Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

XX. mende hasierako ingeles kontalariak David H. Lawrence Robert Graves Gilbert K. Chesterton

David Herbert Lawrence

Mende hasierako ingeles nobelagileak, literatura berriztatu dutenik ezin esan den arren, asko dira eta interesgarriak oso, eta ez dira ahaztu, ez beren jaioterrian, ez atzerrian . Famatuenen artean -arrazoi desberdinengatik, ikusiko den bezala-, D.H. Lawrence, R. Graves eta G.K. Chesterton daude.

 

D.H. Lawrence

David Herbert Lawrence Eastwood-en jaio zen, Nottinghamshire-ko meatze eskualde ilunean. Meatzari pobre bat zuen aita, Arthur John Lawrence, gizon zakarra, eta eskolako andereño burges txiki bat ama, Lydia Beardsall. Bost anai-arreben azkenaurrekoa zen. Meatzari metodisten giroa, oso apala, mixeriazkoa ia, eraginkorra izango zen bere obran, estuasunetatik libratzeko askatasun nahia adierazten baitu. Nottingham-go unibertsitatean ikasten jardun zuen bi urtez ; 1910ean irakasle lanetan hasi zen, baina osasunagatik utzi behar izan zuen, eta bete-betean hasi zen orduan literatura lantzen . Lehen eleberria, The White Peacock (1911, Hegazterren zuria), nerabearo zail baten idealizazioa da, eta hirugarrenak berriz, Sons and Lovers (1913, Semeak eta maitaleak), eraikirik gabe aztertzen du aro hori bera : seme oinazetu baten analisia da, gurasoak banatzen dituen alde sozialak eta afektiboak zauriturik ez baita maitatzeko gai (eleberri horretako pertsonaia bat, Myriam, egilearen lehen maitasunaren erretratu argia da : Jessie Chambers). Ama minbiziaz hil zitzaiolarik (1910), guztiz minduta, Frieda von Richthofen alemaniar baronesaz maitemindu zen, agian beste ama bat ikusten zuelako harengan. Lehen Mundu Gerran,osasuna zela-eta, ez zuen soldadu joan beharrik izan ; baina susmagarria gertatzen zen Friedaren hiritartasunagatik (1914an ezkondu ziren), idazlea zelako eta bizarra zeramalako ; garai hartan The Rainbow (Ortzadarra) argitaratu zuen (1915) eta gogor eraso zioten, lizuntzat joaz ("Zola baino okerragoa"). Cornwall-en hartu zuen babesa eta han hasi zen Women in Love (Emakume maiteminduak) idazten, zenbait pertsonaia Ortzadarra eleberrikoak berak dituena . Emakume maiteminduak 1920 arte ez zen agertuko, Ameriketan. Bere jaioterriaz etsita, urrutian adiskide komunitate bat ("Rananim") antolatzeko ametsarekin, azkenean Cornwall-etik egotzi zuten, bera eta emaztea espioiak zirelakoan.

1919tik aurrera, bizimodu ibiltaria egin zuten senar-emazteek, italian, Australian, Ameriketan, harik eta 1925ean betiko Europan geratu ziren arte. Australian idatzi zuen Kangaroo (1932, Kangurua), eta Mexikon The Plumed Serpent (1926, Suge lumaduna).

Berrogeita bat urterekin, bere azken eleberria hasi zen Lawrence idazten, eztabaida gogorrenak sortu zituena : Lady Chatterley's Lover (Lady Chatterley-ren maitalea). Baina hetikak erabat hartu zuen A Propos of Lady Chatterley's Lover (1930, Lady Chatterley-ren maitalearen gainean) idatzi ondoren ; aldi berean, beste eskandalu bat ere sortu zuen Londresen, biluzia nagusi zen margolanak erakutsiz. Venezian hil zen, urte horretan bertan (1930), hemoptisia batek joa.

Azken urteak, margotzen ezik, Lady Chatterley-ren maitalea idazten eta berridazten eman zituen : liburu horretan nolabait ere gizartearen kontrako garraztasuna kanporatu zuen, eta berretsi zuen bere ustez gizonen eta emakumeen arteko harreman berriek zibilizazioa hobetzeko izangozuten balioa. Liburua kaleratu ezinik, argitalpen mugatu bat egin zen aurrena Florentzian (1928) eta Parisen gero (1929) ; Ingalaterran bertsio zentsuratu bat agertu zen 1932an. Osorik 1959 arte ez zen argitaratu, New Yorken, eta 1960 arte Londresen. Han epaiketa sonatu bat izan zen, tabuzko sexu hitzen erabileraren justifikazioaren inguruan gehienbat. Eleberri honetan, emakume aristokrata bat, senarra gerrako elbarria duena, etxeko ehize zaindariari lotzen zaio, eta azkenean harekin ezkontzen da. Dudarik gabe, eleberriak izan zituen arazoetan, sexuarena bezain inportantea izan zen, edo gehiago, tabu sozialaren haustura.

D.H. Lawrencek heste lan asko idatzi zuen: berrogeita hamar bat kontakizun labur, dozena bat saiakera (psikologia, pornografia eta abarrez), eta lau bidaia liburu : azken horietan daude agian egilearen orririk hoberenak.

 

Robert Graves

Robert Gravesen obra oso zabala da : 1916az gero ehun eta hogeita hamar liburu argitaratu ditu ; obra ugaria eta oparoa da, egilearen izakerari dagokion bezala. Graves, izan ere, humanista baita, eta orobat kritikaria, saiakeragilea, itzultzailea, eleberrigilea eta, batez ere, poeta : antzinako greziar eta erromatar kulturak berraztertzen saiatu den poeta, mitoaren eta poesiaren arteko loturak aurkitu nahian. Bere lan ezagunenakdira I, Claudius (1934, Ni, Klaudio), eleberri historikoa ; Lehen MunduGerrako autobiografia klasiko bat, Good-Bye to All That (1929, Agur honi guztiari) ; eta mitologiaren inguruko azterketak.1895ean jaio zen Robert Graves, Londresen, tradizio intelektualeko familia batean ; gazterik hasi zen poesia idazten, eta hartan jarraitu zuen Lehen Mundu gerran mendebaldeko frontera joan behar izan zuenean ere. Bizikizun erabakigarria gertatu zitzaion lubakietako gerraren izugarrikeria, eta ondorengo hamar urteetan gorabehera psikologikoak izan zituen gerraren ondorioz. Arazoak gainera areagotu egin zituen azkenean banandurik bukatu zen ezkontza zoritxarreko batek. Frantziako lubakietan bizitako gogorkeriek ordea emaitza eder bat izan zuten, zenbait poema eta Agur honi guztiari oroitzapen liburu bikaina.

Poesia hura, hasierakoa, poesia modernistaren baitan sailkatu zuten ; laster utziko zuen ordea Gravesek joera hori, eta 1918.. rtearen ondoren etengabe bilatuko zuen poesian gerrak ekarritako zauriak sendatzeko bidea ; 1923 ondoren, erromantizismoa baztertu eta estoizismo klasiko moduko bati lotu zitzaion. Gauzak hobera egin zuten Laura Riding amerikar poetarekin elkartu zenean (1926) ; hamairu urtez biziko zen harekin ; poesia berri bat hasi zen orduan lantzen, zehatzagoa eta ordenatuagoa ; garai horretan poema asko eta kalitate handikoak idatzi zituen, gaurko ingeles poesiako maisuen mailan ipintzen dutenak. Poesia horretan gehiago jotzen du egileak tradizionalismora modernotasunera baino, metroa eta esanahiaren garbitasuna azpimarratzen duen heinean. Bereziki aipagarriak dira maitasunezko poema tristeak, W.B. Yeats irlandarraren poemekin batera ingelesezko ederrenetakoak baitira.

1929an Mallorcan hartu zuen bizilekua ; hantxe hilko zen 1985an. Han idatzi zituen bere eleberri ezagunenetako batzuk : hasieran aipaturiko Ni, Klaudio (1934) ; Claudius the God (1934, Klaudio jainkoa), Klaudio erromatar enperadorearen kontakizunak, lehen pertsonan eginak, Augusto, Tiberio, Kaligula eta Klaudioren beraren gobernualdiei buruzkoak ; Count Belisarius (1938, Belisario kondea), 11. Mundu Gerrako gertakizunekin oso lotua ; Wife to Mr. Milton (1943, Mr. Miltonen emaztea), XVII.. endeko hizkeran idatzia ; The Golden Fleece (1944, Urrezko idilarrua) -mitologia gaurko ezagutza arkeologiko eta antropologikoen argitan berraztertzen duena.

Aipagarria da orobat The Nazarene Gospels Restored ( 1953, Nazareteko Ebanjelio berreginak), San Pauloren lehen testuak izan zitezkeenak aurkitzeko egindako idaztaldi berria. Urrezko idilarrua-k mitoen azterketa zabalago batera bultzatu zuen egilea, eta haren ondoren bere obra eztabaidatuenetako bat argitaratu zuen, The White Goddess (1948, jainkosa zuria).

Eleberriaren nahiz saiakeraren alorrean, Gravesen asmoa ez da arte lanak osatzea (artea, harentzat, poesia baino ez baita), mendeetan landu diren gaiei buruzko istorioak berak egiatzat hartzen duen moduan berridaztea baizik. Azkenik, ezin da aipatu gabe utzi Gravesen kritikari lana, oso gai desberdinak hartzen dituena : zientzia, erlijioa, literatura. Kritikako lehen lana On English Poetry (1922, Ingeles poesiari buruz) da; oso sonatuak izan ziren 1955an agertu zituen irizpideak, Ezra Pound, T.S. Eliot, W.H. Auden, D.M. Thomas eta W.B. Yeats gaitzetsiz, eta esplikatuz nola egin zuten bekatu, zeinek bere modura, ingeles hizkuntzaren kontra. Jarrera ikonoklasta hori, bestalde, bere buruari ere aplikatu dio Gravesek, bere poemak kondenatuz edo berridatziz. 1990. urtean hil zen.

 

G.K. Chesterton

Gilbert Keith Chesterton Londresen jaio zen 1874an eta Beaconsfield-en hil zen, Ingalaterran, 1936an. Kritikalaria izan zen, eta poesia, saiakerak, eleberriak eta istorio laburrak idatzi zituen. Literatura ikasketak egin zituen Londreseko University Collegen.

1910 arte hiru eratako idatziak egin zituen.

Aurrena, kazetaritza lan ugariak, gizarte kritikazkoak, bere izakera eztabaidazale eta zenbait liburutan bildu zirenak : The Defendant (1901, Salatua), Twelve Types (1902, Hamabi eredu), eta Heretics (1905, Heretikoak) ; azken horretan, besteren artean, inpresionismoari eraso zion -zehazgabea delako-, eta era berean salatu zuen mende bukaerako literaturaren biguntasuna eta H.G. Wells-en utopia sozialisten arriskua, etorkizunaz mintzatzen direlarik, lausoak direlako.

Bigarren motako lanak literatura kritikakoak dira. Robert Browning (1903) lanaren ondoren, besteak beste, Charles Dickens (1906), The Victorian Age in Literature (1913, Victoria erreginaren garaia literaturan), eta William Cobbett (1925) eta Robert Louis Stevenson (1927) idatzi zituen ; denetan ere kritikalari zorrotza da egilea, eta badu bizitasun bat kritikari akademiko askoren gainetik ipintzen duena. Chestertonen hirugarren ardura teologia eta eztabaida erlijiosoa izan ziren. Anglikanismoa utzi eta katolikoa egin zen 1922an. Ildo horretakoak dira Orthodoxy (1908, Ortodoxia), Saint Francis of Assisi (1923), The Everlasting Man (1925, Gizon hilezkorra).

Aipagarria da orobat St. Thomas Aquinas (1933), Santo Tomas Aquinokoari buruzko lan indarrez betea.

Era berean, bidaiari emea izan zen, itxuren azpian ezkutatua dagoen egia aurkitzeko beti pronto zegoen : The New Jerusalem (1920, Jerusalem berria), Sidelight on New London and Newer York (1932, Argia Londres Berriaren eta York Berriagoaren gainean). Poeta ere izan zen; askorentzat, The Ballad of the White Horse (1911, Zaldi zuriaren balada) da Chestertonen lan nagusia. Baina irakurle gehienentzat fikzio idazlea da batez ere Chesterton . Gai izan zen eguneroko errealitatea unibertso fantastiko bihurtzeko, heroiak ohituraren indarrari uko egiten dion unibertso bat : The Napoleon of Notting Hill (1904 Notting Hilleko Napoleon), The Man Who Was Thursday (1908, Ostegun izan zen gizona). Berak sorturiko pertsonaien artean, aita Brownek, apaiz detektibea bera, sarritan argitzen ditu, modu soil baina sakonean, Chestertonen ideia mistikoak.

Egilearen autobiografia, 1936koa, gizonaren eta bere garaiaren dokumentu indarrez betea da.