Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Edgar Allan Poe (1809-1849)

 

Idazle madarikatu baten bizitza

Edgar Allan Poe Estatu Batuetan jaio zen, Bostonen, 1809. urtean, eta 1849an hil zen, Baltimoren. Bera da atzerrian izena lortu zuen Estatu Batuetako lehen idazlea. , Poeta, ipuin idazlea eta literatura kritikaria izan zen. Misteriozko eta beldurrezko lanek eman zioten ospea : The Raven (Belea) poemak eta The Murders in the Rue Morgue (Rue Morgueko hilketak) kontakizunak, adibidez, oso fama handia izan zuten, eta gaur egun ere bizi-bizi jarraitzen du fama horrek. Bestalde, idazle gutxi dago literaturaren historian Poek adinako interpretazio eta hipotesi sorrarazi duenik. Oso idazle gutxik liluratu dituzte Poek bezala belaunaldiz belaunaldi irakurleak eta mitomanoak.

Pertsonak herak ere, eta ia-ia baita obratik aparte ere, interes bizia sorrarazi du.

Antzezleen semea zen Poe. Ama zen berez antzezlea, eta arrakasta handia zuen bere lanetan; aitak berriz ez zuen antzerkirako batere balio, eta edaten hasi zen. Alkoholak markatuko zituen gero bikotearen hiru seme-alabak : William, zaharrena, gazterik hil zen, tuberkulosi alkoholikoz ; bigarrena, Edgar, delirium tremens-eko krisi batek jota hil zen, eta alaba gazteena, Rosalie, adimen urrikoa zen. Edgarrek bi urte zituela, etxetik alde egin zuen aitak. Ama, haurdun eta gaixorik, hegoaldera joan zen, han sustraituagoa baitzegoen antzerkia. Hogeita lau urterekin hil zen, Edgarrek lau urte ere bete gahe.

Amaren eritasunak eta heriotzak arrasto sakona utzi bide zuten Poeren memorian.

Umeak familia banatan geratu ziren.

Allan senar-emazteek hartu zuten Edgar.

Eskoziar jatorriko familia aberatsa zen, presbiterianismo zorrotzekoa. 1812an Allan jauna Londresa joan zen, eta berekin eraman zituen emaztea eta haurra. Lau urte eman zituzten han, barnetegietan Edgarrek. Han,alde batetik, asko ikasi zuen -frantsesa, historia, latina eta literatura asko"-, baina, bestetik, kalte handia egin zion Ingalaterrako egonaldiak, aldaketak ekarri zion bakardade eta noraezagatik, hegoaldeko paisaje eguzkitsuetatik atera eta "ingeles herri goibel" batean utzi baitzuten, bakarrik, iparreko lainoetan, zaharkinen artean.

Hango eraikinak agertuko ziren hogei urte geroago, William Wilson kontakizunean, eta orobat da hangoa Usher etxeko dekoratua (The Fall of the House of Usher, Usher etxearen hondamena ipuinekoa), ipuin gehientsuetako bera : etxe zahar izugarri handia, lainoetan galdua, horma altukoa, ate astunekoa, ziegez beteak diruditen sotoak dituena, eta, leku orotan, inoiz bertan bizi izan ziren hilen arrastoa igarri zaiona. Dekoratu erromantiko hori ez da bakarrik literatura gotikoaren oroitzapena, era berean da haurtzaroko bizikizun latzen emaitza.

1820ko udan itzuli ziren Allandarrak Richmondera. Edgar, hamaika urterekin, haur ikaratia, isila, goibela zen, eta, bere heroi guztiak bezalaxe, bere baitan itxi zen.

1823 eta 1824 artean, Byronen lana eredu hartuta, ondu zituen lehen poemak. 1826an Virginiako Unibertsitatean sartu zen, filologia modernoa eta klasikoa ikastera. Baina, ikaskideekin batera, edanean eta jokoan hasi zen. Izan ere, edariak ekarriko zion Poeri hondamendia : taldean ondo hitz egiteko bizkorgarriren bat behar izaten zuen, baina jerez kopa bat hartzea ikaragarrizko mozkorraldi baten hasiera gertatzen zitzaion ; eta intoxikaziora gutxitan iristen bazen ere, behin baino gehiagotan sortu zituen eskandalu izugarriak. Esan izan da halaber drogazalea zela, baina ez dirudi egia denik.

Nolanahi dela ere, zor handiak egin zituen unibertsitatean ; aitaordeak ez zituen ordaindu nahi izan, eta 1827an gurasoen etxetik alde egin zuen Edgarrek, Bostongo hirira.

Urte haietan idatzitako poema batzuk besterik ez zituen bidairako hartu, laster argitaratuko zituenik : Poens. 7~tnx r-hnrc onil OtherPoems (1827, Tamerlan eta beste poema batzuk). Poek berak idatzitako ohar biografiko batzuen arabera, sekulako abenturak bizi izan zituen garai hartan, askatasunaren aldeko borrokan, Grezian, Errusian, Siberian ... Dena gezurra zen ordea. Soldadu joan zen, eta hegoaldeko hainbat gotorlekutan ibili ondoren, West Point-eko Akademia Militarrean sartu zen. Gogokoa zuen hango diziplina, hantxe aurkitu zuen beharbeharrezko zuen bizitza ordenatua. Bere izaera zakarrak ordea berehala sortu zizkion arazoak agintariekin. Azkenean bota egin zuten eskola militarretik, eta gurasoengana itzultzen saiatu zen. Ez zuten onartu ordea, eta izeba batengana joan zen, Maria Clemm, beti zainduko zuen emakume eraman onekoa, Poeren emazte izango zenaren ama.

1833rako argitaratuak zituen hiru poema liburu, baina, ez baitzuten arrakastarik izan, hitz lauz hasi zen idazten. Baltimore Saturday Visitor egunkariak ehun dolarreko saria eskaintzen zuen ipuin lehiaketa batean . Poek sei kontakizun bidali zituen, eta Ms. Found in a Bottle (Botila batean aurkitutako eskuizkribua) kontakizunarekin (1833) lehiaketa irabazi zuen. Adiskide batek eskatuta, Southern Literary Messenger aldizkariko zuzendaritza hartu zuen : eginahal guztian, hamazazpi aleko argitaraldia hamabost milarainokora igotzea lortu zuen.

Bizitza herri bat hasteko gogoa zuen, aldizkariko lanak segurtasuna eskaintzen zion, eta zoriontsua zela zioen. Bere lehengusu Virginia Clemm-ekin ezkondu zen, urte beteren buruan hilko zen hamahiru urteko neska gaztea, Mariaren alaba. Ezkondu eta hilabete gutxiren ondoren, ordea, guztiz batbatean, ondoezik larrienak jota zegoen poeta : "(...) alferrik borrokatu naiz malenkoniaren kontra. Zorigaitzak jota nago, eta ez dakit zergatik". Opioa eta alkohola hartzen zituen bere egonezina sendatzeko.

Neurrigabe edaten hasi zen, eta zenbait egunez desagertzen zen, taberna zulo miserableenetan . Krisiak gero eta gogorragoakziren. Hainbat aldizkaritako zuzendari izan zen, eta modu berean errepikatzen ziren beti gertaerak : gau eta egun lan eginez, bere ardurapean zituen aldizkarien argitaraldiak biderkatu ondoren, arrakasta eta dirua lorturik, bat-batean depresiozko krisiak jotzen zuen, eta lur jota geratzen zen. Bazekien edariek izugarrizko kaltea egiten ziotela, baina ezin zuen utzi. Delirium tremens-eko krisi batek jota hil zen, berrogei urte zituela, Baltimoren.

 

Poeren poesia eta kontakizunak

Poek poesia, fikzioa eta kritikaren teoria landu zituen. Zenbait kritikariren iritziz (T.S. Elliot, A. Huxley), ez zuen ezertan obra biribilik lortu. Poeren poesiak, oso bakuna baita, oso erritmo markatuko lelo baten efektua eragiten du, eta sentimendu sakon eta primitiboak azaleratzen ditu. Poemek musikaltasun agerikoa dute, baina egileak sarritan belarrira ondoen jotzen duen hitza hautatzen du, ez poemak benetan behar duena. Izan ere, hitzen esanahiek ez zuten Poe bereziki arduratzen, ezta poemaren beraren esanahi orokorrak ere.

Izumenezko eleberria anglosaxoniar erromantizismoko genero herrikoia eta tradizio handikoa da. Poek leialtasunez jarraitzen dio tradizio horri, topiko guztiei eutsiz, baina osagai berriak txertatu zizkion, eta generoa bikain berriztatu. Lehen begiratuan, klasikoak bezalakoxeak dira Poerenizumenezko ipuinak : heroia hakar-bakarrik dago, gaztelu zahar batean, edo ziega batean itxia, edo basoan galduta. Osagai horiek ordea Poek ez ditu inoiz deskribatzen : halako lekuetan, egoera horietan egoteak dakarren egonezina eta larritasuna deskribatzen ditu. Izuzko ipuinetan gehiago nabarmentzen da izaki bat leku bat baino, sentsazio bat objektu bat baino. Poek ez du eszenografia bat antolatzen, izumenezko ipuin klasikoetan bezala ; aitzitik, gogo egoera iradokitzea da helburua. Irakurketa poliki-poliki hasten da, irakurlea egoeraren dimentsio psikologikoaz jabe dadin ; Poeren unibertsoa ez baitago ez benetako munduan ez izadiaz gaindikoan: adimenaren mundua da, gogoarena, errealitate objektiboaren gainean eraikia. Egileak ez du irakurlea mundu horren existentziaz komentzitu nahi ; kontzientzia guztiz nahasirik duen pertsona baten gogo egoeraren kide egin nahi du.

Kontakizun askotan, benetan gertatuak fantasia bitxienekin nahastu zituen. Horren adibide argiak dira The Narrative ofArthur Gordon Pym (1838, Arthur Gordon Pym-en kontakizuna), Melvilleren Moby Dick-en aurrekaritzat hartzen dena. Poeren beste istorio famatu batean, gorago aipatutako Usher etxearen hondamena kontakizunean, neurosi kasu bat aztertzen da, oraintsu jakin denez, bere ezagun batena, ez, uste zen bezala, berea.

Poeren ipuinek eragin handia izan dutela ez du inork eztabaidatzen ; areago, literatura genero berri baten sortzailea izan zela ere esaten da, polizia eleberriarena hain justu. Detektibe logikaz betea eta sen handikoa, Sherlock Holmes-engandik hasita detektibe guztien eredua izango zena. Monsieur Auguste Dupin da, The Murders in the Rue Morgue (1841, Rue Morgueko hilketak) eta The Purloined Letter (1842, Gutun ebatsia) istorioetako protagonista. Dupin dandy bat da, bai itxuran, bai arraizoketen adimen egituran, bere lana dotoretasun matematikoz egiten duena, eta matematikaren logika zehatzaz harilduko dira istorio hauek.

 

Interpretazioak, eraginak

Asaldagarria izaten da beti Poeren ipuinen irakurketa. Eta hala gertatzen da halako egonezin batek hartzen duelako irakurlearen irudimena, ez plazerrik gabe ordea. Poeren kontakizunek sentikortasunari eragiten diote, haren alderdirik senezkoen eta ezkutuenari . Eta eragin hori negatiboa da, ez baitu ekintzara edo ezer baiestera bultzatzen ; gehienera ere, ezezagunak edo ezagutu daitekeenaren mugak gugan duten indarrari buruzko hausnarketa sorrarazten dute.Hala ere, higikunde erromantikoko bigarren mailako epigonotzat hartu dute Poe adituek ; fikziozko lanetan, eleberrigile gotikoen ondorengotzat, eta Byron eta Shelleyren jarraitzailetzat bertsoetan. Hori dela-eta, badirudi ingeles tradizioan kokatu beharra dagoela, baina, obra ingelesez idatzia badu ere, Poe ez da britainiar idazlea, iparramerikar idazlea da, areago, Estatu Batuetako hegoaldekoa : badira bere obran errepikatzen diren gai batzuk geroago Faulkner, O'Neill edota Tennessee Williams-en lanetan ere agertuko direnak, familiako krimen baten obsesioa edo izugarrikeria batzuk.

Berehala ezagutu eta goretsi zuten atzerrian Poeren izena. Bi frantses poeta izan zituen batez ere propaganda egile: Charles Baudelaire eta Stephan Mallarme. Haiek ezagutarazi zuten, ez bakarrik Frantzian eta Europan, baita Estatu Batuetan bertan ere. Poek paper erabakigarria jokatu zuen frantses literaturan : poesian, ereduzko maisu izan zen, eta kritikan gidari. Frantses sinbolismoa Poeren Konposizioaren filosofia lanean oinarritu zen, haren irudiak baliatu zituen, eta haren adibideak erabili zituzten "poesia huts" delakoaren teoria modernoa sortzeko.