Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Italo Svevo (1861-1928) Luigi Pirandello (1867-1936)

Italo Svevo

 

Italo Svevo

 

Idazle ezezaguna

Svevo Joycerekin eta Proustekin parekatu izan dute, XX. mendeko nobelagile handien mailan, alegia. Svevoren obra hizkuntza askotara itzuli zen, baina harik eta Eugenio Montale olerkariak italiarrei haren berri eman zien arte, eta are geroztik ere, Svevo nobelagile ia ezezaguna izan zen, Italian inor gutxik irakurria, italieraz idatzi zuen arren.

Svevok berak gehiago zeukalako bere burua kosmopolitatzat italiartzat baino, ez baitzen kultura bakar batean hezia, eta munduaren ikuspegi oso unibertsala zuelako orobat izan zen agian hain ezezaguna bere herrialdean bertan. Gainera, berea ez zuen hizkuntza batean idazten zuen, eta italiar kritikari askok zorrotz epaitu zuen italiar tradizioak bere-bereak dituen apaingarri erretorikoz gabetutako idazkera hura.

Triesten jaiotako italiar bitxi hark ez zuen deusik, itxuraz, bere herritarren oniritzia bereganatzeko ; baina, harrigarriagoa dena, atzerrian ere, kritikariek goraipen handiak eginagatik, ez zuen izan, adibidez, Italian aski ezezaguna gertatu zen beste idazle handi batek, Pirandellok, atzerrian izan zuen ospe handia.

 

Burges giroan idazle

Etorre Schmitz, Italo Svevo goitizenez, Triesten jaio zen 1861ean. Ama italiarra zuen eta aita merkatari judua, jatorriz Renaniakoa.

Garai hartan Trieste Austriaren baitan zegoen, baina Schmitz familia Italiazale sutsua zen.

Svevo oso egoera anbiguoan zegoen beraz : sentimenduz italiar abertzalea zen, hizkuntzaz triestetarra, kulturaz alemana -umetan berak eta bere anaiek Bavarian ikasi zuten, alemanez, eta geroztik Svevok alemanari uko egin baldin bazion ere, hizkuntza horren aztarnak ezin garbiagoak dira haren obran-.Gurasoek kiebra jo baitzuten, Svevok banku batean hasi behar izan zuen lanean, eta han bizi izandakoa bere lehen nobelara aldatu zuen : Una vita (1892, Bizitza bat).

Liburu hark oso harrera ona izan zuen kritikarien artean, baina ez hainbeste irakurle arrunten artean, izan ere, ordu arte italiar literaturan ezezaguna zen genero bat landu baitzuen, erromantikoen gisako azterketa nobela eta naturalismo ironiko eta gupidagabea nahasten zituena. Bide horri eutsi zion, eta 1898an Senilita (Zaharreria) idatzi zuen, baina bere garairako azterketa sakonegiak eta ankerregiak oso modu bitxian egiten zituen liburu hori axolagabe hartu zuten irakurleek zein kritikariek.

Bere hirugarren nobela handia, La Coscienza di Zeno (1923, Zenoren kontzientzia), teoria psikoanalitikoak -aitaren eta seme-alaben arteko harremanak, ametsen interpretazioa...- nobelara aplikatzeko lehenengo saioa, Svevok berak bere kontura argitaratu behar izan zuen. Svevok ez zuen inoiz Freuden metodo psikoanalitikoa terapia baten gisa ikusi, psikologia tradizionalak ikerketarako eskaintzen zituenak baino baliabide finago eta zehatzago baten gisa baizik.

Nobela hori joycek Benjamin Cremieux eta Valery Larbaud idazleei bidali zien, eta horiek laudorio handiak egin zizkioten eta idazle txit bikain eta ordu arte ezezagun gisa aurkeztu zuten Europako kritikari eta literaturazale guztien aurrean. Aintzat hartze horrek halako zalaparta handia sortu zuen Italian, zeren eta italiar kritikari batzuek, italiar idazle bat aurrena Italiatik kanpokoek goraipatu izanaren suminez, gogotik ahalegindu baitziren, haren estilo eta gramatika akatsak agerian jarriz, Svevo baztertu izana zuritzen.

Bitartean, Ettore Schmitz ezkondu egin zen, seme-alabak izan zituen, bankua utzirik fabrika batean hasia zen lanean, eta zuzendaritzan ari izan zen bere aitaginarreba-amaginarrebaren berniz olan. Bere familiarentzat bizimodua moduz ateratzea beste zereginik, itxuraz behintzat, ez zuen gizon hura ondo kokatua zegoen bere idazki batzuetan -Diario per la fidanzata (1896, Egunkaria andregaiarentzat)- gogor kritikatua zuen burges klase hartan bertan, ez zion ordea uko egin literaturari : egunkari bat idazten jardun zuen etengabe, oharrak idazten zituen han-hemen, gogotik irakurtzen zuen -filosofo eta olerkari alemanak, Schopenhauer, frantses naturalistak, errusiar nobelagileak, Ibsen, Txekhov, Freud, Kafka-, eta idazleen lagunartean ibili zen, batez ere Joycerekin, Triesten bertan ezagutu zuenetik oso adiskide egin baitziren ; joyce Svevoren ingelesezko irakaslea izan zen, Svevoren idazlan batzuk itzuli zituen, eta idazle handitzat zeukan.

Zenoren kontzientziak arrakasta handia izan zuen kritikariengan, baina Svevok ez zuen arrakasta harez gozatzerik izan : Trevison hil zen 1928an, auto istripu baten ondoren. Argitaratu gabe utzi zituen bai kontakizun luze bat, Il Biton Vecchio e la bella fanciulla (Agure ona eta neskatxa ederra), eta bai Confessioni del vegliardo (Agurearen aitorkizunak), Zenoren kontzientzia-ren segida moduko bat. Hil aurretik samin handia sortu zion Pirandellok bere lana aintzat hartu ez izanak.

 

Zalantzaren mugan

Svevoren pertsonaia nagusiak egilearen beraren ordezko modukoak dira, ez baitzuen egile horrek inoiz besterik egin bere bizitzaren aldi bakoitzean bere buruari, bere ni-ari, begira egon baizik. Hortaz, Svevoren pertsonaien zeregin nagusia bertan goxo egotea da, borondatea indargabetzea,inondik ere ezertan esku har ez dezan, era horretara gorde ahal izan dezan nork bere izate berezia, eta etsi dezan orobat kontzientzia gaiztoaren oinazetan eta atseginetan ezer erabaki gabe zain egotera. Jarrera horrek ez du dramaren inongo kutsurik, ez baitago drama baino gauza arrotzagorik Svevoren pertsonaientzat, berez dira eta askatasunera eta luzamenduetara emanak, erabaki ororen etsaiak, ezer bukatzeko inolako gogorik gabeak.

Orain arte esandako guztia bikain gorpuzten da Zenoren kontzientzia liburuan, «norberaren baitatik idatzia eta irakurlearen baitara zuzendua» baitago, eta, aldi berean norberaren baitatik ihesi eta bizitzari ezin atxikiago, ironia eta barne azterketa eroa nahasirik, ni-aren eta hark sumatutako gauzen arteko muga-muga horretara iristen da, non gauza horiek, ilunaren ilunez eta haien baitan sartu ezinez, garden eta iheskor bihurtzen baitira, arimako egoerak bezalatsu : sartu-ez sartu zalantzan zauzkan etxe baten ataria nola.

 

Luigi Pirandello

 

Erroak Sizilian, ospea mundu osoan

Luigi Pirandello Agrigento-n (Sizilian) jaio zen 1867an eta Erroman hil zen 1936an.

Unibertsitate ikasketak Alemanian egin zituen, eta gero Erroman hartu zuen bizilekua idazle profesional gisa. 1894an Antonietta Portulanorekin ezkondu zen ; ezkondu ziren arte ez zuten senargai-andregaiak hitz egiterik izan, neskaren familiak etxe barruan itxian eduki baitzuen, Siziliako ohiturei jarraiturik. Uholdeen ondorioz haien familiek lur jo zutenean Antonietta zeharo erotu zen, familien kontura bizi baitziren, eta azkenean, 1918an, eroetxe batean sartu behar izan zuten.

45 urteko ibilbide literarioan Pirandellok lau olerki bilduma, zazpi nobela, berrehundik gora ipuin, berrogei bat antzerki lan, eta bi saiakera idatzi zituen. Ipuinak izanagatik haren obraren alderdirik aberatsena eta agian orijinalena, Pirandello antzerkiari esker izan zen ospetsu ; 1934an Nobel saria eman zioten.

 

Nobelak

Pirandellok idatzi zituen zazpi nobelak ez dira denak balio eta kalitate berekoak.

Aurrenekoa, L Esclusa (1901, Baztertua), «verismoa» deritzan literatura higikundearen eragin handia du. Hurrengoak, Il Turno (1902, Txanda), Si gira (1915, Filmatzen), Uno, nessuno e centomila (1926, Bat, inor ez eta ehun mila) erdipurdiko nobelatzat hartu izan dituzte kritikariek, baina badirabi nobela Pirandelloren obran garrantzi handia dutenak : Il fu Mattia Pascal (1904, Mattia Pascal zena) Pirandellok gerora bere antzerkian landuko zituen gizarte eta psikologia gaiak aipatzen dituena, eta I Vecchi e i Giovani (1908-1909, Zaharrak eta gazteak), Italiak batasuna iritsi berritan belaunaldien eta klase sozialen arteko liskarrak aipatzeaz gainera, politika eta gizarte sistema eratu herri hark sortzez zituen akatsak zehatz aztertzen dituena.

 

Ipuinak: Vergarengandik Kafkarenganaino

Pirandelloren ipuin ugarien artean bereizkuntza garbirik edo bilakaerarik nekez bereizi badaiteke ere, lau bat multzotan sailka daitezke hala ere, multzo bakoitza beste batzuekin konbinatzen dela askotan.

Lehenik, »»verismoaren» eta bereziki haren sortzaile Giovanni Vergaren eragina duten ipuinak : La Giara (Txarroa). Badira baita ere abstraktuak esan dakiekeen ipuinak : La Tragedia d'un personaggio (Pertsonaia baten tragedia), Colloquii coi personaggi (Elkarrizketa nire pertsonaiekin). Errealitatetik paradoxara eta harrimenera lerratutako ipuinak : Ma non e una cosa seria (1918, Ez da gauza serioa). Eta, azkenik, harrigarritasunezko eta errealitatetik kanpoko ipuinak : Caff notturno (Gaueko kafea), Paura del sonno (Loaren beldurra). Pirandelloren ipuinak haren antzerkiaren ernamuina izan ziren, bai pentsakeraren aldetik eta bai alderdi teknikoaren aldetik.

 

Antzerkia : vaudevilletik antzerki berrira

Lehenik aipatu beharra dago Pirandelloren antzerkiak iritzi guztiz kontrajarriak sortu zituela alde bateko eta besteko kritikari eta irakurleengan ; iraultzailetzat zeukatenek neurriz gain goretsi zuten, eta zaharkitua eta modaz pasea iritzi ziotenek jipoi handia eman zioten.

Hasieran Pirandellok komedia burgesa landu eta moldatu zuen, eta hari azpiak jateko eta zatikatzeko elementuen bidez zeharo aldatu zuen antzerki mota hura.

Vaudevillearen oinarri oihiturazkoak ustegabeko moduan landuz, azpikoz gora jarri zituen garai hartako teatroaren egiturak : Cosi e [se vi pare] (1917, Nork bere egia), 11 Piacere dell'onestd (1917, Prestu izatearen atsegina), Il Giuoco delle parti (1918, Antzerkianjokatzeko paperen jokoa), Tutto per bene (1920, Hobe beharrez).

Garai beretsuan Pirandellok antzeko zerbait egin zuen jatorria «verismoan» zuen antzerki dialektalaren alorrean. Sizilieraz idatzi eta antzeztutako bere obra asko italieraz moldatu zituen. Bizitasun andiko lanak ziren horiek, bai gertaeren aldetik etabai elkarrizketen aldetik, eta horietako asko Pirandelloren heraren ipuinetan zeuden oinarrituak : Txarroa (1917), La Patente (1918, Patentea), Sagra del signore della nave (1924, Itsasontziko jaunari eskaintza).

1920etik 1930era, Pirandellok halako dramaturgia berri bat sortu zuen, eta, Brechtenarekin batera, joera berri hura izan zen XX. mendearen lehenengo 50 urteetan antzerkiak izan zuen iraultzarik handiena.

Ezaugarri hauek dira nabarmenenak : antzerki modu tradizionalak iraultzea, psikologiari dagozkion arazoak lantzea, eta gizarte liskarren eta gizabanakoen arteko harremanek gizartean duten zereginaren sena izatea . Urte hauetako obra handietan gizonari buruz egiten du Pirandellok gogoeta antzerkiari buruz bezainbat, eta gogoeta hori aldi berean egina da, gizonaren bizitza antzerkia delako, eta antzokia delako gizonak bere buruaz gogoeta egiteko baliatzen duen lekua.

Sei Personaggi in cerca dautore (1921, Sei pertsonaia egile baten bila) antzerki lanak eman zion hasiera bai aldi hari eta bai egileak nazioartean izan zuen arrakasta handiari. Axaletik melodrama erabatekoa izanik, funtsean barne bizitzaren azterketa egiten du, eta antzerkira aldatzen du azterketa hori. Antzerkia antzerkiaren baitan esan dakiokeen horren tankera beretsuko obrak dira Ciascuno a suo modo (1924, Nork bere modura) eta Questa sera si recita a soggetto (1930, Gaurgauean gai jarritako errezitaldia).

1928tik aurrera, Pirandellok bere nobeletan aipatuak zituen gai batzuk oso bestelako teknikaz antzerkirako moldatu zituen : La Nuova Colonia (1928, Kolonia berria), Lazzaro (1929), I Giganti della montagna (1931, 1934, 1937, Mendiko erraldoiak).