Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Antonio Machado (1875-1939)

 

Machado, poeta

Antonio Machado Sevillan jaio zen 1875.. rtean, tradizio liberal eta intelektualeko familia batean, baina familia Madrila aldatu baitzen, garai hartako eskolarik aurrekoienean ikasi ahal izan zuen Antoniok, "Institucion Libre de Enseñanza" ikastetxean -urte batzuk geroago, besteak beste, Federico Garcia Lorca poeta, Luis Buñuel zinemagilea, Salvador Dali margolaria bilduko zituena-. 1899. urtean Parisa joan zen, aurreneko aldiz, eta han ezagutu zituen, beste askoren artean, Ruben Dario -bere lehen poemetan eragin handia izan zuena-, Anatole France, Oscar Wilde. Parisen egin zuen beste egonaldi batean, Henri Bergson filosofoaren eskoletara joan zen (1910). Bergsonen irakatsiek, zenbait puntutan uko egingo zien arren, eragin handia izan zuten Machadoren pentsamoldean.

Machadoren poema lirikoen lehen bilduma, Soledades (Bakarraldiak) 1902. urtean argitaratu zen. Lehen poema hauetan agerikoak dira Gustavo Aldolfo Becquer poeta erromantikoaren eta Ruben Darioren modernismoaren oihartzunak, zenbaitetan elkarren kontrakoak ere gertatzen direnak ; nolanahi ere, Becquer-en eragina nagusitzen da oro har poemetan : arimaren barrena, arimak dioena -ezer baldin badio-, bere ahots propioaz adierazi nahia. Bilduma hura zela-eta, bere poesiaren "intimismoaz" mintzatu zen Machado, zeina "izpirituaren taupada sakon batetik" sortzen baita, eta "munduarekiko harremanaren erantzun bizi" modura adierazten. Aipagarria da nola hasieratik bertatik ohartzen den Machado geure burua ezagutzeko dugun ezintasunaz ; garai hartako beste espainiar idazleengan baino askoz ere argiago agertzen da hemen Mendebaldeko filosofia eta kulturaren baitako prozesu zabal bat -Nietzscherengandik hasita azken ehun urteak hartu dituena-, alegia, "Ni-aren krisia" deitu den hori.

Bakarraldiak-eko poemetan, Machadok, idazteko unean bizileku zuen Madriletik, Sevillako etxeko patioa eta hango iturri marmartiak, kale estuak, umeen ahotsek betetzen dituzten plazak, lorez betetako balkoiak eta lorategi isilak gogoratzen ditu.Oroitzapen biziak giro eta paisaiekiko lotura estua eta berehalakoa sorrarazten du, halako moduan non gauzak, izadia, denbora, solaskide bihurtzen baitira. Gaiak ez dira oso ugariak, eta behin eta berriz aipatzen dira, poetak iradozikun ahalmen oro atera nahiko balie bezala : badira egoera inportanteak (ilunabarra) eta badira sinboloak (iturria, noria), Machadok bere hausnarketaz beteko dituenak, iraganari eta orainari, heriotzari eta bizitzari buruzko hausnarketaz.

1907an berriz argitaratu zen, osatua, bilduma hau, Soledades, galerias, otros poemas izenaz (Bakarraldiak, galeriak, beste zenbait poema), iraganaren bihurrera eta gizakiaren patua iradokitzeko sinbolo berriak baliatzen dituena : ibaia, galeria ; aldi berean, ukitu estilistiko trebeen bidez, aurreko gehiegikeria modernistak ezabatu zituen egileak, eta pasarte sentimentalak kontzeptuen aldetik argitu. Urte hartan bertan, 1907an, Soriara bidali zuten institutuko frantseseko irakasle gisa. Hantxe aurkitu zuen poetak emaztea, Leonor, hamabost urteko neskatxa -Machadok hogeitamalau urte zituen ezkondu zenean-, eta han aurkitu zuen Gaztelako paisaia -98ko belaunaldi osoaren ikurra izango zena-, errealitatearen irakaspen gertatu zitzaion, objektibotasunaren erakusgarri, aurreneko poemetan jada zalantzan jarri zuen subjektibotasun erromantikoari kontrajarria.

Hain zuzen ere, Campos de Castilla deitzen zen Machadoren bigarren poema bilduma handia, 1912an argitaratu zena (Gaztelako zelaiak). Paisaia, objektibotasunaren adierazgarri ez ezik, Espainiaren egoerari buruzko gogoeten abiapuntu gisa ere ageri da poema hauetan. Aldi berean ordea, gauza intimoago eta sakonago bat ere sortzen da, "bestea", emakumea ; Leonor.

Baina hiru urteren buruan hil zen Leonor tuberkulosiak jota, eta Andaluziako hiri txiki batera aldatu zen poeta alargundu berria, Baezara ; han, bakardadean, filosofia lantzen hasi zen.

Gaztelako zelaiak-eko poemekin, giro modernista behin betiko utzirik, Erdi Arokotradiziora itzuliz eta Andaluziako paisaia gozoaren ordez Gaztelako paisaia gogorra kantatuz, 98ko belaunaldiko moraltasunaren poeta gisa nagusitu zen Machado.

Unamunoren eragina erabakigarria da liburu honetan, eta berezkoa dirudi erromantzeen estilo liriko-epikoarekiko lotura.

Poemak sarritan luzeak eta egitura konplexukoak dira, Gaztelako lekuak gogoratzen dituzte eta Duero ibaiaren ibilbidea jarraitzen, Moncayo mendiaren oinean.

Laztasuna eta handitasuna, kolore ilunak eta zeru zabalak, urtaroen aldizkatzean eta argien ugaritasunean kantatzen ditu Machadok . Izadiaren handitasunak hartuta, bigarren mailan geratzen da ni-a ; aldi berean, hementxe hasten da gerora Machadoren lanean hain garrantzitsua izango zen bikoiztasun moduko hori, Juan de Mairena eta Abel Martin "apokrifoak", asmatuak, ekarriko zituena.

1917an Gaztelako zelaiak-en beste edizio bat agertu zen, aski zabaldua : poema batean bere burua Baezan deskribatzen du, Bergson eta Unamuno irakurtzen, ironiaz betetako autoerretratuan. Unamuno maisu izan zuen beti, eta hain zuzen ere Baezatik, urte haietxetan, gutun mamitsuak bidali zizkion, inguratzen zuen andaluziar gizartearen bidegabekeriak eta miseria kritikatzeaz gainera, bere emazte hila gogoratuz, heriotzaren ondoren irauteko irrika adierazten dutenak.

Hurrengo liburua, Nuevas canciones (Kanta berriak), 1924an kaleratu zuen.

Poema sail aberatsa da, baina ez aurreko biak bezain trinkoa, itxuran behintzat.

Horren zergatia konposizio eta metrika ereduetan egon daiteke : Andaluziako cante hondo-a, kopla zaharrak, haikua eta sonetoa, hitzaren mamira heltzeko behar zituen forma guztiak hartu zituen poetak.Badirudi eskema metriko andaluziarrak, geroago Garcia Lorcak erabiliko zituenak, hobesten dituela ; baina ardura metafisiko bat dago sakonean, gauzak ezik, misterioaren seinale sekretuak bilatzen dituena.

Heraklito, Pitagoras, Platonen metafora filosofiko handiak (etengabe isurtzen den ura, lira, leize-zuloa), mitologia klasikoa eta Ebanjelioa, hausnarketa poetikoaren gai dira, eta forma poetikoa ematen diete bizitza eta izakiari buruzko galderei.

 

Machado, filosofoa eta plazagizona

Sentimendu eta eginkizun herriek markatuko dituzte 1924-1932 urteak, Segovian igaroak, jadanik maisutzat hartzen zuten poeta gazteez inguraturik zegoenean : "Guiomar" (Pilar Valderrama) maiteari eskainitako poema bakan ederrak, bere anaia Manuelekin batera idatzitako antzerki lanak, prosazko lanak (Complementarios [Osagarriak, gehienak hil ondoan argitaratuak]), Cancionero apocrifo (1926, Kantutegi apokrifoa), Juan de Mairena (1936an argitaratua) . Horiek guztiek diskurtsu koherentea eta bateratua osatzen dute, eta azken ondorioetaraino daramatzate poetaren gogoetak.

Erreferentzia filosofikoez betetako idatziak dira (presokratikoak, Platon, Leibniz, Kraus, Kant, Bergson, Unamuno, Heidegger), eta ni-aren eta bestearen arteko harremana dute gai nagusia (jadanik Gaztelako zelaiak-en ageri zena). Baina oraingoan irtenbide bikoitza aurkitu du poetak, teoriazkoa eta irudizkoa . Teoriazko irtenbidea ukoaren erlijio moduko bat da, Ezereza den bestearen kontenplazioa, Hutsaren kontenplazioa. Irudizko irtenbidea herriz, heteronimoen asmakizunean datza, Fernando Pessoa portugaldarrari jarraituz seguraski. Machadoren arabera, berak hainbeste gaitzesten zuen intimismo hartatik ateratzeko, norberaren iraganaz libratu beharra dago, eta iragan apokrifo batera jo. Hala, poeta sail luze bat asmatu zuen (haietatik, Abel Martin eta Juan de Mairena-k iraungo zuten luzaroan), bere poesiaren egileak izango zirenak. Itzuri egin zion beraz pertsona historikoaren predeterminazio ezin saihestuzkoari, eta era horretan nolakotasun absolutua eman ahal izan zien gairik zailenei (maitasuna, denbora, heriotza).

1932an Madrilen hartu zuen egoitza, eta han gertutik bizi izan zituen Errepublikaren sorrerako gertaerak. Berrikuntza giro pozgarri horretan kokatu behar da Juan de Mairena. Machadoren helburu kritikoak eta bere teoriekiko leialtasuna galtzen ez diren arren, pedagogia nagusitzen da obra honetan . Ironia handiz, errukirik gabe kritikatzen ditu "betiko" ideiak, zaharrak nahiz berriak ; oso argi agertzen da lan honetan -harrokeriarik batere gabe- kultura europar zabala duen gizona. Hitz lauzko orri argiak dira, tonuen ugaritasunak eta estiloen aldizkatzeak bizitasuna ematen dietenak.

Gerra zibilak (1936), poetaren barnerakotasuna hautsita, plazara aterarazi zuen : minez zegoen arren, hitzaldiak egin zituen, aldizkari politikoetan lan egin zuen, propagandako erakundeen zuzendari izan zen : eskura zituen modu guztietan borrokatu zen Espainiako atzerapenaren erantzule ziren indarren kontra, herriarekin zuzenean hitz eginez. Machadoren azken poemetan beti ageri da, latz, gerra. 1939ko urtarrilean, Francoren osteak Madrilen sartzekotan zirela, Frantziako muga igaro zuen Machadok ; hilabete geroago hil zen, Colliuren, muga hartatik ez urruti.