eta historiko-politikoak idazten hasi zen : Le monde reel (Mundu erreala), 1947an argitara emandako zikloa eta Les communistes (Komunistak, 1949-1951), sei eleberriz osaturiko zikloa, amaitu gabe utzi zuena, dira bide horretan aipagarriak. Dena dela, surrealismotik errealismo sozialera egindako bidea ez zen bat-bateko kontua izan, eta hasierako obretan ikus daiteke errealismoaren eragina eta geroagokoetan agertzen dira, orobat, surrealismoaren zenbait ezaugarri. Le tresor des jesuites (1929, jesuiten altxorra) da lan horietako bat, dadaismo-surrealismotik hurbilekoa, nahiz eta bide hartatik aldentzen hasita zegoen garaian idatzia izan.

Aragon sobieten aldera lerratuz joan zen, beraz, 1928 inguruaz gero, eta Bretonekiko harremanak kaskartzea ekarri zuenhorrek. Aragonek sobietarren goratzarrea egin zuen, esaterako Persecute persecuteur (1931, Esetsia esesle) eta Hourra l'Oural (1931, Gora Ural) olerkietan, eta Breton berriz, Trotski erbesteratuaren alde agertu zen garai hartan. Aragonek, bestalde, Bretonen bigarren manifestu surrealistaren idealismoa baztertu zuen. Bien arteko harremanak 1933an eten ziren azkenik, eta orduan ekin zion Aragonek lehen aipatu diren eleberri sozialak idazteari.

Aragonen olerkigintzari dagokionez, trantsizio garai bat izan zuen urte haietan.

Poesia konprometitua lantzen hasi zen, batez ere gerra hasi zenez gero. Alemaniarrek Frantzia okupatu zutenean erresistentzian sartu zen eta politikan eta kazetaritzan lan handia egin zuen, ezkutuan. Garai hartako olerki aipagarrienetan abertzaletasunaren kutsua oso nabarmena da, adibidez Crevecoeur (Estutasuna, 1941) eta La Dianefrancaise (Diana frantsesa, 1945) obretan. Gerokoetan, aldiz, maitasunaren gaia erabili zuen batez ere : Les yeux et la memoire (Begiak eta memoria, 1954) eta Elsa (1959), emazteari eskainitako ziklo batean oinarrituak, etab.

Aragon surrealismoaren jarraitzaile gisa nabarmendu zen garaian idatzitako olerkietan irudimen estilistiko malgua izan zuen ezaugarri nagusia Aragonek ; ondorengoetan ere antzeman zitzaion dohain hori, eta aipagarria da molde tradizionalak (estrofa eta errima) berreskuratzeko egin zuen ahalegina ere. Eleberrigintzari dagokionez, kontakizunaren tekniken eraberritzaile izan zen.