Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

William Butler Yeats (1865-1939)

 

Irlandar poeta

William Butler Yeats Dublinen jaio zen 1865ean, eta Frantziako hegoaldean hil zen, Roquebrune-ko hirian, 1939an. Poeta eta antzerkigilea izan zen, eta Literaturako Nobel saria eman zioten 1923an. Politikaria, hizlaria, teosofoa, kazetaria izan zen ; Dublingo Abbey Theatre famatuaren sortzaileetako bat izan zen, eta era berean arduratu zen iraganaz (iragan arkaikoaz, mitikoaz, elezahar zeltetakoaz) eta etorkizunaz (antzerkiaren ikusmolde berri baten eraikitzailea izan zen, denbora gaindituko zuen irudizko unibertso bat ekarriko zuen antzerki baten aldera).

Familiako jatorriaren arabera, tradizio anglo-irlandar protestantekoa zen -Irlandako biztanle katoliko gehienen artean gutxiengo indartsua zen hura-, baina uko egin zion jatorri horri ; baina katolikoa ere ez zen, eta hortaz, ez zuen leku egokirik aurkitzen ez tradizio batean ez bestean. Maite zuen XVIII. mendean anglo-irlandar tradizio protestanteak izan zuen oparotasuna, ingeles literaturari idazle handiak eman zizkiona (Jonathan Swift, Edmund Burke, George Berkeley) ; tradizio hori ordea behera etorria zen, eta higikunde berri bat ari zen nagusitzen, tradizio katolikoaren aldekoa, zenbaitetan ingelesez ezik gaelikoz adierazia. Bere arte estiloarekin adosten zen neurrian, bat egin zuen Yeatsek irlandar askatasunaren aldeko higikundearekin, baina sarritan izan zituen arazoak britainiar gobernutik erabat banatzearen aldeko zirkulu abertzale irlandarretan . Bi komunitateetako batean bere lekua aurkitu baino lehen, bere burua definitu behar izan zuen Yeatsek. Poesian egin zituen bere herriarekiko harremana definitzeko saioak ; Yeatsek tradizio katolikoa eta protestantea baino sakonagoa zen beste batean aurkitu zuen horretarako bidea, Irlanda ezkutu baten tradizioan. Tradizio horren arrastoak antzinako usadio, sineste eta leku santuetan aurkitu zituen, eta paganoa zen kristaua baino areago. Yeatsen hasierako idatzi asko sakoneko Irlanda hori agertarazteko saioak dira.1867an, Yeatsek bi urte eskas zituela, aitaren lana zela-eta, Londresa aldatu zen familia. 1880an itzuli ziren Dublinera, eta han joan zen institutura. Oporrak osabarekin ematen zituen Sligon, eta huraxe izango zen bere poema askoren gertalekua.

1883an Dublingo Arte Eskola Metropolitanoan aritu zen ikasten, eta hantxe ezagutu zituen garai hartako poeta eta artista dublindar nagusiak.

 

Mistizismoa eta nazionalismoa

Yeatsen lehen lanak, bi poema labur, Dublin University Reviewn agertu ziren 1885. urtean. Urte hartan bertan, okultismoaren inguruko talde baten eraketan parte hartu zuen, "Dublin Hermetic Society".

Familia berriz ere Londresa joan zenean, Elkarte Teosofikoko kide egin zen Yeats, eta haren sortzaile zen Mme Blavatskyren etxera joan ohi zen ; une hartan indar handia hartzen ari zen nazioarteko higikundea zen, jakintza eta anaitasuna mistizismoaren bidez bilatzen zuena. Magiak beti erakarri zuen Yeats, eguneroko usadioetatik urruntzen den bizitza irudimenezkoa baita. Zientzia ez zuen batere maite, ezta zientziaren garaia ere. Erlijio epel eta automatiko bat ere ez zuen nahi, eta haren kontra azaldu zuen "erlijio berri bat, kasik tradizio poetikoko eliza hutsezin bat". Yeatsen sinbologia, une horretan, aski nahasia da ; liburu batean esplikatuko zuen geroago, A Vision (Ikuspen bat)..There The Sphere Flowering of rose from cross Union of opposites Europasia Terrestrian paradise Coupling of eternity and time Profane perfection Innisfree/Byzuntium (Nature/Art)Hor Esfera Arrosa gurutzetik loratua Kontrakoak bat eginda Europasia Paradisu lurtarra Betikotasun eta denboraren parekatzea Perfekzio profanoa Innisfree/Bizantzio (Izadia/Artea)Sinbologia hau garatuko zuen urte haietan ezagutu zuen William Blakeren lana, eta haren Iragarpenezko liburuak eragin handia izan zuen bere poesian ; era berean, beste tradizioekin jarri zuen harremanetan : platonikoa, neoplatonikoa, Swedenborg suediar mistikoarena, alkimia. Yeatsen hitzetan, Blake da "Arte handi ororen eta sinboloaren arteko ezkontza banaezina frogatu duen garai modernoetako lehen idazlea".

Yeatsen lehen poemak, The Wanderings of Oisin, and OtherPoems liburuan bilduak (1889, Oisinen ibilaldiak eta hestepoemak), esteta baten lana dira, beti ederrak baina sarritan bitxiak. Irlandar mitologiak inspiraturiko obra da, eta oso agerikoa du erromantikoen eragina, Coleridge eta Shelley poetena bereziki, eta prerrafaelistena.

1889an Maud Gonne ezagutu zuen, irlandar emakume eder indartsua. Une hartantxe, berak idatzi zuen bezala, "hasi ziren nire arazoak". Yeats berehala maitemindu zen, baina ez neska, poeta miresten zuen arren. Irlandako borroka abertzalean zegoen Maud buru-belarri sartua. Zenbaiten ustez, partez haren balioaz sinetsita zegoelako hasi zen Yeats borroka horretan, baina gehiago Maudenganako maitasunagatik. Charles Stewart Parnell irlandar buruzagi eztabaidatua hil zenean (1891), irlandar politikak galdua zuela bere esanahia iruditu zitzaion Yeatsi. Politikak utzitako hutsunea literaturarekin eta artearekin betetzen saiatu zen : drama, poesia eta elezaharra. Irlandako usadio zaharrak berpizteko asmoz idatzi zuen beraz, The Celtic Twilight (1893, Ilunabar zelta) saiakera liburua, baina oso motel ibili zen, harik eta 1896an Augusta Lady Gregory ezagutu arte, denborarekin antzerti idazlea eta Yeatsen lagun mina izango zen aristokrata. Lady Gregory istorio zaharrak biltzen ari zen, Irlandako mendebaldeko antzinako folklorea. Folklore hura bat zetorren Yeatsen gurtza zaharren mirespenarekin, kristautasunak erabat ezabatu zituen errito paganoen zaletasunarekin ; ondasun horren arrastoak baserritarren bizimoduan sumatzen zituen Yeatsek. Hala, saiatu zen irlandar folklorea goi mailako estilo zorrotz batez lantzen, poesia orijinal bat sortu nahian, eta aldi berean bere izakera propioaren bila. Helburu horren baliokide politikoa baserritarren eta aristokraziaren arteko lotura zen : baserritarra bere bizikizunetarako behar zuen, aristokrazia estilorako. Lotura horrek bazterrean uzten zuen erdi mailako klasea, hiriaren eta diruaren emaitza zen hura, Yeats gutxiesten hasia zena. 1897tik aurrera, Lady Gregoryren etxean eman zituen udak, Coole Park-en, Yeatsentzat graziazko mundu bat bihurtu zen hartan.

 

Poeta heldua eta senataria

1899an ezkontzeko eskaera egin zion Maud Gonneri, haina ezezkoa jaso zuen ; lau urte geroago, hera bezala Irlandaren alde borrokatzen zen soldadu batekin ezkondu zen Maud ; hura izan zen 1916ko Pazkoko matxinadaren ondoren britainiar gobernuak hil zuenetako bat. Bitarte horretan, betebetean zebilen Yeats drama eta literatura lantzen, guztiz sinetsita poemak eta antzerti lanak gai zirela irlandar nazio osoa aldatuko zuten batasuna ekartzeko. Horren guztiaren emaitza Dublingo Abbey Theatre-ren sorrera izan zen. Lehen emanaldia 1904an egin zuen eta ondorengo urteetan Abbeyren kudeaketa lanetan jardun zuen Yeatsek.

Eztabaida garaia zen. Yeatsen antzerti lanak maiz salatzen zituzten erlijiogabeak, katolikotasunaren kontrakoak, eta hortaz, irlandarren kontrakoak, zirelakoan. Eztabaidak izan zituen aktore, produktore eta egunkariekin. Yeatsen Irlanda paganoaren mirespena irain bat bezala ikusten zuten bere garaikideek, katolikoek bezala baita protestanteek ere, modernotasuna ukatzen baitzuen. Pixkana, jende arruntarengandik aparte geratzen hasi zen. Abbey Theatre hera, hango emaitzak, gauza baldarra iruditzen zitzaizkion Yeatsi. Antzerki berri baten bila hasi zen, masaren desiraren araberakoa izango ez zen antzerki baten bila. Laster aurkituko zuen. 1913an Ezra Pound amerikar poetarekin aritu zen lanean : Pound no japoniar antzerkien ingelesezkoitzulpenak ari zen argitaratzen, eta haietxetan aurkitu zuen Yeatsek bila zebilena, hein batean giro aristokratiko batean sortuak zirelako, eta ereduak gortetik hartzen zituztelako . Bere Four Plays for Dancers (1921, Bost antzerti lan dantzarientzat) da molde berri horren emaitza : drama laburren sail bat da, antzerki batean bezala egongela batean joka daitekeena ; drama mota berria, hitz, mozorro, dantza, musika eta keinu sinbolikoko -ez imitaziozko- harmonia.

Hori guztia ordea ez zen mantentzen erraza Irlandako eguneroko bizimoduan.

1913an izugarrizko istiluak izan ziren Dublingo hiriari dirudun batek egin zion koadro inpresionista batzuen oparia zelaeta, Dublingo udalak ez baitzuen hartu nahi izan hasieran. Yeatsek ere parte hartu zuen eztabaidan, bere ustez ekintza bikain bat, keinu aristokratikoa, arbuiatu zuelako Dublingo arninkeriak. Eztabaida hark, oso mingarria izan baitzen, aldi berri bat ekarri zuen poetaren eta bere herriaren arteko harremanetan . Italia ezagutu zuelarik, Berpizkundeko Italia dotore eta aberatsaren oroimena dario 1913tik aurrera idatzi zuen poesiari.

1917an Yeatsek Mauden alaba Iseult-i ezkontza hitza eskatu zion ; hark ere ezezkoa eman ziolarik, urte hartan bertan George Hyde-Leesekin ezkondu zen. 1922an, Irlandako estatu librea sortu zenean, senatu berriko kide izendatu zuten Yeats, eta sei urte egin zituen kargu hartan. Hurrengo urtean eman zioten Nobel saria. Ospetsua zen orain, nagusietako bat poeta modernoen artean. Berak lanean jarraitzen zuen, irudimenaren, historiaren eta ezkutuaren arteko harremana bilatu nahian. Bilaketa hura liburu handi batean aurkeztu nahi zuen, eta, hala, 1925ean argitaratu zen Ikuspen bat.

Zenbait urtez jarraitu zuen lantzen ordea, eta azken bertsioa ez zen 1937 arte atera. Bitartean, gero eta indartsuagoa zen Yeatsen poesia : The Tower (1928, Dorrea) artista bete baten lana da ; bizitza oso bateko esperientziak formaren perfekzioa lortzen du bertan. Ondorengo lana ere bikaina da, The Winding Stair (1929, Izar birakaria).

Azkeneko urteetan, estilo aristokratikoaren zaletasunak ideologia autoritariora bultzatu zuen : Benito Mussolini italiar diktadore faxistaren zale izan zen, haren sendotasun eta argitasun autoritarioagatik. Urte gogorrak izan ziren : osasunez ez zebilen ondo, eta bidaian ibili beharra zeukan Irlandako neguetatik ihes egiteko. Ohartu zen 1930eko bortizkeriak gerra ekarriko zuela, eta ideia horrek zekarkion izuarekin eta aldi berean erakarmenarekin bizi izan zen.

1936an argitaratu zen Oxford Book of Modern Verse 1892-1935 (Poesia modernoko Oxfordeko liburua 1892-1935 ), eta 1938an azken antzerki lana, 7-be Herne s Egg (Herneren arrautza), denetan zaratatsuena.

Handik urte betera hil zen, Frantziako Roquebrune hirian.