Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Literatura Unibertsala»Idazle hautatuak

Denis Diderot (1713-1784)

 

Garai berri baten aitzindari (1713-1753)

Diderot Frantziako Iraultza bezperako aldian bizi izan zen, aldaketa handi hura isilean mamitzen ari zen garaian, ez baitzen iraultza hura agintea aristokraziatik burgesiara eskualdatze hutsa izan, mundu klasikoaren amaiera baizik. Aldaketa haren oinarriak 1740tik 1780ra bitartean jarri ziren.

Denis Diderot 1713ko urriaren 5ean jaio zen Langres-en, erdi mailako labanagile baten semea zen, eta aitak eragin handia izan zuen harengan. Gizarte mailaz probintziako burgesiakoa zen beraz, baina gizarte feudal eta aristokratiko hartan ez zegoen gizarte mailan gora egiterik, bi bide jakinen bidez ez bazen. Bata elizgizon egitea zen, eta, hala, ikasketak jesuitekin egin ondoren, Diderot elizgizonen goi mailako kargu ondo ordainduak eskuratu ahal izateko hasi zen bere burua prestatzen.

Gizartean gora egiteko heste bidea arteena, zientziena eta letrena zen, gizaldi hark sortua zuen berrikuntzetako bat zen hura, pertsona ikasiarena, gaur egun intelektuala esaten zaiona. Ordu arte letra gizonek, artistek eta zientzialariek ez zuten eskurik izan agintearen barrunbeetan, haina XVIII. mendean, «Argien Mendea» esan zitzaion hartan, lortu zuen burgesiak ordu arte elizak gotorleku baten gisa beretua izan zuen alor batean esku hartzea, hezkuntzan hain zuzen, eta jende letraduna izan zen esku hartze haren aitzindaria, helburu garbi batekin : elizak gazteengan zuen eragin kaltegarria ezereztea, eta elizgizonen ondasun oinarri sendoenetako bat haiei kentzea.Jende ikasi hari entziklopedista esan zitzaien mende hartan, edo, beraiek beren buruei esaten zieten bezala, «filosofoak».

Diderotek, hamabost urterekin, alderdi laikotik gizartean arrakasta handiagoa izan zezakeela sumatu zuenean, elizaren bidea utzi eta Parisera abiatu zen, gizon ikasi eta ilustratuak ez baitzuen garai hartan aurrera egitetik hiriburuko giroan bizi ez bazen.

Ikasketa aldi hartan Diderot ez bakarrik aitaren borondatearen kontra bizi izan zen Parisen, bizimodua eskola pribatuak emanez atereaz, ezkondu ere egin baitzen aitari ezer esan gabe, herentziaz gabetu ez zezan . Errejimen Zaharrean aitaren aginpidea oso zorrotza zen, aginpide feudalaren antzerakoa ; aitaren borondatearen kontra ezkontzeak zigor ekonomikoa zekarkeen, horregatik zuhur jokatu behar izan zuen Diderotek.

Urte haietan eratu zen baita ere Entziklopedia sortzeko lanetan ariko zen lagun eta kide taldea. Denak burgesiako kumeak ziren, eta ondo jakinaren gainean zeuden ez zutela ordurako aristokraten babesaren premiarik, bezero berri bat agertu zelako : jendea, batzuek «gizadia» edo «herria- esaten ziotena. Parisko eta Frantziako beste hiri handi batzuetako burges, eskulangile, merkatari eta finantzari apalek osatzen zuten giza talde horrek ez zuen oraindik talde ezaugarri berezirik, eta prest zegoen heste giza taldetatik desberdinduko zuten liburu, margolan, antzerki, janzkera eta hizkerak erosteko.

Diderotek itzulpegintzan jardun zuen hasieran. Temple Stanyan-en Greziaren Historia (1743), Lord Shaftesbury-ren Merezimenduari eta bertuteari buruzko gogoeta (1745) eta Robert James-en Medikuntza hiztegi unibertsala (1746-1748) itzuli zituen ; alegia, gerora bere ibilbide filosofiko etaliterarioan garrantzi handia izango zuten gaiak. 1746an argitaratu zuen Diderotek bere lehen liburua, filosofiazko elkarrizketa bat, Pensees philosophiques (Pentsamendu filosofikoak), non arrazoia agerpenaren gainetik zegoela aldezten baitzuen ; liburu hura kondenatu eta bahitu egin zuten, eta, hortaz, arrakasta handia izan zuen berehala.

Deismoaren aldekoa izatea egotzi zioten, baina ideia berri eta ordu artekoen ukatzaileak aldarrikatu izanak asaldatu zituen gehienbat elizako agintariak : arrazoia jainkoari nagusitu beharra, eta ordu arte elizako morroiek monopolioan hartua zeukaten lekua intelektualek hartu beharra. Dideroten hasierako obra guztiak joera hartakoak ziren : De la suffisance de la religion naturelle (1747, Berezko erlijioaren nahikotasunaz), La promenade du sceptique (1747, Eszeptikoaren paseoa). Bi obra horiek ere berehala debekatu zituzten, eta zenbat eta debeku gehiago, orduan eta handiagoa zen egilearen ospea eta bere kideek aitortzen zioten itzala.

 

Entziklopedia

Argitaratzaile talde batek Ephrain Chambers-en Cyclopcedia itzultzea erabaki zuen.

Behar bezalako etxe burges batek eduki beharreko jakintzen hiztegia zen hura, eta Dideroti proposatu zioten lan hori egin zezan . Argitaratzaile haien harriduraz, Diderotek eskaintza ausart bat egin zien Europako jakintzen alor osoa errotik aldatukozuena, Entziklopedia, neurtu ezin ahalako eragina izan zuen lan mardula.

Diderotek hogeita bost urtez jardun zuen lan hartan, eta elizgizonen eta aristokraten erasoetatik babesteko, ez zuen beste ezer argitaratu bizi izan zen artean, bigarren mailako lantxo batzuk izan ezik ; beraz, bere garaikoentzat, Diderot < , Entziklopediaren gizona>~ besterik ez zen izan. Gutxik zekiten lan eskerga haren atzean Diderot garrantzi ezin handiagoa zuen obra literario eta filosofiko batean isilean aritua zela aldi berean.

Baina entziklopediaren garaiko hasiera hartan Diderotek bizpahiru lan handi argitaratu zituen. 1748an Les Bijoux indiscrets (Harribitxi mihi-luzeak), argumentu bitxi bat duena : emakumezkoen sexu atalak hizketan hasten dira halako batean, beren jabeen harriduraz, eta haiek besterik ez dakizkiten kontuak kontatzen dituzte. Hurrengo liburuarekin Dideroten estiloak heldutasuna iritsi zuen : Lettre sur les aveugles (1749, Itsuei buruzkogutuna), jaiotzez itsu izan eta geroztik ikusmena bihurtu zaienen buruan zer nolako prozesuak izaten diren aztertzeko aitzakia zientifikoaz, beste zerbaitetaz ari zen liburua ; Diderotek lan hartan aldezten zuenez, ideiak ez dira jaiotzetikoak, ez dira Jainkoak jaio berritan gizaki bakoitzari emandako dohaina, aitzitik, esperientziaren eta zentzumenen bitartez eratzen dira. Argudio hark eskandalu handia sortu zuen garai hartan, eta Diderot espetxean sartu zuten bolada baterako.

Diderotek lau hilabete egin zituen Vincenneseko espetxean, eta bolada luzea emango zuen han bere argitaratzaileek handik atera izan ez balute, haren askatasuna eskatu eta lortu baitzuten, esanez Dideroten lana behar-beharrezkoa zela Entziklopediak aurrera egin zezan, eta hura espetxean egonez gero hondoa joko zutela, mila eta bostehun harpidedun baitzituzten ordurako, diru sarrera bat ordaindua zutenak.

Baina Entziklopediaren estutasunak hasi besterik ez ziren egin ; jesuitak Entziklopediari oldartu zitzaizkion lehen liburukia atera orduko (1751), eta, 1752ko otsailean, bigarren liburukia agertzear zegoenean, obra hura debekatzea lortu zuten.

Debeku haren atzean gorteko alderdien arteko borroka zegoen. Madame de Pompadourrek, jesuiten alderdiaren etsaia, finantzen alorrean halako liberalismo baten sustatzailea eta erregearen maitalea baitzen, hitzarmen bat egin zuen jesuitekin : jesuita talde batek zentsuratuko zuen aurrerantzean Entziklopediaren liburuki bakoitza, eta Diderotek hitz eman zuen ez zuela Entziklopediak iraungo zuen bitartean beste ezer argitaratuko, ezta legez kanpo ere. Hortaz, Entziklopediaren hirugarren liburukia 1753an argitaratu zuten, eta Diderot ezkutuko idazle bihurtu zen.

 

Dideroten obra isila (1753-1761)

Argitaratzeko debekuak ordea alderdi bat utzi zuen ukitu gabe : antzerkia. Diderotek gogotik baliatu zuen bide hura eta hala literaturan garrantzi handia izango zuen alor bat jorratu zuen, drama burgesa.

Klase iraultzaile berri hura familiarteko gertaldi melodramatikoekin identifikatu zen, beren merezimendu, bertute eta moral laikoa adierazten baitzituen aristokraziaren eta eliza katolikoaren ustelkeriaren, zitalkeriaren eta moralik ezaren aurrean.

Zapalketa politikoa garbi adierazi ezinez, Diderotek familiartean kokatu zituen monarkia absolutuak sortzen zituen estutasunak .

1760tik 1770era bitartean sortu zituen Diderotek bere ezkutuko maisulanak. Lehena, La Religieuse (Lekaimea), nobela bikaina, 1796 arte, Diderot hil eta handik hamabi urte arte, inork irakurtzerik izan ez zuena, lagun talde txiki batek izan ezik.

Erlijiozko zapalketaren eta eliza katolikoak bokazioez egiten duen erabilera hipokritaren aurkako eraso bortitz hura idazteko bidea bere arrebak bizi izan zuen trajediak eman zion, ursulinekin komentuan sartzera behartu baitzuten, eta eromenera eta heriotzara bultzatu. Liburu horretako gertaldiak indarkeriaz josiak daude, eta hain da egiantzekoa non gure garaian elizari higuin egiten baitio oraindik.

Hurrengo liburua, Le Neveu de Rameau (1761, Rameauren iloba) oso testu garrantzitsua da estiloaren aldetik ; ez da berez nobela bat, munduaren eta izatearen zentzuaz filosofo baten eta bufoi erdi ero baten arteko elkarrizketa luze bat baizik, baina azkenean inoren argudioak ez zaizkio besteari nagusitzen. Nihilismoaren aitzindari garbia izan zen liburu honek eragin handia izan zuen, Goetherengan eta Hegelengan, besteak beste.

Urte haietan Diderotek bete-betean ekin zien estetikari buruzko lanei ; hura izan zen aro modernoko artearen lehen filosofoa.

Txosten batzuk egin behar izan zituen Europako monarkientzat, Pariseko gertaera nagusiak deskribatuz eta aztertuz, eta horien artean, Salons zeriztenak, frantses monarkiak egiten zituen arte erakusketak.

Hartara, Diderotek, margolan haien berri eman beharrez, kritikarako metodo bat asmatu zuen, artearen kritikara sekulako iraultza ekarri zuena, eta Sur l'art de peindre (Pintatzeko arteari buruz) saiakeran bildua.

Gauza bera egin zuen bere garaiko literatura kritikan : Eloge de Richardson (1761, Richardsonen goraipamena).

 

Agintearen zerbitzuan (1761-1784)

Intelektual haiek ospe handia izan zuten azkenean nazioartean, eta garai hartako handiki jendeak propaganda gisa erabili zituen ; hala, intelektual gehienek aholkulari, laguntzaile edo aditu gisa jardun zuten nobleen eta errege-erreginen zerbitzuan.

Diderotek Errusiako Katalina enperatrizaren zerbitzura lan egin zuen. 1762an, eta bere alabari munta handiko ezkonsaria eman nahian, Diderotek salgai jarri zuen bere liburutegia, Katalina II.ak erosi zion, baina ez omen zuen Diderot hil arte eskuratuko .

Aldi berean, jesuitak, Dideroten etsaiak, Frantziatik bota zituzten ; Entziklopediaren hamar liburukiak argitara eman ziren azkenik . Diderotek eta bere kideek goia joa zuten beraz, bai omenez eta bai gizartean maila gorena iritsiz. Katalina ILak San Petersburgoko akademiko izendatu zuen Diderot .

Garai hartan Diderotek garrantzi handiko saiakerak idatzi zituen : Le Reve de D Alembert (1769, D Alernberten ametsa), Entretien d'un pere avec ses enfants (1772, Aita baten eta bere semeen arteko elkarrizketa), Les Deux amis de Bourbonne (1772, Bourbonneren bi adiskideak), Supplement du voyage de Bougainville (Bougainvilleren bidaiaren osagarria).

Katalina II.aren aginduz, Diderotek Hermitage museo ospetsuko margolanak aukeratu zituen : XVIII. mendeko europar pinturaren bildumarik bikainena. 1773an San Petersburgora joan behar izan zuen, hirurogei urterekin, Katalina Ilaren aholkulari eta gizarte berri bat antolatzeko asmoz eta itxaropenez . Baina proiektuak eta txostenak idazten eman zituen bost hilabete luze, harik eta jaramonik egiten ez ziotela, gizarte hartan inongo berrikuntzarik sartzeko asmorik ez zegoela konturatu zen arte.

1774an Frantziara itzuli zen zapuztuta eta etsita. Osasun txarrez, idazten jarraitu zuen ; panfletoak batetik : Principes de politique des souverains (1774, Erregeen politikaren printzipioak), Obseruations sur le Nakaz (Nakaz-i buruzko oharrak), Entretien d'un philosophe avec la marechale de...

(Filosofo baten eta... ko mariskalaren arteko elkarrizketa). Nobela bat ere bai, garai hartako fikziozko lanik bikainenetako bat, Jacques le fataliste (Jacques fatalista) ; saiakerak : Essai sur Seneque (Senekari buruzko saiakera), Essai sur les regnes de Claude et de Neron (Klaudioren eta Neronen erresumei buruzko saiakera). Diderot 1784ko uztailaren 30ean hil zen.