Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Stendhal (1783-1842)

 

Italiazale baten gorabeherak

Stendhal Grenoblen jaio zen (Frantzia) 1783ko urtarrilaren 23an, landa giroko familia aberats batean, Henri Beyle benetako izenez. Zazpi urterekin ama hil zitzaion, Stendhalek bere bizitza osoan gaitzetsi zuen aita, eta ez zen inoiz gustura sentitu bere senideen artean. 1796tik 1799ra ikasketak egin zituen Grenobleko eskola nagusian.

1799an Parisera joan zen eskola politeknikoan sartzeko asmoz, bere jaioterriko giro itogarritik ihesi. Parisen haren lehengusu Pierre Daruk lanpostu bat lortu zion Gerrako ministerioan, eta berekin eraman zuen 1800ean Italiako gerra ekinaldira ; harrezkero Italiarekin liluratu zen, harreman estua izan zuen herrialde harekin, geroztik han bizi, maitemindu eta lan egin baitzuen luzaroan, eta bere hainbat liburuetako gertalekutzat aukeratu baitzuen.

Parisa itzulirik, giro intelektualekin harremanetan izan zen, garai hartakoa du baita ere psikologiaren zaletasuna eta antzerkian idazteko ahaleginak, baina antzerki lan haiek ez zuten batere arrakastarik izan.

1806tik 1813ra kargu ofizialetan ari izan zen, Napoleonen gerra ekinaldietan parte hartu zuen, eta hala Europako leku asko ezagutu zituen. 1814an Napoleonen hondamenaz geroztik borbondarrek berriz aginpidea hartu zutenean Stendhalek Milanen hartu zuen bizilekua. Han idatzi zuen bere lehenengo liburua : Vies de Haydn, Mozart et Metastase. Angela Pietragua bere aspaldiko adiskidearekin harreman korapilatsu bat izan ondoren, Matilde Dembrowskirekin maitemindu zen ; harreman horien ondorioz idatzi zuen De l'amour (1822, Maitasunaz) saiakera. Stendhal, etsita, Parisera itzuli zen.

Itzulera gogorra izan zuen Parisen : aita hilik zuen eta haren herentzia xahutua zegoen ; goibel eta ezagunik gabe ia, Stendhaleklortu zuen hala ere aurrera egitea. Lagunarte handia izan zuen geroztik, eta maiz izaten zen jende ospetsu askoren bilkuratan. Garai hartan Merimee idazlearen adiskide egin zen, eta honek maisutzat izan zuen beti Stendhal. Idazkeraren aldetik oso aldi oparoa izan zen hura Stendhalentzat, hainbat liburu idatzi zituen, musikari eta pinturari buruzko kronika argitaratzen zuen journal de Paris egunkarian, eta, aldi berean, ezkutuan, hainbat ingeles kazetetan ere idazten zuen.

1830eko uztaileko monarkiaren errestaurazioarekin batera Stendhal kontsul izendatu zuten Italian, aurrena Triesten eta gero Civitavecchian, Trieste austriarren esku zegoenez, ez baitzioten austriarrek han bizitzeko baimenik eman Stendhali. Orduan Stendhal goibelaldi batean murgildu zen.

Erromara, Florentziara eta Sienara ihes egiten zuen -Giulia bere maitalea Sienan baitzeukan- Civitavecchiako giro itogarri hartarik atera nahian. Garai hartakoa du sekula bukatu gabeko liburu mordo bat, autobiografikoak batzuk eta nobelak besteak.

1836an Stendhal Parisa abiatu zen berriz, hasieran hiru asterako, eta azkenean hiru urterako. Aldi ezin oparoagoa eta bizi pozez beteagoa izan zen hura Stendhalentzat . 1839ko abuztuan kontsulatura itzuli behar izan zuen. 184leko martxoaren 15ean apoplejiak jo zuen. Parisa itzuli zen sendatzera, baina 1842ko martxoaren 22an, kalean barrena zihoala, eritasunak bat-batean jo zuen, eta gau hartan bertan hil zen.

 

Stendhalen anbizioak

Maitasuna eta anbizioa dira Stendhalen bizitzaren hi ardatz nagusiak. Stendhalen egunkaria eta haren gutunak irakurri besterik ez dago bizitzaren alor guztietan (bere izaeran, bere karrera diplomatikoan, emakumeekin, literaturan) arrakasta iritsi nahiaizan zela Stendhalen helburu nagusia. Helvetius, Condillac, Cabanis, Destutt, Tracy-ren lanek eragin handia izan zuten Stendhalengan, haiengandik atera baitzuen, besteak heste, mekanismo psikologikoen ezagutza, eta logikaren arauak barne bizitzara, eta bizitza profesional eta sozialera aplikatzeko modua, bere nobeletako pertsonaietan nabarmen ikusten denez. Haren anbizio handi hark ordea huts egin zuen ia alor guztietan; Vie de Henri Brulard autobiografian hauxe aitortu zuen maite izan zituen emakumeez ari zela : 4zaki xarmant horiek gehienek ez naute behin ere beren ontasunez ohoratu, Eta beste liburu batean orobat aitortzen du : 4nork maite zaitzan bainoago inor maitatzeak dakar zoriona». Zirrarari eta sentipenei Stendhalek ematen zien garrantzia bere bizitzako arlo guztietan nabaritzen da, bere liburugintzan, batez ere, hark esana baita : , Nire asmoa ez da gauzak zer diren esatea, gauzek egiten didaten zirrara kontatzea baizik".

 

Saiakerak eta biografiak

Nobelagintzan hasi aurretik, Stendhalek saio ugari idatzi zituen, hiru multzotan banatuak : arteari buruzkoak, bidaietakoak edo turistikoak, eta literaturari buruzkoak. Vies de Haydn, de Mozart et de Metastase (1814, Haydn, Mozart eta Metastasioren bizitza), Histoire de la peinture en Italie (1817, Italiako pinturaren historia), Vie de Rossini (1823, Rossiniren bizitza) dira arteari eskaini zizkion saiakerak. Stendhal ez zen berez arteanaditua, artezalea bai ordea, eta obra horiek idazteko aldez aurretik idatzitako lan asko baliatu zituen kontsulta gisa, eta batetik eta bestetik atera zituen datu eta pasarte asko ; eta hala eta guztiz ere argi antzematzen zaie Stendhalen beraren kutsua, pentsaera eta estiloa.

Saiakera turistikoen edo bidaietakoen artean aipagarriak dira : Rome, Naples et Florence ( 1817, 1827), liburu hartan erabili zuen lehendabizikoz Stendhal ezizena ; Promenades dans Rome ( 1829, Ibiliak Erroman barrena), Memoires dun touriste (1838, Turista baten oroitzapenak) bere oroitzapenetan eta bai Frantzian, Alemanian, eta Holandan barrena egin zituen bidaietan oinarritua.

Liburu horietan Stendhalek paisajeen deskribapenak, lurralde bakoitzaren bizimoduari buruzko gogoetak, historiari eta politikari buruzko zertzeladak, eta bere sentipenak nahasi zituen. Literaturaz Racine et Shakespeare saiakera idatzi zuen, erromantizismoaren manifestutzat hartu izan dena.

Badira beste hiru saiakera pertsonalagoak eta batzuk autobiografikoak : De lamour (1822), Vie de Henri Brulard (1835-1836, Henri Brularden bizitza,), Souvenirs d'egotisme (1832, Egotismozko oroitzapenak), Correspondance (Gutunak). Liburu horietan Stendhal bere buruaren nobelagile gisa ari izan zen nolabait.

 

Nobelak eta kontakizunak

Le Rouge et le Noir (1931, Gorria eta Beltza), La Chartreuse de Parme (1838, Parorako kartujoen monasterioa) eta Lucien Leuwen (1834-1835, bukatugabea) dira Stendhalen hiru nobela nagusiak ; horiez gainera idatzi zituen Armance (1827), Le Rose et Le Vert (Arrosa eta Berdea) nobela bukatugabea ; L Abbesse de Castro (De Castro abadesa) nobela laburra edo ipuina eta Vittoria Accoramboni, Les Cenci, La Duchesse de Palliano kontakizunekin batera Stendhal hil geroztik liburu batean bildu zituztenak : Italiakokronikak. Beste kontakizun batzuk : Suora Scolastica, Trop de faveur tue, Le Chevalier de Saint-Ismier, Feder, Lamiel, horiek denak bukatugabeak.

Stendhalentzat nobela bide luze batean barrena dabilen ispilu bat zen. Erromantizismoarena zen ordea haren ispilua : irudi guztien artean bere garaiko giroa leialen ispilatzen zutenak aukeratu zituen. Stendhalen nobelek, Balzacenak bezala, garai jakin baten lekukotasuna ematen dute beraz : Errestaurazioko eta uztaileko monarkiaren erlijio eta politika gorabehera guztien aipua dakarte Stendhalen nobela guztiek. Bere nobeletako giro politiko estu eta mugatu horretan, Stendhalen pertsonaien aurreneko ezaugarria aginpidea iritsi nahia da. Pertsonaia nagusientzat, berriz, -Julien Sorel (Le Rouge et le Noir), Fabrizio del Dongo (La Chartreuse de Parme)- aginpidea eskuratzeko ahalegin hori nork bere nortasuna eratzeko bidearen aldi bat besterik ez da, itxurakeriarena eta hipokresiarena, alegia.

Horientzat, azkenean, benetako bizitza ez da nork bere bidea aurkitzea eta benetako maitasunaren lilura baizik, maitasunean aurkituko baitiote zentzua bizitzari.

Gizartearen bi alderdi elkarren kontrako ere nahiko garbi irudikatzen ditu Stendhalek : batetik, aristokratak, bere gainbeherari aurre egin edo gizarte modernora egokitu aukeratu beharrean daudenak; bestetik, gazte xumea, bizkorra, justizia eta aginpide goseak dagoena, lehenik gizartearen akusatzailea eta azkenik akusatua izango dena : Julien Sorel, adibidez. Zerbaitengatik dute, izan ere, duten garrantzia auziek eta espetxeek Stendhalen obran. Garrantzi handia dute apaizek ere ; batetik, apaizgoa lanbide soiltzat duten apaizak: makiabelikoak, zuriak eta lausengariak, botere-gose beti ; bestetik, apaiz zintzo, prestu eta gizatasunez beteak. Gizonezkoen ondoan, emakumezkoen pertsonaiek indar handia dute Stendhalen obran, eta bi talde nagusitan banatzen dira : emakume seduzitzaile eta oldar handikoak, eta haien aurrez aurre emakume goxo eta amatiarrak. Izan ere, Stendhalen heroiak nortasun handiko gizakiak dira, psikologiaren aldetik bene-benetako izateadutenak, askotan fikziozko pertsonaiak direla ere ahaztarazten diotenak irakurleari.

Teknikaren aldetik, Stendhalek irakurlea liluratzeko eta bere kontakizunera erakartzeko ahalmen handia du. Sentimenduen, maitasun-grinen eta azpijokoen tirabirak kontatuz, pertsonaien barne bilakaera da haren narrazioen ardatz nagusia, kontakizunaren lasterrean isurtzen baititu bizibizi bere pertsonaien pentsamenduak, asmoak, sentimenduak eta grinak, erromantizismoari bete-betean dagokion eran. Hirugarren pertsonan idatziak badira ere, irakurlea protagonistarekin batera dabil haren kanpoko eta barneko munduan barrena ; beren egintzen eta erreakzioen bidez, pertsonaia horiek bere burua ezagutzen dute azkenik, azterketaren bidez beren barne kontzientziaren erabidean daramatela irakurlea bera. Stendhalen idazkerari berezkotasuna dario, berak aholkatua zion beste norbaiti nork bere buruari hitz egiten dion bezala behar zela idatzi. Azken finean, Stendhalek nonahi eta noiznahi gizadiak izan dituen eta dituen nahiak eta kezkak kontatzen baititu : nork bere nortasunaren bilaketa, zoriona iritsi nahia, eta, ustekabean, maitasunaren bidez zoriona aurkitzea.

 

Stendhalen eragina

Stendhal bera bizi zela haren nobela nagusiek ez zuten harrera txarra izan, baina ez egileak nahi bezalakoa ; nolanahi ere, Stendhal ondo jabetuta zegoen bera hil ondoren izango zuela bere obrak ustez merezi zuen arrakasta handia, eta hala esan ere zuen 1880 arte ez zirela irakurleak eta kritikoak bere obra ederresteko gauza izango . Nolanahi ere, Balzacek artikulu bikain bat argitaratu zuen 1840an La Chartreuse de Parme-ri buruz, Victor Hugok ordea Stendhalen idazkera kritikatu zuen. Taine-k «XIX. mendeko psikologorik handiena» izendatu zuen Stendhal ; 1881n Zolak Stendhalen estiloaren hainbat alderdi aztertu zituen.

1882an Paul Bourget-ek goraipamenezko artikulu ospetsu bat eskaini zion Stendhali, eta harrezkero ugaritu egin ziren haren liburuen argitarapenak eta hari buruzko saioak eta kritikak. Idazle asko izan dira Stendhalen miresle : Radiguet, Giono, T. di Lampedusa, Louis Aragon, Roger Vaillard, Andre Gide... Stendhal Club bat ere sortu izan da geroztik, hari eskainitako aldizkari bat argitaratzen duena : Revue des Etudes Stendhaliennes . XIX. mendearen ispilu izanagatik, haren obrak ez du gaurkotasunik galdu, eta hizkuntza askotara itzulita ari dira haren liburuak etengabe argitaratzen, gutxi izan baitira hark bezala irudimenezko mundu baten bidez eta fikzioaren indarraz irakurlea liluratzea lortu dutenak.