Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Johann W. von Goethe (1749-1832)

Johann Wolfgang von Goethe, bereganatu zuen ezagutzaren zabaltasunagatik eta ugaritasunagatik, eta poeta eta eleberrigile gisa zituen dohainengatik, Berpizkundeko jeinu handienekin pareka daitekeena, Frankfurt am Main hirian jaio zen, 1749ko abuztuaren 28an. Kontseilari inperial baten familia burges batean hazi zen eta txikitatik hizkuntzak ikasteko eta idazteko dohain handiak zituela erakutsi zuen. Hamasei urterekin zuzenbide ikasketak egiten hasi zen Leipzigen. Hartu-eman handiko urteak izan ziren haiek, bai gizarte arloan bai kultur arloan ; medikuntzarako eta arte figuratiboetarako zaletasuna piztu zitzaion eta bertso anakreontetarrak idazten hasi zen, lizunak eta arinak (Das Buch Annette, Annetteren liburua) . Amodio harreman bat hautsi eta eritasun larri bat igaro ondoren, pietismoaren erlijio girora hurbildu zen eta alkimia eta esoterismoko liburuak irakurtzen hasi zen.

1770ean Estrasburgora joan zen ikasketak amaitzera. Han arte gotikoa eta Shakespeareren lanak ezagutu zituen, Johann Gottfried Herder (1744-1803) idazlearekin zuen adiskidantzaren bitartez, eta Friederike Brionekin maitemindu zen, Sesenheimgo artzain protestantearen buruaren alabarekin. Maitasun harreman haren pozak eta tirabirek aldi hartako poema liriko ederrenetako batzuk inspiratu zizkioten. 1771n Gotzvon Berlinchingen dramaren lehenengo bertsioa idatzi zuen : erreformaren garaiko zaldun baten kondaira. Garai hartakoak dira, baita ere, sekula burutu ez zituen Prometeo eta Mahoma dramen zati lirikoak. Goetheren une "titaniko" hura erritmo askeko ereserkietan antzeman zen. Horien artean aipagarria da Bidaiariaren zikloa deitua (1772- 1774). 1771ko maiatzetik irailera Wetzlar-en izan zen legelari gisa. Han J.Ch. Kestner-en andregaia zen Charlotte Buff-ekin maitemindu zen. Frankfurtera itzuli zen eta gutun bidezko eleberri bat idatzi zuen maitasun beteezin hura gaitzat hartuta : Die Leiden des jungen Werther ( 1774, Werther gaztearenzoritzagaitzak). Obra horrek ospe handia eman zion, baita Alemaniatik kanpo ere, eta eskandalu handia sortu zuen aldi berean.

Hori dela eta, Goethe Alemaniako idazle inportanteena bilakatu zen. Garai hartan Klopstock, Lavater eta Jacobi anaiak ezagutu zituen eta Swendenborg-en mistizismora eta Spinozarengana hurbildu zen.

Beste amodio batean oinarrituta (Lili Schonemann) zenbait poema liriko eta bi drama idatzi zituen : Clavijo eta Stella ; lehenengoa senargaien fideltasunari buruzkoa, eta bigarrena "ezkontza bikoitzen" auzia gaitzat hartuta. 1775ean Suitzara joan zen Stolberg anaiekin eta Gottardoraino iritsi zen (Italia), Alpeez haraindiko herrialdeak erakarrita . Frankfurtera itzuli zen gero eta Lili Schonemannekin harremanak eten zituen.

 

Weimarko lehenengo hamarraldia (1775-178G) eta Italiako bidaia

Urrian, Weimarko dukeak, Karl Augustek, hemezortzi urte zituela, haren irakasle izateko lanpostua eskaini zion eta Goethek onartu egin zuen. Garai hartan Faustori buruzko drama bat zerabilen esku artean, urte batzuk lehenago idatzia, eta abenduan gorteko damen aurrean irakurri zuen : Urfaust izeneko obra zen, Sturm ung Drang higikundearen -1770-1785 bitartean Alemanian loratu zen literatur eta kultur higikundea- lanik inportanteena. Gutxi gorabehera behin-betiko Fausto-ren -Goetheren obra nagusiaren- lehenengo parteari zegokion : magoaren drama eta Margaritaren trajedia, hizkuntza gogor dardarati batean idatzita, hitz lauzko agerraldietan batez ere, nahiz eta gero, bertsotara aldatuta, bestelako armonia baten hila, asko arindu zen.

Weimarren egon zen urteetan berritzaile eta antolatzaile lanak egin zituen eta hiria Alemaniako kultura gune nagusia bilakatu zen : Herder, Wieland, Schiller, han kokatu ziren bizitzen. Goethek, bestalde, zientzien ikasketan murgildu zen, eta mineralogia, botanika eta batez ere optika landu zituen. Weimarren harreman sakona izan zuen Charlotte von Steinekin : eskutitz gogoangarriak idatzi zizkioten elkarri : Goethe arduratu zen haren semearen heziketaz, eta bere poesia ederrenetako batzuk eskaini zizkion. Urte haietan Fausto idazten segitu zuen, Meister-en lehenengo bertsioa idatzi zuen : Wilhelm Meisters theatralischje Sendung, (Wilhelm Meisteren antzerkirako bokazioa, mende bete geroago Urfaust bezala argitaratua) ; ospe handiko bi balada moldatu zituen : Der Fischer (1778, Arrantzalea) eta Erlkonig (1782, Elfoen erregea) ; eta baita zenbait ereserki ere : Grenzen derMenscheit (1778, Gizakiaren mugak) eta Das Gottliche (1783, Jainkozkoa).

1786an, bat-batean, Weimartik eta Charlotterengandik "ihes eginda" eta beste izen bat hartuta, aspaldi amestu zuen bidaia egin zuen Italiara. 1788ko ekainaren l8an itzuliko zen Weimar-era. Erroman egin zituen bi egonaldiak eta Siziliarainoko bidea, handik berrogei urtera argitaratutako Italienische Reise (1828, Italiara Bidaia) liburuan mamituko zirenak, garrantzi handikoak izan ziren Goetheren bizitzan, zentzumenen askapen eta espiritu "klasikoaren" aurkikuntza halako bat edo. Oso urte oparoak izan zituen literatur produkzioari dagokionez, eta bere Fausto-ren zenbait agerraldiz gainera, Romische Elegien idatzi zuen (1789, Erromatar elegiak), sentiberatasun handi eta sarritan ironiko batekoa (Venezian lau hilabete igaro ondoren, Venetianische Epigramme edo Veneziako epigramak-eko sarkasmoak eta lizunkeria alaiak erantsi zizkiona), eta Iphigenie auf Tauris (1787, Ifigenia Tauride-n) bertsotan jarri zuen, hitz lauz idatzi ondoren. Drama hau Goetheren obra osoaren gailurretako bat da.

 

Weimarrera itzuli ondoko aldia, heldutasun aldia

Weimarrera itzuli zenean krisialdi bat hasi zen Goethek gortearekin eta gizartearekin izandako harremanetan, baina aldi berean lankidetza eta adiskidantza handiko aldi bat hasi zuen Schillerrekin. Garai hartako gustuak eta modak ez zuten haren "klasizismo" herria onartu. Goethek fisikan eta izadi jakintzetan sakontzen jarraitu zuen eta goi mailako gizartea eskandalizatu zuen Christiane Vulpius lore saltzaile gaztearekin bizitzen hasteagatik (1806an ezkondu ziren) . Bien bitartean, bi drama bukatu zituen, hamabost urte lehenagoko Werther haren pasioa alde batera utzita : Torquato Tasso, bertsotan, eta Egmont, hitz lauz, espainiarren eta flandriarren arteko borrokan oinarritua. Azkeneko obra horrek badu antzekotasunik Gotz von Berlinchingenekin, baina gatazka politikoa errealismo handiagoz inidikatuta dago, egia poetikoez beteagoa dago, eta historiaren halabeharreko dramatikotasunaren zentzua zorrotzagoa da. Garai hartan Goethe oso kezkatuta zegoen Frantziako Iraultza zela eta ; bortxa askatzailea ez baina desordenaren esku hartze anarkikoa eta irrazionala ikusten zuen hark hartan. 1792an Weimarko dukeari jarraitu zion frantsesen kontrako ekinaldian, eta Valmyko guduan izan zen. Hurrengourteetan iraultzaren kontrako komedia hala moduzko batzuk idatzi zituen, eta alegia bat, Unterhaltungen deutscherAusgewanderten (Alemaniar emigratuen entretenimenduak), ipuin bat, Das Mdrchen (Alegia), eta Erdi Aroko bestiario baten bertsioa hexametrotan, Reineke Fuchs (1794, Reineke azeria). 1795- 1796 bitartean Meister-en bigarren idazketa burutu zuen (Wilhelm Meisters Lehrjahre, Wilhelm Meister-en ikasketa urteak). Eleberri horretan XVIII. mendeko Alemaniako bizitza, ohiturak eta patua laburtzen dira, pertsonaia errealista eta egoera sinbolikoen bidez, baina batez ere gizakiaren zoriaren interpretazio modu bat proposatzen da.

Urte haietan era askotako lanak idatzi zituen : epigrama eztabaidagarri gogorrak (Xenien, Schillerrekin batera), artikuluak eta saiakerak Die Propylden aldizkarian, Hermman und Dorothea idilioa hexametrotan (1797, Herman eta Dorotea), pasarte epikoak (Achilleis) eta lirikoak (Metamorphose der Tiere, 1799, Animalien metamorfosia), dramak (Die natiirliche 7ochter, 1802, Alaba naturala; Pandora, 1808), eta alegiak (Baladak, 1812-1816, eta Ipuinak, 1828), baina batez ere, Fausto lantzen jarraitu zuen: lehenengo partea, behin betikoa, 1808an argitaratu zen.

 

Azkeneko urteak

Hurrengo urteetan harreman gehiago izan zuen bere garaiko kultur gizon handienekin, haina, bestalde, gero eta urrunago sentitu zen belaunaldi erromantiko berriengandik . Schiller hil ondoren (1805), deslilura eta atzera aldi bat hasi zen. Europan haren ospea urtez urte zabalduz zihoan bitartean, eta kultura ingelesa, frantsesa eta italiarrarekiko interesa handitzen, bere herrialdean gero eta bakartuago sentitzen zen.

Garai hartakoa du Die Wahlverandtschaften eleberria : XVIII. mendean oso harrera ona izaten zuen gai batean oinarri hartuta -maitasun harreman zintzoago baten bila alferrik aritzen diren bi bikoteena-, gizarte aristokratikoaren bukaeraren eta gizartearentzako ekintza onuragarrien ezintasunaren irudi atsekabetua eraiki zuen. Hurrengo urteetan, Marianne von Willemer-ekiko harremanek eta sortaldeko poesiaren azterketa sakonak eraginda, WestostlicherDivan idatzi zuen (1814-1819, Sartaldeko-sortaldeko diwana) : poesia kosmikoa eta erotikoa, gnomikoa eta mistikoa, sentimenduak anbiguotasunez eta mozorrotuta agertzen dituena, berari gustatzen zitzaion bezala.

Garai hartakoa da, baita ere, Aus meinem Leben. Dichtung und Wahrehit autobiografia (Nire bizitzaz. Poesia eta egia), berarenhaurtzaroa eta gaztaroa hartzen duena. Bien bitartean Meister-en bigarren partea (Wilhelm Meisters Wanderjahre, Wilhelm Meisterren erromes urteak) idazten jarraitzen zuen. Ia hogeita hamar urte pasa zituen obra hori moldatzen, guztien onak norberaren zoriontasunari uko egitea zor duela gai hartuta. Obra horretan, xehetasun handiz deskribatzen duen "probintzia pedagogiko" batean, Goethek bere utopia soziala deskribatu zuen, industrializazioak eta kolonialismoak zekartzaten arazoetan arreta jarrita, baina, aldi berean, guztiz ezkor agertu zen gizakiaren existentziaren aurrean. Goethe 1832ko martxoaren 22an hil zen, Weimarren, bere bizitzako obra nagusia, Faustoren bigarren partea, bukatu berria zuela.

Goetheren obra hain da zabala, konplexua eta bikaina ezen ez baita harritzekoa bere garaiko kultura burgesak (eta oraindik gehiago ondoren etorri zen germaniar nazionalismoak) erdijainko orojakiletzat hartu izana eta aldi berean beste askok etsaitzat hartu izana. Erromantizismoaren maisua izan zen Europan, eta gero klasizismora jo izana ulergaitza gertatu zen erlijio giro tradizionalarentzat eta XIX. mendeko lehenengo hogei urteko erromantikoentzat eta neokatolikoentzat.