Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Jean Jacques Rousseau (1712-1778)

Jean Jacques Rousseau XVIII. mendeko frantses idazlerik ospetsuenetako bat da, bai era askotako obrak idatzi zituelako, bai landu zituen gaien garrantziagatik eta gaurkotasunagatik, eta bai sortu zuen eztabaida handiagatik, kontraesanez betetako autorea izan baitzen, eta bere garaian iskanbila handiak izan zituena. Bere burua baztertutzat zeukan, batez ere Voltaireren eta Dideroten aldean, zeren bi horiek garai batean esetsiak izan baziren ere eta haien obra ere aldez zentsuratua, azkenerako harrera ezin hobea izan baitzuten bere garaiko kulturan eta gizartean.<br><br>Rousseau atzerrian jaio zen, Suitzan, frantses hizkuntzaren ekialdeko mugan, eta herrialde protestante batean gainera . Atzerritar eta baztertu sentitze hark estutasun handiak sortu zizkion Rousseauri bere bizitza osoan, nahiz inoiz esana zuen harro zegoela erregearen mendekoen Frantzia hartan atzerriko hiritar izateaz.<br><br>

 

Kideen artean arrotz

Jean Jacques Rousseau Genevan jaio zen 1712an. 12 urterekin lanean hasi behar izan zuen, aitak alde egin baitzuen justiziatik ihesi. Jean Jacques Rousseau ere Suitzatik joan zen, eta alderrai ibili zen bizitza osoan, han-hemen egonaldi luzeak egin bazituen ere, batez ere Frantzian. Savoian hartu zuen bizilekua Madame de Wares-en gerizpean, katoliko egin zen, eta Warens andrearen maitale izan aurretik lanbide askotan jardun behar izan zuen : morroi, idazkari, musika irakasle...

Warens andrearekikoak egin ondoren, Savoiatik alde egin zuen Rousseauk ; Parisen hartu zuen bizilekua, han Diderot eta heste filosofo batzuk ezagutu zituen, eta Parisko literatura giroetan sartzen saiatu zen.

Venezian egonaldi labur bat egin ondoren, frantses enbaxadorearen idazkari gisa, Parisa itzulirik opera bat estreinatu zuen, Les Muses galantes (1745, Musa adeitsuak), Rameauk, garai hartako musikari ospetsuenetako batek, gogor kritikatu zuena, zaputz handia eginik Rousseauri, Rameauk lagundu egingo ziola uste baitzuen hark.

Nolanahi ere, ordurako Rousseauk sona handia zuen musikaren alorrean, eta Entziklopediako argitaratzaileek musikari buruzko artikulu batzuk eskatu zizkioten, gerora egingo zuen Musika Hiztegia-ren oinarri izan zirenak.

1750ean halako ospea izan zuen Parisko giro sozial eta literarioetan Dijoneko Akademiak bere lan bat saritu ziolako : Discours sur les sciences et les arts (Zientziei eta arteari buruzko hitzaldia), zientzien eta arteen indarberritzeak ohiturak garbitzen lagundu ote zuen galderari erantzuten ziona . Garai hartan hasi zen Therese Levasseur-ekin harremanetan, bost seme-alaba izan zituen harekin, haina umezurtzen etxean utzi zituen. Auzi hori ez dago batere garbi, baina, kontuak kontu, filosofoekeraso gogorrak egin zizkioten horregatik Rousseauri, eta hari ere atsekabe handiak sortu omen zizkion horrek bere bizitzan.

1752an Rousseauren Devin de village (Herri txikiko aztia) opera antzeztu zen Versallesen eta Narcisse komedia Parisen.

Musikari buruz zituen ideiak Lettre sur la musique francaise (1753, Frantses musikari buruzko gutuna) obran adierazi zituen.

Rousseauk ez zuen baliatu nahi izan musikako lan haiek eman zioten ospea.

1759an Genevara itzuli zen, eta katolizismoa arnegatu zuen. Frantziara itzuli zen, eta han Dijoneko Akademiara aurkeztua zuen lana, oraingoan saritu ez ziotena, argitaratu zuen : Discours sur l'origine de l'inegalite (1755, Hitzaldia desberdintasunarenjatorriari buruz). Orduan hasi ziren baita ere filosofoekiko liskarrak, harik eta 1758an erabateko haustura etorri zen arte, eta harrezkero erasoa hesterik ez zuen izan haiengandik, Voltairerengandik batez ere. Estutasun horiez gainera, makal zebilen osasunez eta eskas diruz.

1761ean argitaratu zuen bere nobelarik ospetsuenetako bat, La Nouvelle Heloise (Heloise berria), arrakasta handia izan zuena, baina hurrengo urtean Parisko parlamentuak bere bi hurrengo liburuak debekatu zizkion -Emile eta Le Contrat social (Gizarte hitzarmena)-, eta hura atxilotzeko agindua eman zuen ; Rousseauk ihes egin zuen, eta Suitzan hartu zuen geriza, aurrena Bernan, baina agintariek handik ere bota zuten, eta gero Neuchatelen, Prusiako erregearen mendean baitzegoen. Han erantzun gogorrak idatzi zizkien bere aurkariei : Lettre a Monsieur de Beaumont (Gutuna Beaumont jaunari), Parisko apezpikuak egin zizkion salaketei erantzunez, eta Lettres ecrites de la montagne (Menditik idatzitako gutunak), Genevan zituen aurkariei eginiko erantzuna.1766an Rousseau Ingalaterrara joan zen, David Humek gonbidaturik, nahiz gerora honekin ere liskarrak izango zituen. Ordurako filosofoek eraso gogorrak eginak zizkioten, Voltairek bereziki Le Sentiment des citoyens (Hiritarren sentimendua) idazlanean . Handik gutxira Frantziara itzuli zen, hara-hona ibili zen alderrai, eta izena ere aldatu zuen ; Lyonen eta Grenoblen bizi izan zen, eta azkenean Parisen hartu zuen berriz bizilekua (1770). Aldi hartan Dictionnaire de la musique (1767, Musika hiztegia) argitaratu zuen, Pygmalion haren antzezlan lirikoa edo melodrama arrakastahandiz antzeztu zen -1762an sortua zen-, eta Les Confessions (Aitorkizunak) idatzi zuen.

Rousseauk behartasunean eman zituen bere azken urteak, partiturak kopiatzen eta bere azken idazlanak ontzen, Reveries du promeneur solitaire (Ibiltari bakartiaren lilurazko ametsak) besteak beste. 1778ko uztailaren lan hil zen, Ermenonville-n, Parisetik hurbil ; egun batzuk lehentxeago hila zen, maiatzaren 30ean, Voltaire, haren etsai handia.

Rousseauren lan batzuk, biografia kutsua zutenak batez ere, hura hil ondoren argitaratu ziren. Hala, Dialogues ou Rousseau juge de Jean Jacques (Elkarrizketak edo Rousseau Jean Jacquesen epaile) 1780 eta 1782 bitartean eman ziren argitara, eta Les Confessions (Aitorkizunak) bi liburukitan argitaratu ziren, 1782an eta 1789an. 1789ko Iraultzak erabateko goraipamena eta laudorioa ekarri zion Rousseauri, haren errautsak Panteonera eramateko antolatu zen segizioak jendetza ikaragarria bildu zuen haren omenez.

 

Emile : ume izatetik hiritar izatera

Liburu horretan Rousseauk hiritar bihurtuko den ume baten heziketaz dihardu.

Gizona hobetu daitekeelako ustea da liburu honen oinarria. Jaiotzerakoan, gizona ez da ezer, eta gerora izango den guztia bilakaera baten ondorio da. Umea aldi berean hazten da gorputzez eta adimenez : hasieran sentipenak besterik ez ditu, gero sentimenezko arrazoiaz baliatzen da, eta adimenezko arrazoiaz, eta, azkenik, kontzientzia moralaz jabetzen da.

Rousseauk beraz heziketa metodo bat landu zuen liburu horretan, inguruak gizonengan duen eragin handian oinarritua.

Bitartekorik gabeko heziketa proposatu zuen alegia. Umeak berez eta bere baitan aurkituko du dena, eta maisua gehiago izango da begirale irakasle baino, ez dio umeari irakasbiderik emango, berez aurkiaraziko dizkio ordea. Maisuak bi zeregin nagusi izango ditu : naturari egiten utzi, batetik, eta umearen bihotza biziotik eta haren adimena aurreiritzitik begiratu, bestetik.

Umearen barne askatasuna errespetatu beharra da Rousseauren pedagogia guztiaren oinarria. Eta zoriona da liburu honen beste alderdi nagusia. Rousseaurentzat, umearen heziketak zoriontsua behar du, umea ume baita eta ez egiteko bidean den pertsona heldu bat. Bi ardatz ditu beraz Rousseauren proiektuak : zoriona eta askatasuna, lehena La Nouvelle Heloise-n eta bigarrena Contrat social-en landua.

 

Heloise Berria : bertutea eta zoriona

Liburu honetan Rousseauk gizarte txiki baten bizitza ideala irudikatu zuen, nobela baten tankera emanez. Familia baten antolamendua moldatu zuen -gurasoak, seme-alabak, morroi-neskameak, gainerako senideak, adiskideak naturaren irakasbideen arabera bizi zena, baina natura hura ez zen basa, kulturak eta arrazoiak ernaldua baizik. Itxurakeria, hipokrisia, harrokeria, bekaizkeria eta azpikeria ezin onartuzkoak ziren giro hartan, gardentasunaren, kidetasunaren, xalotasunaren eta garbitasunaren mesedetan.

Harrigarri hura nola zen posible? Zein printzipiotan zegoen oinarritua elkarkidetasunezko gizarte hura? Eliseoa, Greziako eta Erromako mitologian heroi eta bertutetsuen arimak hil ondoren biltzen diren lekua zen harmonia haren sinboloa. Hortaz, sinbolo horri jarraiturik, grinak, bihozkadak, orekatuak behar dute, arrazoiaren bidez araztuak. Hala bada, La Nouvelle Heloise-k bi maitaleren bilakaera morala kontatzen du : Juliek eta Saint-Preux-ek beren grina sutsuari uko egin behar diote arrazoi moralengatik ; oinaze ezin handiagotan egonagatik, beren maitasun grinari nagusituko zaizkio azkenik. Zentzumenen dei suharra menderaturik, beren kontzientziekin bakean baina beren maitasun grinari leial, elkarrekin biziko dira Julieren senarraren babespean. Bertutea eta zoriona elkar harturik daude alderdi askotako nobela honetan. Bertutea eta zoriona orobat dira familiartearen eta haurren heziketaren ardatz nagusiak. Eta gizarte txiki horretako bizitza ordenatua eta zoriontsua hiri handietako bizitza gaiztakeriaz, esklabotasunez eta zorigaitzez beteari kontrajartzen zaio.

 

Legea eta hitzarmena

Zuzenbide politikoa sortzea izan zen Rousseauren anbizio nagusia ; beraz, ez zuen zuzenbidea zer zen deskribatu nahi, aitzitik, zuzenbideak zer izan behar zuen bilatu nahi zuen, edo, bestela esanda, gizarte eta aginpide zilegi baten oinarriak jartzea erabaki zuen. Gizabanako bakoitzari segurtasuna -gizabanakoaren bizitzako zoriona segurtasuna zen Rousseaurentzat gizarte bizitzan- ziurtatuko zion elkartze mota bat bilatu nahi zuen, aldi berean gizabanakoaren askatasuna ere ziurtatuko zuena. Hobbesen eta Lockeren filosofiaren kezka nagusiak bildu zituen hala.Rousseauk berezko pribilejioen edo indartsuenaren legean oinarritutako aginpide oro ukatzen zuen. Harentzat aginte zilegiak giza taldeen arteko hitzarmenetik sortua behar zuen, elkartasunezko hitzarmena zen beraz eta ez mendetasunezkoa. Herria ez da bakarrik burujabetzaren sorburua, burujabetzaren erabiltzaile eta egile da. Gizabanako oro hiritarra da baita ere, eta eskubide orori betebehar bat dagokio : Norberak bere burua eta bere ahal guztia guztien borondatearen gidaritza gailenaren pean jarri beharra dauka».

Segurtasuna -gizarte ordena, gizartearen zoriona- eta askatasuna izan ziren Rousseauren doktrinaren bi ardatz nagusiak ; eta bi ardatz horiek giltzarri batean oinarriturik zeuden : berdintasuna. Demokraziaren aitzindaritzat hartu izan du askok Rousseau, nahiz batzuek haren ideiei absolutismoaren zantzuak sumatu zizkieten.