Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Virginia Woolf (1892-1941)

J. Joyce-rekin batera, Virginia Woolf (1892-1941) dugu Modernism deitu izan zaionaren ordezkari nagusia. T.S. Eliot poetak esan zuen moduan, V. Woolfen kasuan, ordu artean ingelesezko literaturan izan ez ziren familia-baldintza egokiak gertatu ziren : aita aristokrazia britainiar intelektualeko kide bazuen, ama, Julia Jackson, Burne- Jones margolari prerrafaelistaren modeloa izan zen eta J. Margaret Cameron argazkilariaren iloba. Giro intelektual aberatsean hezia, 1912an Leonard Woolfekin ezkondu zen eta 1913an eman zuen argitara bere lehenengo nobela (The Voyage out, joaneko bidaia). 1917an "The Times Literary Supplement" delakoan kolaborazioak egiten hasi ondoren, urte berean, senarrarekin batera, The Hogart Press argitaletxea sortu zuen, garaiko idazle garrantzitsu askoren argitaratzaile bihurtuko zena (besteak heste, T.S.

Eliot, K. Mansfield, E.M. Foster eta R. Graves idazleek argitaratu zuten Woolftarren argitaletxean . Joyce-ren U1iysses-i, berriz, ez zioten argitalpen-baimenik eman).

V. Woolf Londreseko Bloomsbury auzo aberatsaren izena zeraman taldeko kidea izan zen. Idazlearen iloba eta biografoa den Q. Bell-en aburuz, Thoby Stephenek sortu zuen talde hori 1899an (Virginiaren neba zaharrenak) eta 30eko hamarkadan desagertu zen, faxismoa Europan zabaltzen hasi zenean. Abangoardia taldeen ezaugarriak zituen honek, moral victoriarra deuseztatu nahi izan zuen, bereziki sexu-arauei zegozkien jarreretan. Kultur jarduera ugari burutu zituen talde honetan, hasieratik kide izan ziren W. Woolf, L. Strachey, C. Bell kritikaria, D. Maccarthy eta L. Woolfi, geroago, R.

Fry, D. Grant eta J.M. Keynes ekonomilaria lotu zitzaizkien. Taldekoak izan ez arren, beraiengandik gertu, B. Russell filosofoa, T.

S. Eliot poeta eta E.M. Foster idazlea ere badaude. Esan daiteke, psikoanalisia Erresuma Batuan sartu zuen talde hau, garaiko abangoardia intelektuala izan zela.

Esandakoez gain, gauza jakina da, bere ekarpen literarioa onartuz ere, V. Woolfenbibliografia oparoa (dela narratibazko lanek osatzen dutena, dela saiakera edo egunkarietako artikuluek osatua), gorabehera handikoa izan zela, hau da, gaurtik begiratuta, bere lan guztiak ez direla maila berekoak.

Horrez gain, ezin da ahaztu, osasun arazoek idazle honen itzala legendazkoa areagotzen lagundu dutela. Amaren heriotzaren ostean izaten zituen krisi maniako-depresiboak (gehienetan, bere lanen argitalpenekin batera gertatzen zirenak) edo poltsikoetan harriak sartuz Ouse ibaira bere burua boteaz aukeratu zuen hiltzeko modua, esan dugunaren froga baizik ez dira. Dudarik ez dago, " ladies in the sofa" deitzen dituzten E. Barret Browning edo E. Dickinson poetekin batera, gaixotasuna izan zela bere bizitza artistikoaren akuilu, horri "esker" garaiko etxekoandreen betebeharrez (amatasuna, barne) libratu eta bere obra burutzea lortu baitzuen Woolfek.

 

Eleberri nagusiak

V. Woolfen eleberriek pertsonaien barne munduan murgiltzen gaituzte. Eleberrigintza modernoaren ezaugarri berezkoenetakoa den subjektibotasun horrek, alderik alde zeharkatzen du bere bibliografia guztia.

Alabaina, E. Dujardin edo J. Joyceren antzera barne-bakarrizketaren teknika maisuen gisa darabilen idazle honek, lirikotasuna bihurtzen du bere idazmoldearen oinarri.

XX. mende hasieran gailendu ziren narrazio teknika berrien erabilerarekin (barnebakarrizketa, perspektibismoa, denbora narratiboaren etena,...) munduan egoteko eta sentitzeko modu berria iradoki nahi digu.

Errealitatea menderatzen zuen gizakiaren irudira antolatutako nobelagintza victorriararekin konparatuz, Woolfen eredu lirikoak errealitate berriak testuratzen dizkigu.

Alabaina, argitara emandako bere lehenengo eleberriak molde nahiko tradizionalean idatziak dira. The Voyage out (1916, Joaneko bidaia) eleberriak lurralde exotikoetara bidaiatzen duen neska baten barne bidaia kontatzen du. Edozein modutan, testuaren gehiegizko sinbolismoak eta ukitu melodramatikoak sakontasuna kentzen diote kontakizunari. Bigarren nobelak, Night and Day (1919, Gaua eta eguna), geure buruaren ezagutzaz ziharduen. Sinesgarriagoa izan arren, amodiozko harreman bat utzi eta beste bati ekin behar dion neskatxa gaztearen irudia oraindik ere molde tradizionalez egina da.

Jakob's room (1922, Jakob-en gela) dugu Woolfen ekarpen narratiboak bere egiten dituen lehenengo nobela. Jakoben heriotzean bere logelan biltzen diren lagunak narratzaile bihurtzen dira eta hildako lagunaren irudi zatikatua eskaintzen digute.

Horretarako, gertakarien bilakaera kronologikoa irauli egiten da eta kontakizun subjektiboagoaren mesedetan antolatzen.

Orain artean aipatutako nobelez gain, Woolfen bibliografian kritikak gailur kontsideratzen dituen Mrs. Dalloway (1925), To the Lighthouse (1927. Farorantz, itz : A.

Garikano), Orlando (1928) edo The Waves (1932, Olatuak) nobelak azpimarratu beharko genituzke.

Duela gutxi, 1996an hain zuzen, zinemara eraman da Mrs. Dalloway nobela ; nobela horretan Clarissa Dalloway-ren egun bateko 12 ordutan gertatua da kontagai.

Londreseko Big Ben erlojuak zehazten dituen orduen joan-etorrian, eta hirugarren pertsonan antolatutako zehar estilo askean, pertsonaia nagusiaren bizikizun eta oroimenak testuratzen zaizkigu etengabe tartekatzen diren "flash-back"-en bidez. Horrekin batera, eta kontrapuntuaren teknika maisutasunez erabiliz, langile baten zoramen eta suizidioa dira hizpide. Kritikak Joyce-ren Ulysses nobelaren eragina azpimarratu nahi izan du Woolf-en honetan.

Farorantz (1927) nobelan, berriz, askoz ere armiarma-sare konplexuagoa osatzen dute protagonista desberdinen bakarrizketa eta solasek. Ramsaytarrek farorantz egiten duten txangoa da nobela honetako aitzakia narratiboa baina era berean, denbora-jauzi nabermenek garai desberdinetan bizi izandako emozio eta asalduak testuratzen dizkigute . 1914ko arratsalde batean ezinezkoa izan zen irteera, 10 urte beranduago egitea lortzen dute pertsonaiek, baina ordurako zenbait protagonista (bereziki, nobelan garrantzi narratibo dudaezinezkoa duen Mrs.

Ramsay anderea) hilik daude. Pertsonaia desberdinen pertzeptzioen mosaikoa, Lily Briscoe pertsonaiak margotzen duen koadroarekinosatzen da. Hauxe dugu, The Waves-ekin batera Virginiaren nobelarik lortuenetakoa.

Teknika bera darabil, berriro Woolfek, The Waves (1932, Olatuak) nobelan. Hala ere, oraingo honetan, 6 pertsonaia desberdinen barne-solasak finkatzen du nobelaren hezurdura narratiboa. Mugetara eramanez, teknikaren birtuosismo izugarria erakusten du egileak eta egia esan, irakurlearentzat askotan ez da erraza nobelaren labirinto narratiboan ez galtzea. Tartean argitaratu zuen Orlando. A Biography (1928) narratiboki hain ongi burutua ez izan arren, nobela harrigarria da. Protagonistaren bizitza kontatzen zaigu bertan, eta fikziozko biografia honek bere gain hartzen duen epea mendeetakoa da. Sexuen arteko harremanak, bisexualitatea, nobela honen gune ditugun gaiak dira, protagonistaren beraren sexualdaketan gauzatuak. Woolfen azken nobelak,The years (1937, Urteak) eta Between the acts (1941, Ekitaldi artean), aurrekoen joera sinboliko-lirikoan idatzitakoak dira.

1924an eman zuen Mr. Bennett y Mrs.

Brown izeneko hitzaldian aurki daiteke V.

Woolfen obraren oinarrian datzan poetika.

Bertan, garaiko idazle errealistak gogor kritikatu ondoren, idazmolde zatikatuago baten aldeko apostua egiten du idazleak.

Haren ustez, modu hori da zinez "Egia" atxekitzeko bide bakarra, eta horregatik, guztiz beharrezko irizten zien garai horretan, bereziki 1920 ondoko hamarraldian, nobelak izan zituen berrikuntza guztiei.

 

Bestelako idazlanak

Guztiarekin, ekarpen narratibo aipagarriez gain, kritika-lan txalogarriak ere kaleratu zituen Woolfek. Azken batean, idazle honen saiakerak kritika feministaren aitzindari kontsideratzen badira, beraien zorroztasun eta berritasunarengatik izan da. H.

Bloom-en The Western Canon. The Books and School of the Ages (1994, Mendebaldeko kanona, liburuak eta adinen eskola) liburuari begiratu besterik ez dago, esaten ari garenaren lekukoak aurkitzeko. Bloomen aburuz, V. Woolfen jakituria literarioa guztiz da laudagarria. Bere saiakera eta argitalpendesberdinetan, irakurketa maite duela frogatu du, eta maitasun horren adierazle dira egile britainiarrak kaleratutako saiakera guztiak. Horregatik sartu zuen H. Bloomek Woolf mendebaldeko kanona zedarritu duten 26 idazleen artean, beste hiru emakumeren lanekin batera (J. Austen, E. Dickinson eta George Eliot), ekarpen artistiko garrantzitsuak egin zituelako.

Woolfen saiakera-liburuen artean, ezagunenak, dudarik gabe, A Room of Ones Own (1929, Norbere gela), The common Reader (Irakurle arrunta, 1925ean lehenengoa eta 1932an bigarrena) eta Threeguineas (1938, Hiru ginea) dira, eta hiruren artean, lehenengoa da, ezbairik gabe, kritika feministaren ikuspuntutik, hauts gehien harrotu duena.

Norberegela-ren jatorria "Emakumea eta narratiba" titulupean emandako hitzaldietan dago eta argi uzten digu Woolfek historian zehar zergatik ez diren emakume idazle gehiago sortu : emakumezkoek denbora librea, dirua (500 libraz mintzo da Virginia) eta bere gelarik eduki ez dutelako.

Benetan zorrotza da Woolfek egiten duen hausnarketa historikoa. Argi eta garbi uzten ditu XIX. mendean idazle izatea lortu duten emakumezkoen ezaugarri biografikoak . Aipatzen dituen 4 egileetatik (Jane Austen, Bront~ ahizpak eta George Eliot) bi ez ziren ezkondu eta ezkondu zirenek ez zuten seme-alabarik izan. Beraz, garaiko etxekoandre arruntaren perfiletik urruntzen ziren emakumezkoen aurrean daude, bestela izatekotan, ez baitziren idazle izatera iritsiko.

Woolfek dioskunez, XIX. mendeko emakumezkoek presio izugarriak jasan behar izaten zituzten. Ez zuten bizipen handi eta garrantzitsurik sentitu eta ezagutzeko aukerarik, gehienak beraien etxeetatik irten gabe bizi baitziren. Gaur egun guretzat egongela datekeena zen beren unibertso nagusia, eta jendez inguratuta, ezinezkoa zitzaien ezer idaztea. Espazio mugatu horren behaketak ahalbidetzen zien nobelak idaztea, eta genero hau zatika idatz daitekeenez, horregatik ziren urriak emakume poetak. Idazketa, gehienetan, etxeko beste eginbeharrekin uztartu behar zen jarduera izanik, ez da harritzekoa, zenbaitetan, Ch. Bront~ bezalako idazle batek, patatak zuritzeko, idazteari utzi behar izatea.

Bere iritziz, XIX. mendeko proba garaia gainditu zuten emakumeek eta hau horrela izanik, XX. mendeko emakumea prest zegoen irizpide literarioz duina datekeen literatur lana idazteko. Horretarako, ezinbesteko irizten dio gizonezkoaren neurrira antolatuta dagoen perpausa eraldatzeari, bere iritziz, luzeegia baita eta ez baitzaio ongi egokitzen ikuspuntu femeninoari. Perpaus arruntagoak, ohikoagoak bilatu behar ditu, Woolfen ustetan, emakume idazleak.

Hala ere, idazkera berri honekin, V. Woolfek ez du, inondik ere, idazkera femenino bat aldarrikatu nahi, bere helburua emakume bezala idaztea baita, baina emakume dela ahaztu duen emakume bezala. Jakina denez, idazle honentzat, sorketa lanetan androginoak izan behar dugu, geuregan dauzkagun gizon eta emakumezkoak batuz (honi dagokionez, antzekotasun handiak ditu S. De Beauvoir-ekin).

Harrigarria badirudi ere, V. Woolfen lanak ez dira, urtetan, ongi hartuak izan feministen aldetik eta harrera txar hori guztiz azpimarragarria izan da, kritikari angloamerikarren artean. 80ko hamarraldia arte, feministentzat susmagarriak ziren Woolfen lanak, eta hala ez zenean, bere ibilbide narratiboa soilik zen kontuan hartutakoa.

Elaine Showalter-ek, kasu, A Literature of Their Own (1977, Beren literatura) ezagunean, V. Woolf androginia kontzeptuan babesten zela baieztatuko du, eta modu honetan bere egoera zorigaitzekoa ahazten ahalegintzen zela. Ikuspuntu aniztasunean oinarritutako teknika narratiboa gogor kritikatu ostean, bere garaiko kontraesanak teknika narratibo "egokiz" ez aurkeztu izana salatuko du Showalter-ek.