Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Emile Zola (1840-1902)

 

Gizartearen aztertzaile

Emile Zola Parisen jaio zen 1840ko apirilaren 2an ; Francois Zola eta Emilie Aubert zituen gurasoak. Emile Zolak Aix-en-Provencen igaro zuen haurtzaroa eta nerabezaroa . Parisera itzuli zen amarekin, eta han 1858an Saint-Louis lizeoan egin zituen ikasketak, baina ez zuen batxilergoa ateratzea lortu. Geroztik bi urte oso egin zituen ezertan lan egin gabe. Hachette liburudendan sartu zen gero, eta hango publizitate buru izan zen 1862tik 1866ra, hala zabaldu zitzaizkion idazle ofizioaren ateak : lanbide horretan ari zela idazle eta kazetari asko ezagutu zituen, Taine, Stendhal, Balzac, Flaubert irakurri zituen, bere lehenengo ipuinak eta artikuluak argitaratu zituen, eta olerkigintza utzi zuen nobelak idazteko.

La Confession de Claude (1865, Clauderen aitorpena) izan zen Zolaren lehen nobela, aspaldiko maitasun grina zorigaitzeko batean oinarritua. Harrezkero literatura izan zuen bizibide, eta nobela mordo bat argitaratu zituen hurrenez hurren : Le Vcpu d'une morte (1866, Emakume hil baten aitorpena), ThereseRaquin (1867), estetika naturalistari hasiera eman ziona, Les Mysteres deMarseille (1867, Marseillako misterioak), eta Madeleine Ferat (1868). Abangoardiako kritikoaren ospea izan zuen, Goncourtarrak, Taine eta Courbet goretsi baitzituen Mes Haines (1866, Niregorrotoak) liburuan, eta Manet, Sisley, Pisarro eta Monet, berriz, Mes Salons (1866-1868 Nire Erakusketak) liburuan . Egunkari errepublikazaleetan egin zituen kroniketan, 1868ko maiatzetik Inperioa desegin zen artekoak, paisajeak eta garai hartako ohiturak modu poetikoan irudikatu zituen, eta, bestetik, politikari buruzko polemika sutsuak izan zituen. Orduan ari izan zen baita ere Les Rougon-Macquart nobela sailerako trebatzen.

Alexandrine Meley-rekin ezkondu zen 1870eko maiatzaren 31n, eta Marseillan bizi izan zen, eta gero Bordelen, 1870eko irailetik1871ko martxoa arte. Ia mende laurden eman zuen Les Rougon-Macquart saileko nobelak idazten, 1871tik 1893ra. Aldi berean legebiltzarreko kronika egin zuen 1871tik 1872ra La Cloche aldizkarirako, eta 1871tik 1877ra ehundaka artikulu idatzi zituen Le Semaphore de Marseille egunkarirako . Arestian aipatu den sail horretan nobela hauek argitaratu zituen lehenik : La Fortune des Rougon (Rougondarren ondasunak) eta La Curee (1871), Le Ventre de Paris (1873, Parisen sabela), La Conquete de Plassans (1874, Plassans-en konkista), La Faute de l'abbe Mouret (1875, Mouret apaizaren hutsegitea), Son Excellence Eugene Rougon (1876, Eugene Rougon jaun txit agurgarria), L Assommoir (1877, Taberna).

Azken nobela horretako ausardiek arrakasta eta eskandalua ekarri zioten Zolari.

1875etik 1880ra literatura eskola berri baten gidari ospea areagotu egin zen bai L Assommoir eta Nana (1880) nobelengatik eta bai Bien public, Voltaire eta Figaro aldizkarietan argitaratzen zituen literatura kronikengatik ; geroztik, 1881-1882n, artikulu horiek bost bildumatan bildu zituen : Le Roman experimental (Esperimentu bidezko nobela), Les Romanciers naturalistes (Nobelagile naturalistak), Le Naturalisme au thedtre (Naturalismoa antzerkian), Documents litteraires (Literaturazko dokumentuak) eta Une campagne, eta haiekin batera bi «nouvelle» bilduma ere argitaratu zituen, Le Capitaine Burle (1882, Burle kapitaina) eta Naik Micoulin (1884). Garai hartan antzerki lanak idazten ere ahalegindu zen, alferrik ordea. 1880ean, Maupassant, Huysmans, Ceard, Alexis eta Henniquerekin batera, kontakizun bilduma bat argitaratu zuen, Les soirees de Medan (Medango gaualdiak).

Zolatarrak moduz bizitzen hasiak ziren harrezkero, haren liburu askok ale askoko argitaraldiak izan baitzituzten. Hala eta guztiz ere, Zolak etsialdi bat izan zuen boladahartan, berrogei urte bete zituela : inguruko pertsona batzuk hil zitzaizkion -ama, Flaubert, Duranty, Tourgueniev eta Manet-, garai batean ikasle izan zituen idazle batzuk urrundu zitzaizkion -Huysmans eta Maupassant-, 1887an Bosten Manifestuko egileek eraso zakarrak egin zizkioten, baina, horren ordain, Paul Alexisek eta Alfred Bruneau musikoak Zolari leial iraun zuten.

1888an Zolak aldaketa handia izan zuen bere bizitzan, aldi baten amaiera eta beste aldi baten hasiera, alegia. Jeanne Rozerot neska gaztearekin maitemindu zen, eta bi ume izan zituen harekin ; Zola biziberritu egin zen hartara, eta Les Rougon-Macquart saila bukatu ahal izan zuen : Au Bonheur des Dames (1883, Emakumeen zorionerako), Germinal (1885), Le Reve (1888, Ametsa) ; La Bete humaine (1890, Giza piztia) ; L Argent (1891, Dirua) ; La Debacle (1892, Hondamena) ; Le Docteur Pascal (1893, Pascal doktorea) ; eta hala onartu zuten kritikoek tradizio errealistaren eta kritikoaren nobela handiaren maisu ezin ukatuzko, Balzac, Stendhal eta Flauberten ondoren.

Beste bi nobela ziklo hasi zituen berehala, aurrekoa baino laburragoak, baina obra trinkoagoekin : Hiru hirien zikloa -Lourdes (1894) ; Rome (1896) ; Paris (1898)bere garaiko gizartea aztertzen zutena, eta Quatre Evangiles (Lau Ebanjelioek) saila -Fecondite (1899, Emankortasuna), Travail (1901, Lana), herite (1903, Egia), Justice (Zuzenbidea) idazlanerako oharrak.

Dreyfus auziak eta haren ondorioek eta oihartzunek baldintzatu zituzten Zolaren azken urteak. 1897 urtearen bukaeran Lettrea la France (Gutuna Frantziari) eta Lettre a la jeunesse (Gutuna gazteriari) artikuluak argitaratu ondoren, J'accuse (Salatzen dut) artikulua argitaratu zuen L Aurore egunkarian, auzi haren bidegabekeriak eta bihurrikeriak salatzeko. Artikulu gogor haren oihartzunak Dreyfusen aldeko ekinaldi bat jarrizuen abian, eta, azkenerako, 1894an, Dreyfusi ezarritako kondena baliogabe uztea ekarri zuen, baina baita ere Zola urtebeteko espetxe zigorrera kondenatzea, eta, hala, erbestera joan behar izan zuen, 1898ko uztailaren 8tik 1899ko ekainaren 5era. Alfred Dreyfus berriz epaitu zuten, berriz kondenatu, eta azkenean zigorra barkatu zioten, baina hala eta guztiz ere Zolak ekinean jarraitu zuen ofizial hari lehengo gradua eta eskubideak itzul ziezazkioten. 1902ko irailaren 28an hil zen Zola.

 

Naturalismoa

Zolak nobelaren teoria orokor bat egin zuen, aldi berean balio zitzaiona bai bere aitzindariak eta bere garaiko idazleak epaitzeko neurritzat eta bai nobelak idazteko eredutzat. Naturalista eta naturalismo hitzak biologiako, filosofiako eta arte ederretako hizkeretatik hartu zituen bere nobelagintza definitzeko. Zolak bazekien Stendhalek, Baudelairek eta Tainek izadiaren eta gorputzaren benetako irudikatze adierazgarriaren zentzuan erabiliak zituztela hitz horiek, eta bazekien errusiarrek ere eskola erretorikoari kontra jarririk baliatzen zituztela . Zolak kontzeptu horren adiera horiek guztiak bildu zituen beraz edertasunaren tradizio akademikoari aurre egiteko.

Artean eta, bereziki, nobelagintzan egiak izan behar zuela nagusi zen haren ideia nagusia . Naturalismoaren egia zientziaren egiaren pareko urratsen ondorioa zen beraz : behatzea, dokumentatzea, aztertzea, saiatzea, eta ondorioak zehaztea. Ukazioak definitzen zuen era berean egia : idealismoaren, dogmatismoaren eta debekuen tankera eta molde guztiak arbuiatzen zituen. Gauza bakarra hartu beharra zegoen, haren ustez, kontuan : «gizadia sorkari benetako eta betierekoetan bildua eta haien bidez ikusia eta irudikatua . Analisia eta artistaren nortasuna elkartzeko kezkak tenka eta tirabira sortzen zuen teoria naturalistaren baitan, baina Zolak ez zuen sekula bere sormen lana egia estetikoen ziurtasunen mende jarri.

Naturalismoaren oinarri-oinarrizko balioei esker, Zolak zehatz epaitu zituen bere garaiko nobela eta antzerkia. Egia antzemateko baliabide gisa erabili zuen Zolak naturalismoa, biologian hitz horrek biltzen zituen pentsamoldearen eta metodoaren eraginez . Naturalismoaren indarrak osagai berri-berri bat ekarri zuen bere garaiko nobelagintzara : gorputza bere biluztasunean eta bere desioetan antzematea eta agerian jartzea.

Zolaren nobelak bere garaiaren ispilu zehatza ziren beraz, historialariek kontuan hartu beharrekoa ; hala Les Rougon-Macquart sailak izenburu hau zuen : -Bigarren Inperioaren garaiko familia baten historianaturala eta soziala; Les Trois Villes sailean, herriz, bere garaia eta hurrengo mendea dira gertakizunen denborak. Eta nobela horien giroak, pertsonaiak, eguneroko bizitzaren zertzeladak, ohiturak, arauak eta erritoak ikerlariaren xehetasunaz aztertu eta adierazi zituen Zolak, baina aldi berean historia natural edo organiko bat idatzi zuen, gorputzaren arrazoiek eta ezinbesteek eratzen baitituzte gizarte bizitzaren arrazoiak eta ezinbesteak.

 

Kontakizunaren maisua

Zolak berehala antolatu zituen nobelak idazteko bere teknikaren elementu nagusiak : antolamenduaren trebetasuna, pertsonaia ugari, ondo bereziak eta elkarren mendekoak sortzeko ahalmena, eta narrazioaren nondik norakoa abiarazteko eta menderatzeko antzea. Nobela bat idatzi aurretik, Zolak egitasmoak prestatzen zituen ondoz ondo, eta, gainera, pertsonaien fitxategi bat egiten zuen, eta idatzi nahi zuenari buruzko irakurketen eta ikerketen ohar ugari egiten zituen. Obraren neurriak kalkulatzen zituen gero, era askotako simetriak antolaturik eta kontakizuna, elkarrizketa, deskribapena eta azterketa orekaturik. Paisajeek garrantzi handia dute Zolaren obran, eta pintura inpresionistaren eragin handia dute ; paisajea bezain garrantzitsuak dira baita ere erritmoa eta idazlan osoaren neurkera, era horretara Zolaren nobela bakoitzak esanahi sinboliko bat du eta orkestra lan baten tankera.

Pertsonaiak ere sistema oso baten baitan lantzen zituen. Lanbidearen eta gizarte mailaren araberako pertsonaia ereduak sortzen zituen alde batetik, baina pertsonaia bakoitzak zeregin jakin bat zuen kontakizunean, eta zeregin hori pertsonaiaren egiantzekotasuna bezainbat hartzen zuen kontuan egileak. Trajedietan eta epopeietan bezala, nahi bizi batek abiarazten ditu Zolaren heroiak -aberats izan nahiak, botereak, emakumeak, justiziak-, edo bestela izadiaren edo historiaren tresna soilak besterik ez dira, eta ia beti aurkariak edo etsaiak aurkitzen dituzte ; pertsonaia nagusien ondoan bigarren mailako pertsonaiak sortzen zituen, protagonistaren laguntzaileak edo haren kaltedunak. Heroia arazo handitan sartua egoten da beti, estutasunean, galbidean edo zalantza bizian. Bestalde, kontakizunaren logikak baldintzatzen ditu pertsonaiak, eta haien ibilerak gertaerez josita daude. Kontakizuna hari askotan adarkatzen da Zolaren nobeletan, eta pertsonaia jakin baten ikuspegitik edo beste batenetik irakurri, hartara oso modu desberdinean irakurriko da nobela bera.

 

Zolaren gaiak, sinboloak eta mitoak

Zolaren nobeletan barne irudi eta obsesio jakin batzuk ageri dira, erromantizismotik surrealismoraino sortu izan diren joera eta inspirazio iturri nagusiekin bat egiten dutenak. Izadiaren gaia aurrenik ; Zola modu espresionistan baliatu zen paisajeaz modu inpresionistan baino gehiago, izaki bizidun baten bultzadez eta grinez hornitua baitago haren nobeletan paisajea.

Gauza bera egin zuen gorputzari eta grinei dagokienez. Zolak ordu arte inork ez bezala irudikatu zituen gizakiaren nahikariak eta gurariak, haren zaputzak eta debekuak, jan-edanean eta sexuan, besteak beste.

Gorputzaren ikuspegi moral eta estetiko berria izan zuen bezala, herriaren ikuspegi berria izan zuen Zolak, XIX. mendean herriaren izatea gero eta serioago hartu izanarekin bat eginik ; jendetzaren eta herri higikundeen bizitasuna izadiko indarren bidez metafora bihurtu zuen, ur lasterren eta itsasoaren mugimenduen irudiekin.

Zolarentzat, langile masen indarra guztiz ere herria zen gizartean eta eragin handikoa historiaren bilakaeran.