Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Marazoni eta Leopardi, italiar erromantizismoaren aitzindari

 

Alessandro Manzoni (1785-1873)

Alessandro Manzoni italiar olerkaria eta eleberrigilea Milanen jaio zen 1785ean eta hiri hartan bertan hil 1873an. Eleberri historikoak egiten hartu zuen ospea, eta Risorgimento higikundearen garaiko nazionalismoaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen, Ipromessi sposi maisulanarekin batez ere.

 

Lehen urteak

Manzoniren gurasoak banandu egin ziren 1792an, eta harrezkero eskola erlijiosoetan ikasi zuen, aitaren ardurapean.

1801ean Milango nobleen eskolara aldatu zuten eta han ikasi zuen 1805 arte. Milanen harremanak izan zituen iheslari politikoekin eta ideia ilustratuetan sakondu zuen. Joera jakobino erradikala eta elizaren kontrakoa nabarmendu zen Manzonirengan urte haietan, Del trionfo de la liberta (Askatasunaren garaipena, 1801) obrako 4 kantuek erakusten duten bezala.

 

Parisko egonaldia

1805. urtean Parisa aldatu zen, amarekin elkartzera. 1810 arte bizi izan zen han, eta garrantzi handiko urteak izan zituen, bai bere bizitzari eta baita, batez ere, bere karrerari dagokionez ere. Izan ere, Europako literatura joeren berri izan zuen Parisen, eta beste kultura batzuk ezagutu zituen. Harremanak izan zituen ideologo errepublikazaleekin, eta frantses tradizio moralista ezagutu eta bereganatu zuen. Horrela literaturaren kontzeptua aldatzen ari ziren ezaugarriak jabetzen joan zen.

1808. urtean Henriette Blondel gazte kalbinistarekin ezkondu zen. Emaztea katolizismora bihurtu zen ezkondu eta handikdenbora gutxira, eta Manzoni bera ere, bere jarrera agnostikoa alde batera utzirik, Voltaireren deismora hurbildu zen lehenik, eta katoliko egin zen, azkenik, 1810ean.

 

Manzoniren oparoaldia

Urte hartan Milanera itzuli zen. Milanen idazleen eta intelektualen bilgune bihurtu zuen bere etxea, eta erromantizismoaren sehaskatzat har daiteke, horrenbestez.

Hiru urtez idatzi gabe egon ondoren literaturari heldu zion berriro 1812an, eta Inni sacri (Ereserki sakratuak) obraren lehen abestiak argitaratu zituen (1822an eman zuen argitara azkena). Handik aurrera, eta 1817. urtea inguru arte, izan zituen Marazonik urterik oparoenak olerkigile, antzerkigile, eleberrigile eta teorialari gisa.

Antzerkiari dagokionez, bi obra hauek ditu aipagarriak : 11 conte di Carmagnola (Carmagnolako kondea, 1820), XV. mendean Venezia eta Milan artean gertatu ziren istiluei buruzko obra erromantikoa, eta Aldechi (1822), Lonbardiaren historiari buruzko drama poetikoa. Shakespeareren eragina ageri duten bi antzezlan hauek, Manzoniren olerkigintzaren obra bikaintzat har daitezkeen koruak agertzen dituzte eta bikain dokumentatuta daude ; horrez gainera, arau klasikoak hautsi zituen egileak lan horietan, eta horrenbestez, haiek dira erromantizismoaren muina garbien erakusten dutenak.

Olerkietan, berriz, Marzo 1821 (1821 eko martxoa, 1821) eta Il cinque maggio (Maiatzaren 5a, 1822), Napoleonen heriotza zela-eta hari buruz idatzitako oda, dira azpimarratzekoak . Goetheren ustez gertaera historiko hari buruz sekula idatzi den lanik ederrena da Maiatzaren 5a.

Baina, hasieran esan bezala, Manzoniren obrarik ospetsuena Ezkongaiak eleberri historikoa da. Italiar abertzaletasunaren maisulantzat hartua da, eta Italia berriko hizkuntza eta prosa finkatu zituen.

 

Ezkongaiak

Manzoni 1821. urtean hasi zen Ezkongaiak eleberria idazten. Lehenengo bertsioa, Fermo eta Lucia, 1823an amaitu zuen, baina 1827. urtean eman zuen argitara lan osoa, hiru liburukiz osaturiko argitalpen batean.

1842an, dena dela, zuzenduta argitaratu zuen atalka.

Ezkongaiak eleberria XVII. mendean dago kokatua, Lonbardian, eta Renzo eta Lucia nekazarien istorioa du kontagai. Renzo eta Lucia ezkongaiak dira eta ezkondu egin nahi dute. Herriko jauntxoa emaztegaiaz maitemintzen da, ordea, eta ezkontza hori galarazteko ahalegin guztiak egingo ditu, herriko apaiz koldarra mehatxatuz, besteak beste. Hainbat gorabeheraren ondoren (gerra, izurria, etab.), ezkontzea lortzen dute gazteek.

Garai hartan ohi zen bezala, Manzonik ez zuen irudimenezko gertaerek egia historikoa ezkutatzerik nahi izan, eta irudimena eta historia bateratu zituen horretarako, gertaera eta sentimendu errealak hobeki azaldu ahal izateko. Sinesgarritasuna ematen ahalegindu zen, beraz, Manzoni, baina horretarako lana berridatzi eta herri hizkuntzara egokitu behar izan zuen 1842ko argitalpenerako, maila guztietako irakurleek, eta ez soilik eliteek, ulertzeko moduko obra izan zedin.

 

Giacomo Leopardi (1798-1837)

Giacomo Leopardi aita santuaren estatuetako Recanati herrixkan jaio zen 1798an eta Napolin hil 1837an. Olerkari eta filosofo gisa nabarmendu zen, eta XIX.. endeko idazle nagusietako bat da bere olerkigintza lirikoari eta lan filosofikoei esker.

 

Lehenengo ikasketak eta klasikoen eragina

Leopardi familia noble batean sortu zen eta aitaren eta apaizen eskutik jaso zuen lehen heziketa. Heziketa kontserbadoreaizan zuen, eta giro konformista eta erreakzionarioan hezi zuten beraz, baina Leopardik berehala baztertu zuen giro hura eta bere kasa hasi zen ikasten. Horrela, 16 urte zituela grekoa, latina eta zenbait hizkuntza moderno ikasi zituen eta hainbat obra klasiko itzuli zituen. Bi tragedia, italierazko zenbait poema eta beste obra batzuk ere idatzi zituen, adibidez Storia dell'astronomia (Astronomiaren historia) eta Saggio sopra gli errori popolari degli antichi (Antzinatekoen akats ezagunei buruzko saiakera, 1815), Europa guztian ospetsu egin zutenak. Obra horietan Leopardiren heldutasun aroko zenbait ezaugarri eta gai nabarmentzen dira, iluminismoaren eragina eta klasikoek eta antzinateko izpirituak izpiritu modernoaren gainean zuten nagusitasuna, adibidez.

Ikasteko zuen grina hark, ordea, osasuna hondatu zion (begi batetik itsu gelditu zen eta bizkarrezur muinean eritasun bat zuen) eta sarritan utzi behar izan zituen bertan behera ikasketak. Bestalde, anaiarrebekin harreman ona zeukan arren, gurasoen aldetik ez zuen jaso herak nahi zuen arreta guztia, eta horrela hasi zen bere baitako samina eta etsipena olerkietan hustutzen, Appressamento della morte (Heriotzara hurbiltzen) 1816an idatzia eta 1835ean argitara emana) obran esaterako.

Hipiko erriman idatzitako olerkia da, Petrarcaren eta Danteren eragina ageri du, eta olerkigintzarako trebetasun handia eta etsipenezko sentipen sakona erakutsi zituen egileak.

Aipatu berri diren gaztetako gertaera horiek etsipena eragin bazioten, erabat lurjota gelditu zen 1817-1818 urteetan : batetik Gertnide Cassi lehengusina ezkonduarekin maitemindu zen (harreman ezinezko hari buruz idatzi zuen Diario d'amore egunkarian eta Il primo amore elegian), eta bestetik, aitaren gurdizainaren alaba tuberkulosiak jota hil zen (hari eskaini zionA Silvia, bere olerki nagusietako bat). Saminez eta atsekabez beteriko urteak izan ziren Leopardirentzat, eta munduaren ikuspegi ezkorra eta etsia osatuz joan zen horrela .

1817. urtearen inguruan hasi zen idazten 1835ean Zibaldone di pensieri (Gogoetennahas-mahasa) izenburupean argitara eman zuen gogoeta filosofiko, psikologiko eta literarioen bilduma. Aurrerapenak eta gizakiaren filosofiak kutsatu gabeko antzinatasuna berreskuratu nahi izan zuen Leopardik, eta erlijioaren, arrazoiaren eta izadiaren arteko gatazka islatu zuen, besteak beste, obra honetan. Esan bezala olerkari erromantikotzat hartua da Leopardi, baina hainbat kontraesan zituen, italiar egile erromantikoek ohi bezala ; zenbait obretan, olerkietan batez ere, klasizismora jo zuen estiloari dagokionez, eta ideiei dagokienez ere,erromantikoei aurre egin zien, bere ustez mundu klasikoan izadiarekin bat eginda bizi baitziren, haina erromantizismoaren eta arrazionalismo ilustratuaren eraginez gizakia desnaturalizatu egin baitzen, gizakiak bere berezko bizitasuna galdu baitzuen. Izadiaren aldeko jarrera hori, dena den, aldatu egin zen haren azken urteetako obretan ikus daitekeenez.

 

Gogaitasunetik ihesi

Nahigabeez beteriko bizitza hartan izan zen gertaera pozgarririk, adiskidetasunarekin loturik beti. Azpimarratzekoa da, adibidez, Pietro Giordani jakintsuarekiko harremana, eta geroago, Antonio Ranierirekin izan zuena.

Pietro Giordaniren gomendioz atera zen Leopardi sorterritik. 1818an etxetik alde egitea gomendatu zion Giordanik, eta Leopardi ihes egiten saiatu zen. Saiakera hartan huts egin zuen, baina Erromara bidaiatu ahal izan zuen 1822an, familiaren baimenarekin .

1822an idatzi zituen Canzone (Kantuak, 1831) olerki bildumako lehen lanak, eta haietan erakutsi zuen Leopardiren heldutasun aroko ezaugarri nagusiak : izpiritualismoaren kontrako jarrera, gizakiaren zoriontasunik eza, borondatearen garrantzia azpimarratzea... Urte haietan bakardade existentzialaren ateetara iritsi zen Leopardi ; patuaren tiranokeria salatu zuen, eta lege unibertsal itogarri eta zapaltzaileen kontra agertu zen.

Hurrengo urteetan zenbait bidaiak egin zituen Boloniara, Recanatira, Pisara eta Florentziari eta hainbat lan eman zituen argitara : Versi olerki bilduma (1826) eta Operette morali (1827), bere saminaren doktrinari buruzko gogoeta agertzen duen lan filosofikoa. Garai hartan hautsi egin zuen, lehen esan bezala, hasieran izadiari izan zion atxikimendua, eta arrazoiaren eta erlijioaren aurrean hari emandako paperaren ordez, hura identifikatu zuen gizakiaren zorigaitzaren arrazoi nagusi gisa.

 

Azken urteak

Antonio Ranieriren laguntzari esker Florentziara bidaiatu zuen berriro 1830ean.

I canti olerki bilduma plazaratu zuen orduan eta florentziar gazte eder batekiko maitasunean oinarriturik idatzi zuen, bestalde, bere olerki bikainenetakoak : Il pensiero dominante (Pentsamendu nagusia), Amore e morte (Maitasuna eta heriotza), Consalvo, A se stesso (Nire buruari). Obra haietan maitasuna agertu zuen gogaitasunari aurre egiteko bide bakar gisa.

1833an Napolira aldatu zen, bere osasunak hobera egingo zuelakoan, baina hantxe hil zen handik lau urtera.