Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Isaak Babel (1894-1940)

 

Garapen bideak

Bizitzea tokatu zitzaion iraultza aldiak eta 1920ko hamarraldian Errusiak bizi izan zuen egoerak bi norabidetan baldintzatu zuten Babelen literatur garapena. Kontuan izan behar da, alde batetik, errusieraz adierazten zen literatura judua -esparru horretan kokatzen da Babelek 1913an argitaratu zuen lehen lana : Staryj Slojme (Salomon zaharra, Kieveko Ogni [Suak] aldizkarian argitaratu zen ipuina)- erabat desagertu zela judu-errusiar aldizkariak ixtera behartu zituztenean . Une hartan, literatura hartako ordezkari asko sobietar literatura gaztean sartu ziren, eta Babel bilakatuko zen denetan ezagunena . Bestalde, gizarte -eta literaturairakinaldi hartan, indarrean jarri herria zen balio-sistemak hartaraxe bultzatuta, ideal berriak beretu eta barneratuko zituen itxaropena jaio zitzaion idazleari. Bi bermagune horietan oinarrituta -sustrai juduak eta sobietar abertzaletasuna- idatzi zuen Babelek bere libururik onena, mundu osoko literaturan obra bakar izango zena : Konarmija (1926, Zaldieria gorria).

 

Zaldieria gorria

Ehun eta berrogeita hamar orrialde inguni baizik ez dituen hogeita hamalau kontakizunez osatutako bilduma hau (1933ko argitaralditik aurrera, hogeita hamabost), zortzi argitalditan argitaratu zen 1926tik 1933ra bitartean. Oro har, kritikak oso harrera ona egin zion liburuari, haina hasieratik izan zituen salaketa politikoak ere.

1920ko udan, Zaldizko I. Gudarostean zegoela Babelek idatzitako barne egunkarian argi ikusten da zer nolako egoera bizi zuen Kirill Liutov izengoitipean Krasnyj Kavalerist (Zaldun gorria) egunkarirako kolaborazioak idazten zituen idazle gazte hark.

Zaldieria gorria liburuko narratzaileak -hini kontakizunetan Liutov deiturapean agertzen da- kontraesan nabarmenak erakusten ditu adierazten dituen iritzien eta portaeren artean . Bakardadera kondenaturiko judu eskolatu hura -judua zelako bezainbat eskolatua zelako bakardadera kondenatua- beldur zen etxean eta auzoan ezagutu zuen kultura judua galduko ote zen, baina, horrekin batera, irrikitan zegoen kosakoen mundu hasa eta izukaitz hartan iraultzaren ideologia zabaltzeko eta txerarazteko. Hala ere, ez zuen guztiz bat egiten iraultzak aldarrikatzen zituen printzipioekin : juduen bizitokietakomundu itogarriak atzera eragiten zion, kosakoen basakeriak izu-larritu egiten zuen eta baita boltxebike batzuen fanatismoak ere.

Bestalde, Zaldieria gorria-ko kontakizunen ordena ez dator bat benetako gertakarienarekin . Errepikatzen diren zenbait elementu paralelok osatzen dute liburuaren barne-jostura korapilotsua : kristau mitologiako hainbat irudi, folklorekoak, zeruko argizagiak, koloreen sinbolismoa, eta beste hainbat leitmotiv. Aipatutako elementu horien bizitasuna eta erabili zuen hizkuntza distiratsua konbinaturik, prosa apaingarri deitu zaion idazkera sortu zuen Babelek.

Skaz formak (aho hizkeraren estilizazioa, gizarte maila apaletakoena, batik bat) eta Babelen hizkeraren berezitasunek kosakoen mundu basati hurbilgaitzak sortzen duen izua oso ongi transmititzen dute. Zaldieria gorria-ren narrazio-ehundura guztia elkarrekin nahasten diren hainbat gaiz osatua dago : hasidismoarekin zerikusia dutenetatik hasi, poloniar katolizismotik pasa eta kosakoen mundua islatzen dutenetaraino, ia hirurehun urtez elkarrekin izandako historia islatzen clutela. Egilea hiru ikuspegietan jartzeak halako harmonia bat ematen dio testuaren antolakunde zorrotzari.

 

Bi kulturatako partaide

Odesskie Rasskazy ( 1921-1932. Odessako ipuinak) izenekoan, Ukrainako portu-hiri hartako unibertso berezia erakusten da, eta horretarako, Odessako hizkera erabiltzen du egileak, ukrainerazko eta yiddish-ezko esaeraz jositako errusiera hura, alegia, zeina Babelen ama hizkuntza -eta gogokoenabaitzen . Gaiak erabat juduak dira, haina egilea ez da deskribatzen duen munduko partaide, Odessako gaizkileen eta lapurren mundua kontatzen baitu. Gogo biziz eta inbidia pittin batez idatzitako ipuinak dira, baina kanpotik, betiere. Liburu horren orrialdeak irakurtzean ozen entzuten da desagertzen ari zen juduen mundu hark Babeli sortzen zion galdu-mina eta pikaro jende harekiko sentitzen zuen halako erromantizismo moduko bat.

Hil ondoko argitaraldietan Istorija moej golubjatni, Pervaja Ijuhov', V podvale, eta Probuzdenie (Nire usategiaren istorioa, Lehen maitasuna, Sotoan eta Esnatzea) ipuinak Avtobiograficeskie Rasskazy (Kontakizun autobiografikoak) izenburupean bildu izanak ondorio okerretera eraman dezake.

Alde batetik, ipuin horiek ez dute ziklo bat osatzen, eta bestetik, tratatzen diren gertaerak eta egoerak ez daude idazlearen biografiatik aterata, nahiz eta haren haurtzaroko giroa maisuki islatzen duten. Ipuin horietako elementu giltzarria, bestalde, haurraren ikuspegia da : begirada horrek ez ditu ezagutzen, ez bereizten, prozesu historikoetatik jaio diren gizarte mailak eta erkidego nazionalak. Begirada hori, neurri batean, Babelek beti izan zuen posizio urrun eta inpartzialarekin bat dator. Besteetatik bakartuak bizi ziren juduen eguneroko bizitza, pertsekuzioak, pogromak, bigarren planoan gelditzen dira haurraren bizitzako gertakari garrantzitsuagoen atzean : amodioaren aurkikuntza, lehen iruzurra, lehen maisua, etab.

Eta, hain zuzen ere, herriaren patu historiko gogorra bigarren mailan erakuste horrek ematen die ipuin horiei benetako trajikotasuna .

 

Antzezlanak

Bi antzezlan nagusi idatzi zituen Babelek : Zakat (1926-1927, Ilunabarra) eta Marija (1935 ; Maria). Lehenengoak paper berezia jokatzen du Babelen literatur biografian . Antzelanaren gaia Odessako ipuinak-etik aterata dago, eta hangoak dira, orobat, obrako giroa eta pertsonaiak ere.

Baina, epikaren generoan gertaera bitxi soil bat zena, gai jasoago eta seriosago bilakatzen da forma dramatikoan. Gai hori bera -belaunaldien ordezkapenaren betiereko trajedia- lehen ere erabilia zen errusierazko antzerkigintza juduan, baina Babelen lumak maisu lan bilakatu zuen tragedia hori, batez ere, herri juduak Bibliako antzinako jakinduria historian zehar bereganatu eta eguneroko jakinduria bilakatu zuelako. Bestalde, ilunabarraren sinbolismo zabalak juduen aro patriarkalaren eta antzinako bizimoduaren galera adierazten du. Babelek ez zion mundu hari negar egin, baina hari itsatsita geratu zen, eta ez espiritu soilez, baita gorputzez ere. Egunsentia nolakoa izango zen eta zer nolako mundu berria argituko zuen ez zekien idazleak. Estutasuna eta goibeltasuna nabarmen antzematen dira antzezlan horretan, eta obra horretxek markatuko zuen, hain zuzen, Babel beraren ilunabarraren hasiera ere. Politikaren munduko beste gertaera askorekin batera (Stalin-en diktaduraren hasiera, nekazarien hondamendia, industrializazio basatia) paper garrantzizkoa jokatu zuen Babelek hain maitea zuen herri judu tradizionala Errusiatik aienatu izanak : idazle judu-errusiarra jaio eta hazi zen mundua betiko desagertzea ekarri zuen horrek.

 

Azken urteak

1930eko hamarraldian, hala ere, zalantzarik gahe Babelen maisu lanen artean sartu behar diren zenbait kontakizun idatzi zituen, bai ikuspegiaren zorroztasunagatik, bai deskripzioen distiragatik, bai oharmen psikologiko zehatzagatik : Doroga (1930, Bidea), Ulica Dante (1934, Dante kalea) eta Di Grasso (1937).

1925etik aurrera, Babelek zinemarako lan egin zuen, filmetarako argumentuak idazten. Hasieran, Sholem Aleichem-en gaietan oinarrituta, gero, bere ipuinetatik aterata, eta, azkenean, enkarguzko lanak egiten, soldata ateratzea beste helbururik ez zuela. Etengabeko eraso politikoen pean, lehendabizi, gerra zibilari buruz margotu zuen koadroa behar bezain heroikoa ez zelako, eta ondoren, isilik egon izanagatik, Babel "bidelagunen" multzoan sailkatu zuten, hau da, langile klaseari eta haren literaturari leial izatea zin egin ez zioten idazleen multzoan. Gorkiren sustengua eta adiskidetasuna benetako babesa izan ziren Babelentzat. Baina hura hil ostean, "purgahandien" mende erori zen Babel, eta, atxilotu ondoren, Siberiara eraman zuten.

Babelen obraren funtsa, gehienetan, aurkakotasunean oinarritzen da, eta talka hori izan ohi da kontakizunaren mamia : humanismoa-ankerkeria, idealismoa-sentsualtasun baldresa, erabakitasun heroikoa-zalantzak, pertsona eskolatuak-kosakoak, ironiasentimentaltasuna, etab. Dikotomia horren presentzia atergabeak, askotan, Babelengan erromantiko bat ikustera eramaten du. Idazleak berak idatzita utzi zuenagatik, Gogol, Maupassant, Flaubert eta Gorki gaztea izan ziren Babelengan eragin handiena izan zuten autoreak. Nolanahi ere, erabilitako gaiengatik eta idazkeragatik, Errusiako 1920ko belaunaldiko literatur mugimenduan sartzen den arren, ez da ahaztu behar errusieraz idatzitako literatura juduaren barruan ere kokatu behar dela Isaak Babel.

Behin stalinismoa bukatu eta gero, pixkanaka-pixkanaka, Babelen idazlanak argitaratzen hasi ziren eta haren izen ona berriro bere tokia hartzen joan zen. 1960 ingururako, mundu osoan zabaldu zen Babelen obrarekiko interesa, eta geroztik ez du gutxiagora egin.